Gaur egungo gazteek hizkuntzei lotuta dituzten bizipenak ezagutzeko aukera izan zen Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren 15. edizioan, ikerketen emaitzak eta gazteen testigantzak oinarri hartuta. Euskara sustatzeko diskurtsoen elementuak aztertu ziren talde-lanean, hainbat esperientzia praktikoren ikuspegia ezagutzeko aukera izan zen eta hizkuntza-ideologietan arreta jarri zuten parte hartzaileek.
Argazkiak: Gari Garaialde /Bostok Photo
Hendaiako Gaztelu aretoan egindako jardunaldian parte hartu zutenen artean zeuden ikerlariak, teknikariak, irakasleak, aktibistak… Maddi Kintanak eman zien ongi etorria guztiei eta berak gidatu zuen jardunaldia egitarauaren saiotik saiora. Euskararen Erakunde Publikoaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Soziolinguistika Klusterraren ordezkariek eman zioten hasiera egun osoko jardunari.
Eneko Gorri Plazara kooperatibako kideak euskararen Ipar Euskal Herriko egoera kokatzeko hitzaldia eman zuen. Azken ikerketa kuantitatiboek azaleratu dituzten datuak hartu zituen abiapuntutzat, baina gizarte giroan eta euskararen aldeko mugimenduaren baitan sumatutako elementu subjektiboekin aberastu zuen diagnosia.
Soziolinguistika Klusterreko Maialen Iñarrak kirola, aktibazioa eta kaleko erabileraren inguruan egindako ikerketa eta ikerketa-ekintza proiektuetatik ateratako ondorioak ekarri zituen bere saioan. Gazteen artean, oro har, euskararekiko diskurtso esplizitu, egituratu eta sendorik ez dela ikusten azaldu zuen. Eta baita gazte kulturari lotura eta euren eremu ohikoenetan euskara baliatzeko ahultasuna nabarmentzen dela ere, besteak beste.
Miren Artetxe Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ere berretsi zuen hizkuntza-praktika azaltzerakoan diskurtso gabezia ikusten dela gazteen artean; honela, hizkuntza hautuak eta praktikak naturalizatzeko joera gailentzen da zenbait kasutan. Hizkuntza gaitasunak eta bakoitzak darabilen hizkeraren nolakotasunak (dialektoak etab.) erabilera baldintzatzen funtsezko papera jokatzen dutela azpimarratu zuen.
Bideo baten bidez Seaskan, Euskarabenturan, Libertimenduetan, Euskal Herria Zuzenean festibalean, Geruzak proiektuan, Hezten elkartean eta Emun aholkularitzan euskara kudeatzeko, sustatzeko eta lantzeko duten moduak azaldu zituzten egitasmo hauen ordezkariek. Ezaugarri eta xede oso desberdinak dituzten egitasmoak dira, baina guztiek partekatzen dute gazteen euskararen erabileran eragiteko borondatea. Bideoan ikuspegi desberdinetatik egindako esku hartze hauen gakoak xehetu ziren.
Jardunaldiko parte hartzaileek, talde txikiagoetan banatuta, aukera izan zuten bideoan ikusitakotik gazteen euskararen gaineko diskurtsoaz hausnartzeko. Eta eremu horretan euskara sustatzeko diskurtso erakargarri baterako elementuak elkarrekin bilatzen jardun zuten.
Bazkalostean jardunaldiari izena ematen zion mahai-ingurua heldu zen: gazteak mintzo. Miarritze, Beasain, Tutera eta Bidarraiko lau neska-mutil izan ziren partaideak, Arantxa Irieder kazetariak gidatuta. Bakoitzak euskararekiko duen harremanetik eta testuinguru desberdinetan dituzten bizipenetatik abiatu ziren. Bizipen horiek euskararen periferien gaia, garai bateko diskurtsoen zaharkitzea, hezkuntza sistemaren papera edo beste borroka batzuekiko osagarritasuna modu desberdinetan ikustera eraman ditu gazteok.
Eguna borobiltzeko, Jaime Altuna Euskal Herriko Unibertsitateko antropologoak hizkuntza ideologien gaineko hitzaldia eman zuen. Kontzeptu hau definitu eta argitzeari eskaini zion tarte bat. Ikerlari gisa parte hartu duen ikerketetan euskal gazteen artean identifikatutako hizkuntza ideologia nagusiak zein diren azaldu zuen eta adibidez hornitu zituen azalpenak. Gainera, hizkuntza ideologiek ikerketa eta hausnarketa soziolinguistikorako marko bezala duten baliagarritasuna aldarrikatu zuen eta genero rolek ideologia hauen konfigurazioan duten papera sakonago aztertu beharra azaleratu zuen, besteak beste.
Egun mamitsua eta interesgarria izan zen. Gazteek hizkuntzekin duten harremanaren inguruan hausnartzeko elementuak eskaini zituen eta agortzen ez den gai honen inguruan ikuspegiak partekatzeko aukera eskaini. Hurrengo egunetan egongo dira ikusgai jardunaldiko aurkezpenak, tailerren emaitzak, argazkiak eta saio bakoitzaren bideoak www.soziolinguistika.eus/jardunaldia webgunean.