This section is only available in Basque See it

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren hamargarren edizioa Bilbon azaroaren 6an

Andras Kornai aditu hungariarra Bilbon izango da hizkuntzen bizitasun digitalaren giltzarriak azaltzeko. Denbora berezia eskainiko zaie euskarak esparru horretan dituen erronkei. Euskal soziolinguistikan gauzatzen ari diren beste proiektu batzuk bertatik bertara ezagutzeko eta parte hartzeko aukera izango da, esaterako Hausnartu sarien banaketan, parte-hartze bidezko tailerretan edota Soziolinguistika Klusterraren erakusleihoan. Bilboko Udala eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira edizio hau antolatzeko laguntzaileak. Gaur hasiko da izena emateko epea azaroaren 6an EHUko Bizkaia Aretoan egingo den Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren hamargarren edizioan parte hartu nahi dutenentzat.

 

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren hamargarren edizioa Bilbon egingo da azaroaren 6an EHUko Bizkaia Aretoan. Imanol Larrea, Soziolinguistika Klusterraren zuzendariak eta Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak aurkeztu dute jardunaldia.

Jardunaldiak aukera emango du euskararen biziberritzearen inguruan aurrera eramaten ari diren ikerketa, berrikuntza eta garapen proiektuak modu ezberdinetan ezagutu eta lantzeko. Parte hartu nahi dutenek gaur hasita eman dezakete izena soziolinguistika.eus/jardunaldia web orrian.

Hizkuntzen bizitasuna eta etorkizuna bermatzeko baldintzei dagokionez, berariazko ikuspegia behar du ingurune digitalak. Hizkuntza komunitate bakoitzak bere modura erantzun dio testuinguru berrietara egokitzeko etengabeko erronkari. Erantzun horien arabera beren bizitasuna indartu edo arriskuan jartzera heldu diren hizkuntzak daude munduan. Hala, jardunaldi honetan nazioarte mailako joera nagusien berri izateko aukera egongo da, arloaren ezagutza zuzena dutenen ahotik. Alde batetik, nazioarte mailan gaia ikertu eta lantzen duten aditu erreferentzialak izango dira; eta bestetik, euskararen kasua erarik sakonenean ezagutzen duten bertako eragileak.

Programa zenbait gairi buruzko eta era guztietako formatuetako saioek osatuko dute. Aurten gai bat gailenduko da: Hizkuntzen bilakaera ingurumen digitalean. Andras Kornai Doktorea (Budapest, 1957) mundu mailako erreferentzia da hizkuntzen bizitasun digitalari dagokionez. Munduko hizkuntzen gehiengo handia heriotza digitalaren arriskuan dagoela adierazi izan du eta hau saihesteko gakoak zeintzuk diren azalduko du bere hitzaldian. Ingelesez hitz egingo du Kornaik eta euskarara interpretazio zerbitzua eskuragai izango da behar dutenentzat.

Jarraian, lehen saio horri lotuta, euskararen inguruan lanean diharduten hainbat eragileren txanda izango da. Euskararen Aholku Batzordeko IKTen lantaldea, PuntuEUS Fundazioa, Euskal Wikilarien Elkartea, IXA taldea, Elhuyar Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea zein Udako Euskal Unibertsitatearen ikuspegiak ezagutzeko aukera izango da hamarna bat minutuko aurkezpenetan.

Jardunaldian izen emandakoen parte hartze zuzenerako tarte zabala ere eskainiko da egitarauan. Aldi berean gauzatuko diren 4 lantegi aurreikusten dira: hizkuntza erabilera bestelako faktore sozialekin nola erlazionatzen den aztertzera bideratua, lurralde bateko hizkuntza aniztasuna mapetara ekartzeari buruzkoa (Gipuzkoako kasuan oinarritua), herri mailan hizkuntzari lotutako aktibazioaren gakoei buruzkoa eta lehen orduko saioei segida emanez, euskarak ingurune digitalean dituen behar eta erronkei buruzkoa (Azkue Fundazioaren gidaritzapean). Lantegi hauek Euskal Soziolinguistika Jardunaldian bildutakoen ezagutza eta ikuspegi aniztasuna baliatzeko gune bezala planteatu dira. Elkarrekin sortu eta martxan dauden proiektuetan ekarpen kolektibo bat egiteko guneak izango dira.

Arratsaldean, lehen aldiz, Hausnartu Sarien banaketa Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren egitaraua txertatuko da. Bertan jakinaraziko dira lehen, bigarren eta hirugarren saridunak eta euren lanen laburpena jendaurrean aurkeztuko dute, primizian Hausnartu Sariak euskal soziolinguistika esparruko lanik onenak saritzen dituen lehiaketa da. Urtero, euskara eta gizartea gai hartzen dituzten ikerketa, azterketa eta hausnarketa lanak saritzen dira. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera: soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste

Arratsaldeko bigarren saioan Soziolinguistika Klusterra aurrera eramaten ari den zenbait proiektutatik ateratako hausnarketak, ideiak, tresnak eta ikasgaiak modu arinean aurkeztuko dira. Saioaren helburua da abian dauden proiektuen lagin txiki bat erakutsi eta hauen bidez eskuratzen diren emaitzak balioan jartzea.

Jardunaldian izena emateko epea zabalik da, azaroaren 2ra arte. 50 euroko prezioa du matrikula arruntak eta 40 euroko prezio murriztua ikasleentzat, langabetuentzat eta Klusterraren bazkideentzat.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN