Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien 2022ko edizioan garaile izan diren lanak honakoak izan dira:
Lehen saria (2.000 €)
Izenburua: Elkarrekintzaren eragina euskararen erabileran: lehen pistak Ipar Euskal Herriko ikastoletan
Egilea: Xan Aire
Laburpena: Artikulu honek, Ipar Euskal Herriko testuinguru erdaldunean eraman lanketa kolektibo bezain intuitibo bati aztarna egituratu bat finkatu nahi dio, elkarrekintzak haurren artean euskararen erabilera ez formala eta espontaneoa areagotzeko korrelazioa hizpide nagusitzat hartuz. Lehen zatian, elkarrekintza eta euskararen erabilera lotzen aitzindari izan zen Uztaritzeko ikastolaren deskribapena egiten du. Hortik, bigarren zatian, ariketa konparatibo batetik, lehen pista orokorrak ateratzen saiatzen da, azken zatian lan-marko baten proposamena pausatzeko. Lan horrek balio izanen duelakoan ikastetxe gehiagotan esperimentatzeko, baita egoera hobetzen lagunduko duten ikerketa sakonagoak eramateko.
Epaimahaiaren iruzkinak: Lan iradokitzailea da eta norabide interesgarrian kokatua. Ongi harilkatutako kontakizuna egiten duen artikulua da. Esku hartze baten deskribapena egiten du eta oso ongi lotuta aurkezten ditu argudioak eta ondorioak. Zurkaitzaren rolari eta adin desberdineko ikasleen arteko harremanari arreta eskaintzea interesgarri ikusten da. Elkarrekintzak hizkuntza-erabilera duen eragina aztertuz, ikuspegi pedagogikoa eta soziolinguistikoa gurutzatzen ditu:; potentzial handiko esku-hartze ildoa da. Nabarmentzekoa da eskolatik bertatik eginda dagoela; ez dela kanpo begira, barne-begirada baizik.
Bigarren saria, ex aequo (1.300 €)
Izenburua: Gizarte elebidun bateko gazteen hizkuntza hautaketan eragiten duten faktoreen azterketa
Egilea: Iñaki Beristain Agirre
Laburpena: Hizkuntza bat baino gehiago presente dauden gizarteak nagusi dira. Hizkuntzak bata bestearekin harremanetan daude, hizkuntza-komunitate berean bizi dira, eta gizakiok harreman hauetan sozializatuz ikasten dugu komunikatzen, hizketaren bitartez elkarri eragiten dioten sare sozialetan. Antropologia lan honetan datu esanguratsuak aurkezten dira Orio (Gipuzkoa) udalerriko gazteek hizkuntzekin (batez ere, euskararekin eta gaztelaniarekin) zein harreman mota sortzen dituzten ulertzeko, euren sare soziala eta hizkuntza-komunitatea nola konfiguratzen eta eraldatzen dituzten ulertzeko, eta hizkuntza hautaketan zein faktorek eragiten duten ulertzeko.
Epaimahaiaren iruzkinak: Lanak eskema akademikoa jarraitzen du, oso modu zuzen eta ordenatuan. Iritziak eta lekukotzak ondo tartekatuta daude azterketaren kontakizunean. Familiatik euskaldundutakoak eta euskara eskolan ikasitakoen azterketa interesgarria da. Beste artikulu eta ikerlan batzuetan agertutako ondorioekin bat egiten du lanak.
Bigarren saria, ex aequo (1.300 €)
Izenburua: Tolosaldeko ikasle eusleak
Egilea: Imanol Artola Arretxe
Laburpena: Tolosaldeko gazteen artean nagusiki euskaraz hitz egiten bada ere, azken urteetan erdalduntzen ari dela-eta dezenteko kezka dago eskola-komunitatean. Hori horrela izanik, Aldahitz Ikerketak lantokietarako prestatutako metodologia moldatu da, eta DBHko ikasgeletan lau asteko proiektu bat jarri da martxan. Oraindik ere euskara nagusi den ikastetxeetan gela bakoitzean launa ikasle hautatu dira eskola eremuan dauden artean euskaraz egin dezaten, eusle izan daitezen. Lau asteko ekimen batek ez du ikastetxeko hizkuntza-erabilera errotik aldatzen, baina zenbait ikasleren kontzientzietan eragiteko balio ote lezake? Proiektuak non izango du onarpenik handiena, euskararen erabilera altuena duen ikastetxeetan, edo gaztelerarako joera handiagoa duten ikastetxeetan? Onarpenak bermatzen al du eusleak ariketa ongi egitea? Proiektuak zein tipologiatako ikastetxetan dauka eraginik handiena?
Epaimahaiaren iruzkinak: Ondo egituratutako eta ongi dokumentatutako lana da. Esku hartze aplikatu baten balorazio zientifikoa egiten du, ekintza eta hausnarketa lotuz. Balorazio errealista egiten du. Gazteak esku hartzean inplikatu izana nabarmentzen da. Genero ikuspegia ere kontuan hartu da lanean. Beste testuinguru soziolinguistikoetan erabilgarria izan daiteke.
Sari-emate ekitaldia
Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien Banaketa Ekitaldia 2022ko abenduaren 15ean izan zen Bilboko Bizkaia Aretoan.