This section is only available in Basque See it

Gipuzkoako hizkuntza aniztasuna ezagutu eta euskararen kohesio ahalmena aldarrikatzeko ikus-entzunezko sorta

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak Gipuzkoako Hizkuntzen Mapa proiektuaren harira sortutako 6 bideo zabalduko dira hurrengo egunetan sare sozial eta webguneen bidez.

Ama-Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, jatorri ezberdineko gipuzkoar biztanleek euskarara gerturatzean, ikastean eta erabiltzean egiten duten ekarpena txalotu eta nabarmendu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak, elkarlanean garatu duten ikus-entzunezko sorta baten bidez. Gaurtik hasita datozen egunotan zabalduko diren bideo horien bitartez, lurraldean dagoeneko errealitatea den hizkuntza aniztasuna azaleratu eta, testuinguru gero eta anitzago horretan, euskarak gizartea kohesionatzeko duen indarra eta ahalmena azpimarratu nahi izan dute bi erakundeok.

Egun, Gipuzkoan 120 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesaz gain; horietatik batzuek, gainera, 1.000 hiztun baino gehiago ere badituzte gurean. Horietako asko, euskara bezala, hizkuntza gutxituak dira beren jatorrizko lurraldeetan. “Gipuzkoako gizartea bera gero eta anitzagoa da, baita hizkuntzen ezagutza eta erabileraren ikuspegitik ere. Zabaltasun eta aniztasun horrek gure gizartea aberastu egiten du, munduaren beraren aniztasuna islatzen du hemen, Gipuzkoan eta bertatik bertara. Gure artean, gainera, beren jatorrizko lurraldeetan errespetatuak eta babestuak ez diren hizkuntzak ere baditugu”, gogoeta egin du Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak. Horregatik, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, “gizarte gero eta anitzagoan herritarrak elkarrengana gerturatzeko garaian, Gipuzkoa gizarte ikuspegitik kohesionatu eta indartzeko garaian, euskara zubi” dela aldarrikatu du foru arduradunak.

Aldi berean, kanpotik gurera bizitzera eta lanera datorren oro “euskarara gerturatu eta euskara ikastera” animatu du Mendizabalek, “euskarak komunitatean txertatzeko bidea ematen duelako, ingurukoengana gerturatzeko eta norbere errealitatea zabaltzeko, gure herrian bizitzeko eta lan egiteko tresna positiboa delako”.

Mezu hori gizarteratu asmoz, Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak sei bideo labur zabalduko dituzte datozen egunotan sare sozialen bidez, gaurko egunean zehar lehena. Bideo labur sorta honetan, Gipuzkoan bizi diren jatorri ezberdinetako biztanleen errealitateak ezagutzeko aukera izango dugu; euskararekin eta bakoitzaren ama-hizkuntzekin dituzten bizipenak azalduko dituzte.

2019an, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak Gipuzkoako Hizkuntza Aniztasunaren Mapa argitaratu zuten elkarlanean, lurraldean dugun hizkuntza-aniztasuna ezagutzeko eta aniztasuna ahalik eta modu egokienean kudeatzeko tresna gisa. Ordutik Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean eskuragarri dago Gipuzkoako Hizkuntzen Mapa, tokian tokiko datuekin (www.gipuzkoa.eus/gipuzkoakohizkuntzak)

Hain zuzen ere, proiektuan bildutako informazioa, datuak, iritziak, ikuspegiak eta egindako hausnarketak ikus-entzunezko formatura eraman dituzte orain Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak.

Xabier Aierdi soziologoa eta Belen Uranga ikerlaria izan dira proiektuaren arduradunak. Honela kokatu du Urangak proiektua: “Errealitatea eraldatzeko ezinbestekoa da honen ezagutza ahalik eta zehatzenetik abiatzea. Gure lurraldeko hizkuntza aniztasuna kontuan hartu nahi dugu; eta abiapuntu kultural anitzeko herrikideekin euskaraz elkarbizi. Horretarako, oinarri-oinarrizkoa da hizkuntza-aniztasunaren gaineko ikerketa.”

Ama-Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna

UNESCOk otsailaren 21a izendatu zuen Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna (International Mother Language Day) 1999. urtean. Nazio Batuen Erakundeak 2002an onartu zuen formalki. Bere helburua munduko hizkuntza-aniztasuna ospatzea da, eta aniztasun hori babestearen eta sustatzearen beharraren inguruan sentsibilizatzea; begirada jartzen du, batez ere, lurraldetako jatorrizko hizkuntzetan, hizkuntza indigenetan, minorizatuetan eta galtzeko arriskuan daudenetan.

Ama-hizkuntza terminoak ibilbide luzea du literatura akademikoan, eta bi adiera bereizi daitezke. Alde batetik, erreferentzia egiten dio etxean haurtzaroan haurrak jasotzen duen familiako hizkuntzari. Tradizionalki emakumeei, zehazki, amei hizkuntzaren transmisioan aitortu izan zaien egitekoarekin eta egindakoarekin lotzen da. Gaur egun, gure ingurutako literatura akademikoan, “lehen hizkuntza” terminoarekin ordeztu da ia erabat. Zehaztasunak behar izaten direnean, familiakoa, komunitatearena, herriarena, gizartearena ere erabiltzen dira.

Bestalde, erreferentzia egiten dio munduko jatorrizko hizkuntzei, hizkuntza indigenei, gutxiengoen hizkuntzei, herri guztien hizkuntzei. Kasu honetan, gainera, mundu-mailan gertatzen ari den hizkuntzen galtzeko arrisku masiboaren aurrean gizartea sentsibilizatzeko helburua ere badu. Ama-hizkuntza modura izendatzeak badu sentsibilizazio horretan norbanakoari interpelatzeko ahaleginetik ere.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN