Miguel Galiciak irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria
Miguel Galicia Lambarri filologo eta euskaltegiko irakasleak irabazi du 2019ko Hausnartu soziolinguistika saria euskara biziberritzeko plan eta proiektuen ebaluazioaren inguruko lanarekin. Bigarren saria Jon Fernandez kazetariarentzat izan da, Ondarroako nerabeen sare sozialetako hizkuntza-erabileraren azterketagatik. Hirugarren saria Xabier Madorranek jasoko du IKTek euskaran duten eraginari buruzko lanagatik.
TXILLARDEGI-HAUSNARTU SARIAK
2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikarekin ikerlarien lana bultzatzea eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea bilatzen da. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.
2019ko edizioan Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitateak lehiaketa elkarlanean antolatzen dutenetik, Txillardegi-Hausnartu izena hartu du deialdiak. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista omendu nahi da, besteak beste, unibertsitatetik euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.
SARI-BANAKETA EKITALDIA
Sarien XII. edizioa da 2019koa eta Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean antolatu duten lehena. Sari-emate ekitaldia Txillardegiri gorazarren egiteko eta UPV-EHUren Donostiako Carlos Santamaria Zentroan Txillardegi Aretoa inauguratzeko baliatu da. Bertan izan dira Txillardegiren familia, UPV-EHUko errektorea eta beste hainbat arduradun, Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria, Txillardegi Liburutegia elkarteko kideak eta Txillardegi-Hausnartu sarien babesle diren Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak. Eskertza eta gorazarre hitzak, sarien banaketa bera eta Garazi Goñiren piano emanaldia entzuteko aukera izan da ekitaldian.
SARITUAK
Soziolinguistika Klusterra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako SailburUodetza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzaren ordezkari banak osatzen dute epaimahaia eta hiru lan onenak hautatzen dituzte sarituak izateko. Aurtengo edizioan honakoak izan dira irabazleak:
Lehen saria: Miguel Galicia Lambarri. Ebaluazioa: euskararen aldeko ekimenen labirintoan orientatzeko gakoa
Euskara sustatzeko planen ebaluazioaren inguruko azterketa eta hausnarketa egin du lan honetan egileak, horretarako zenbait eskualdetako plan estrategiko eta bestelako hainbat proiektu oso hurbiletik aztertuz. Ekimen horiek ebaluatzeko irizpideak eta emaitzak miatuz, ebaluazio-molde horietan zer hobetua badagoela argudiatu eta proposamena ere egiten du.
Epaimahaiak sari honekin nabarmendu nahi izan du ikerketa honen gaiak duen interesa, bere aplikagarritasuna eta, batez ere, hausnarketa sustatzeko duen ahalmena, plan horietan inplikaturik dagoen edonor ukitzen duena. Aldi berean, oso positiboki baloratu du ebaluazioak egiteko irizpide kualitatiboen garrantzia azpimarratu izana, kuantitatiboari bere balioa murriztu gabe. Horrez gain, soziolinguistikaren ebaluaziotik harago, ebaluazio orokorrera igarotzeko izan duen abilezia ere nabarmendu du epaimahaiak.
Miguel Galicia Lambarri (Bilbo,1960) Euskal Filologoa da. Enkarterriko Udal Euskaltegian ari da lanean 1993 urteaz geroztik, irakasle eta zuzendari gisa, Bilbo Zaharreko Euskaltegian irakasle hainbat urte egin ondoren.
Ebaluazioa: euskararen aldeko ekimenen labirintoan orientatzeko gakoa
Miguel Galicia Lambarri
Bigarren saria: Jon Fernandez San Martin. Ondarroako nerabeen hizkuntza ohiturak sare sozialetan. Kode alternantzia eta erregistroak
Euskarak sare sozialetan duen pisua aztertu du Jon Fernandezek lan honetan, zehazki, Ondarroako 16 eta 18 urte bitarteko nerabeen Whatsapp eta Instagrameko jarduerak. Ikerketak erakutsi du bertako euskararen nagusitasuna handia dela, kaleko arau soziala ere bilakatuz, gutxienez, adin horretako biztanleen artean. Horrek ez ditu halere, sortzen ari diren gaztelania eta ingelesaren interferentziek sor ditzaketen kezkak edo egonezinak estaltzen.
Lan borobila da epaimahaiaren iritziz; oso ondo josia, laginak eta datuen lanketak zorrotz emanak eta hizkuntza desberdinen inguruko informazioa eskainiz gainera, esate baterako portugesarena edo arabierarena. Gainera, euskararentzat funtsezko bi puntu lotzen ditu: alde batetik, sare sozialak, gazteak eta Ondarroa hirukote oso interesgarria, eta bestalde, euskara, gazteak eta irudi modernoa. Beraz, oso lan interesgarria inondik ere.
Jon Fernandez San Martin (Ondarroa, 1986) kazetaria da Berria egunkarian 2011tik, nagusiki Ekonomia sailean. 2010etik 2015era bitartean La Vanguardia-ko ES-Estilos de Vida aldizkarian kolaboratzaile eta lehenago Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan ere kazetari-lanetan ibilitakoa.
Hirugarren saria: Xabier Madorrán de la Iglesia. Teknologia berriak eta hizkuntza gutxituak: IKT-en eragina euskaran
IKTak biztanleriaren bizitza eraldatzeaz gain hizkuntza gutxituengan eragin zuzen-zuzena izan dute. Ikerketa honetan euskara jazo dituen eragin positiboak eta negatiboak arakatu eta argitu nahi izan dira eta horren inguruko hausnarketa proposatu eta partekatu. Lana oso ondo baloratu da, gaiaren garrantziagatik, taxututako modu zorrotzagatik eta hausnarketarako eskaintzen dituen baliabideengatik.
Xabier Madorrán de la Iglesia (Gasteiz, 1996) lehen hezkuntzan graduatua da eta Orientazio eta Esku-hartze Psikopedagogiko masterra ere egin du CJC Unibertsitatean. Gaur egun bigarren hezkuntzako pedagogia terapeutikoko irakasle da Hegoalde Bigarren Heziketako Institutuan eta, lehenago, euskara irakasle modura aritu da Hegoalde euskaltegian, biak Gasteizen.