This section is only available in Basque See it

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien artikuluak BAT 113 aldizkarian

Argitaratu berri da BAT soziolinguistika aldizkariaren 113 zenbakia,  2019ko Txillardegi-Hausnartu lehiaketan sarituriko lanekin osatutako monografikoa.

Argitaratu berri da BAT soziolinguistika aldizkariaren 113 zenbakia,  2019ko Txillardegi-Hausnartu lehiaketan sarituriko lanekin osatutako monografikoa.. Bertan irakurriko dituzue honako lan irabazleak:

1. saria. Miguel Galicia Lambarri: “Ebaluazioa: euskararen aldeko ekimenen labirintoan orientatzeko gakoa”

LABURPENA:  Lan honetan aztertu dugu nolako ebaluazio-moldeak erabiltzen diren euskara sustatzeko plan programatiko nagusian (ESEP) eta zenbait eskualdetako plan estrategiko eta mikroproiektuetan.

Horrela, bada, analisi horretatik atera dugun ondorioa da, batetik, ebaluazio “kuantitatibo-inpresionista” dela nagusi; eta, bestetik, molde hori ez dela kapaz euskararen aldeko ekimenen eraginkortasuna behar bezala neurtzeko.

Horregatik, azkenean eraginkortasun-irizpideak aintzat hartzen dituen proposamen-zirriborro bat aurkeztu dugu.

2. saria. Jon Fernandez San Martin: “Ondarroako nerabeen hizkuntza ohiturak sare sozialetan. Kode alternantzia eta erregistroak”

LABURPENA: Sare sozialak bilakatu dira gazteen artean sozializatzeko harreman esparrurik ohikoena. Zenbateko pisua du euskarak sare sozialetan? Zelako euskara darabilte? Lan honetan Ondarroako (Bizkaia) 16 eta 18 urte bitarteko nerabeen Whatsappeko eta Instagrameko jarduna aztertu dut, eta emaitzak itxaropentsuak dira: euskararen nagusitasuna nabaria da, gazteleraren eta ingelesaren interferentziak interferentzia —euskañolaz gain, eusklish zantzuak ere ageri dira—. Euskara kaleko arau soziala izateak domino efektua eragiten du herrian, euskararen erabilera indartuz etxean zein sare sozialetan. Hala ere, gazteen autoestimu linguistikoa indartu beharra azaleratu da ikerketan.

3.saria. Xabier Madorrán de la Iglesia: “Teknologia berriak eta hizkuntza gutxituak: IKT-en eragina euskaran”

LABURPENA: IKTak gure bizitzara iritsi dira eta hura zeharo eraldatu dute. Informazioaren gizarte digitalean murgilduta, teknologia berriak hizkuntza gutxituera ere hedatu dira, eta ondorio nabariak izan dituzte haiengan. Lan honen lehen helburua eragin hori nolakoa izan den aztertzea da. Eta, era berean, zehazki euskara aztergai, lan honen beste helburu nagusia honako hau da: IKTek gure hizkuntzarengan izandako ondorioak argitzea. Horretarako, euskararen egoera zenbait IKT-esparrutan ikertu da. Azkenik, lortutako emaitzen inguruko hausnarketaren bidez, aipatutako bi helburuei erantzuna eman zaie, eta lan honek ekarpen nagusi duen “Hizkuntza gutxituen IKT-garapenean eragina duten baliabideak” deitutako taula proposatzen da.

 

Saria jaso ez arren, Txillardegi-Hausnartu lehiaketan parte hartu duten ondoren zehazten diren beste hiru lan ere argitaratu dira zenbaki monografikoan:

Josu Ozaita Azpirotz: “Etnografia euskararen kultur aniztasunean: hemen da iragana ala etorkizuna

LABURPENA. Duela hamarkada batzuk etorkin asko jaso zituen Euskal Herriak, bizimodu hobeago baten bila zetozen herritarrak. Hemendik ere, asmo berdinarekin mugitu dira hainbat, eta azken urteetan, mundu zabaleko jende asko bertaratu da. Mugimendu hauek aukera izan daitezke euskararentzat, bai behintzat, ez baditugu iraganeko akatsak errepikatzen. Kultur aniztasunean euskarak irabazi dezake, beti ere, eskua zabalduta eduki eta harrera egitera lehen lerrora hurbiltzen bagara, honetarako egitasmoak indartzen baditugu. Lanketa hau burutzen duen Auzoko proiektuaren inguruko etnografia baten laburpena da testua, hausnartuz jarriko gaituena.

Laura Alberdi Zumeta: “Eta hik ze uste dun/k? Azpeitiko gazteak hitanoaren inguruan hizketan: usteak, balioak eta diskurtsoak

LABURPENA. Jada ez da hitanoa lehen adina entzuten Euskal Herriko kaleetan eta entzuten den gehiena toka izan ohi da, eta ez noka. Desoreka horretaz ohartuta eta hitanoak azken urteetan izan duen beherakadarekin kezkatuta, lan honen helburua Azpeitiko gazteek hitanoaren inguruan dituzten hizkuntza ideologietan, usteetan eta balioetan murgiltzea da. Horretarako hiru eztabaida talde egin dira herriko hainbat neska-mutilekin. Bildutakoak bilduta, badirudi hitanoa ulertzeko beste era bat datorrela belaunaldi berriekin, orain arte ezarritako arau sozialak eta hitanoaren inguruko sinesmenak aldatzen ari baitira gazteen artean. Horrez gain, gazteek kezka berriak dakartzate mahai gainera eta hitanoaren biziraupena kolokan ikusten dute.

Lander Muñagorri Garmendia: “Zergatik kantatu euskaraz?”

LABURPENA. 2010eko hamarkadako musikariek euskaraz kantatzeko zein arrazoi ematen dituzten aztertzea izango da ikerketa honen helburua. Horretarako, teoria soziolinguistikoan hizkuntza bat ikasi edo erabiltzerako garaian eragiten duten jarrerak eta motibazioak ezagutu beharko dira, eta belaunaldi horretako musikariekin hitz egin ondoren, teoria hori euren kasuan aplikatu. Horrekin batera, azken 50 urteetan euskaraz egindako musikagintzak izan duen bilakaera ere analizatuko da, gaur egungo abeslariek egiten duten hizkuntza hautua testuinguruan jartzeko. Elkarrizketatuko diren musikariak belaunaldi berrikoak izango dira, eta euskal publikoan arrakasta dutenak: Izaro Andres (Izaro), Josune Arakistain (Huntza) eta Iñigo Etxezarreta (En Tol Sarmiento).

BAT soziolinguistika aldizkariaren harpidetza egiteko interesa izanez gero, Soziolinguistika Klusterraren webgunean daude horretarako bideak eta informazio osagarria.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN