This section is only available in Basque See it

UPV/EHUko fakultateetako eremu ez-formaletan %7 eta %52 artekoa da euskararen erabilera

  • 2020-2021 ikasturtean zazpi fakultate berritan hizkuntzen erabilera neurtu du Soziolinguistika Klusterrak.
  • Erabileraren neurketa UPV/EHUren “Aktibatu” programaren baitan kokatzen da, eta Donostiako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak zenbait fakultatetako eremu ez-formaletako hizkuntzen erabilera behatzeko egitasmoa 2017-2018 ikasturtean jarri zuen abian. Ordutik, 17 fakultatetako euskararen erabilera behatu du Soziolinguistika Klusterrak.

2020an, hizkuntzen erabilera neurtzeko metodologia COVID-19aren pandemiaren ondorioetara egokitzea izan da erronka. 2020-2021 ikasturtean, UPV/EHUn aurrez aurreko irakaskuntzaren aldeko apustua egin zenez, behaketa bidezko neurketak bideratzeko aukera egon da. Fakultate bakoitzean birusaren zabalkundea ekiditeko ezarritako neurriak kontuan hartuz diseinatu behar izan da datu-bilketa. Besteak beste, landa-lanaren iraupena indartu da.

Emaitzei dagokienez, euskara-erabilerarik altuena Gipuzkoako Campuseko fakultateetan jaso da, ondoren Arabako Campuseko fakultatetan eta erabilerarik baxuenak, berriz, Bizkaiko Campusean (bereziki, Bilbon kokatutako fakultateetan):

EUSKARAREN ERABILERA OROKORRA. UPV/EHUko ZENBAIT FAKULTATE, 2018, 2019 eta 2020 (%)

Fakultate gehienetan, emakumezkoen euskararen erabilera gizonezkoena baino altuagoa da. Gainera, joera orokor gisa, honako hau aipa daiteke: zenbat eta euskararen erabilera handiagoa izan, sexuen arteko erabileraren tartea are handiagoa da.

Urtez urte, behaketa egin den fakultateetan, ez da joera garbirik antzeman ikasleen eta ez-ikasleen (unibertsitateko irakasle eta langileak) erabileren artean. Batzuetan ikasleen euskararen erabilera handiagoa da eta beste hainbatetan ez-ikasleek darabilte euskara gehiagotan. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da fakultateetako eremu informaletan behatzen diren solaskideen gehiengo nabarmena ikasleak direla (% 86 – % 97).

Fakultate gehienetan, talde mistoetako euskararen erabilera da altuena; ikasle eta ez-ikasleak nahasten diren taldeena. Ikertzekoa litzateke ea gertaera hau nolabait lotu daitekeen beste zenbait ikerketetatik ateratako ondorioekin. Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa askotan ikusi izan da haurrak eta nagusiak elkartzen direnean euskarazko elkarrizketa gehiago gertatzen direla. Arrue Ikerketan ere jaso da irakasleekiko harremanetan ikasleen euskararen erabilera beraien artekoa baino altuago dela. Azken finean, eremu informaletako euskararen erabilera handitu egiten da erabilera formaletik hurbil egotean.

Hirietako erabilera eta gazteena

Datuek agerian uzten dute, beste behin, testuinguruak garrantzi handia duela euskararen aldeko hautua egitean. Hiriburuetako kaleetako gazteen euskarazko erabilera-datuak UPV/EHUko fakultateetako eremu ez-formaletakoekin alderatzean, unibertsitateko emaitzak altuagoak direla ikus dezakegu. Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren 2016ko datuak kontuan hartuz, % 13koa da gazteen kale-erabilera Donostiako kaleetan, % 5,3koa Gasteizkoetan eta % 2,6koa Bilbon.

Ikerketa-egitasmo hau baliagarria da gazteen hizkuntza-errealitatera hurbiltzeko. Gazteen esparru propioetan eta beren arteko elkarrizketetan dituzten hizkuntza-praktikak, ohiturak eta joerak ezagutzeko balio du. Gazteak Euskararen Eszenatokian ikerketan jaso zen, esaterako, unibertsitate garaia hiztunen ibilbidean une eta gune garrantzitsua dela, hizkuntza-mudantzak gertatzen baitira bertan. Euskal Herrian ez ezik, Galizian eta Katalunian ere unibertsitatearekin lotutako mudantzekin egin dute topo hainbat ikerlarik. Hizkuntza-plangintzan eta hizkuntza-politiketan dihardutenentzat funtsezko ezagutza da, zalantzarik gabe.

Metodologia

Ikerketa honen oinarri metodologikoa hizkuntza-erabilera behaketa bidez neurtzeko metodoa da; 80ko hamarkadatik hasi zen herrietan euskararen erabileraren kale neurketak egiteko, eta gaur egun, Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketan du bere erakusgarri nagusia. Metodo hau erabiltzen hasi zenetik, hobetzen eta fintzen joan izan da. Etengabeak izan dira probak eta aplikazio berriak. Honela lortu da eskoletako jolastokietan, lantokietan edo kirol jardueratan hizkuntza erabileraren neurketak egitea, adibidez. Fakultateetako hau, bide horretan kokatzen da.

2020/2021 ikasturtean 150 ikasle arduratu dira datu-bilketaz. Soziolinguistika Klusterrak hizkuntza-erabilera neurtzeko metodologiaren gaineko formazioa eskaini die eta telefono mugikorretan instalatutako app bat baliatu dute fakultateetako gune ez-formaletako hizkuntzen erabileraren datuak jasotzeko.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN