This section is only available in Basque See it

1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinen integrazio soziolinguistikoa ikertu du Soziolinguistika Klusterrak

Donostiako Udalaren Ekialdeko Barrutiko Batzarraren enkarguz egin da ikerketa 2022 eta 2023 urteetan.

C211020 Herrera Erroteta eta Santa Barbararen airetiko ikuspegia 1965

Lanaren lehen helburua izan da 1950-1970 urte inguruan Espainiako Estatuko lurraldeetatik Altzara etorritakoen hizkuntzarekiko esperientziak, bizipenak, iritziak eta jarrerak aztertzea. Gainera, ezagutza horrek gaur egungo migrazioetan euskararen presentzia handitzeko izan dezakeen aplikazioa aztertzea.

Ikerlariek elkarrizketa sakonak eta eztabaida-taldeak baliatu dituzte ikerketa kualitatibo honetan. 1950eko hamarkadatik 1970ekora heldutako pertsonak, horien ondorengoak, garai hartan dagoeneko Altzan bizi zirenak eta horien seme-alabak izan dira euren ikuspegiak partekatu dituztenak.

Altzako kasua, XX. mendean Espainiatik nagusiki Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait herri eta hiritara izandako migrazio-prozesuaren testuinguru historiko, sozial eta demografikoan aztertu da. Gainera, nazioartean eta Euskal Herrian migrazio fenomenoen eta hauen alderdi soziolinguistikoen azterketan aurrez egindako lanak eta marko teorikoak baliatu dira azterketarako oinarri gisa.

Ikerketaren emaitzen txostena Soziolinguistika Klusterraren webgunean dago irakurgai. Txosten horretatik eratorritako artikulua, berriz, Bat Soziolinguistika Aldizkariaren 128. zenbakian argitaratu da.

Honakoa da azterketatik eratorritako zenbait ondorioren laburpena:

  • Etorkinen bizirauteko integrazio-prozesua elkarrekin sortutako elkartasun-sareei esker gauzatu zuten Altzara etorritako etorkinek. Lan-integrazioa eta eskolakoa arrakastatsua izan zuten, nahiz eta prozesua ez zen erraza izan, aurrekoa bezala. Integrazio fase horietan ez zuten apenas bertako euskal gizartearekin harreman zuzenik izan, ez bazen lan-merkatuko eta administrazioko eliteek ezarritakoak. Harrera-gizarteko egoera soziolinguistiko eta ekonomikoak ahalbidetu zuen integrazio laboral horren arrakasta euskararik gabe eta euskaldunekin ia harremanik izan gabe garatzea, alegia, arrakasta laboral eta soziala euren artean egitea.
  • Harrera-gizarteko hizkuntza hegemonikoa menderatzen zuten etorkinek eta, esan bezala, bi fase horietan integratzeko ez zuten euskararen beharrik izan; euskararen ospea bazterrekoa zen eta horrek euskara ikusezin bihurtu zuen. Horrela, lehen urteetan sorturiko harremanak oso azalekoak izan ziren, elkar apenas ukitzen zuten bi mundutan bizi ziren.
  • Galegoz hitz egiten zutenek, kasu batzuetan, euskararekiko enpatia erakutsi zuten euren hizkuntzarekiko jatorriko egoera minorizatuan sorturiko jazarpenek egoera hurbilago ezagutzeko aukera ematen zietelako.
  • Immigrazioaren dimentsio demografiko handiak euskararen bizitasun etnolinguistikoan higadura handia eragin zuen urte gutxitan, eta euskal komunitatearen ikuspegitik higadura horrek ahuldu egin zuen hizkuntza- eta kultura-komunitatea. Prozesu hori uholde modura bizi izan zuten euskal hiztunek, minetik eta ezintasunetik.
  • Integrazio sozialetik abiatu eta garatu zen etorkinen eta bertakoen arteko integraziorako harremana Altzan. Trantsizio-garaiko euskararen aldeko mugimendu sozialen eta ondorengo hizkuntza-politikaren (1982tik aurrera) ondorioz, gizarte aldaketa giroak euskararen biziberritzean ere aktibazioa eragin zuen. Euskararen aldeko mezuak arrastoa utzi zuen etorkinen eta bertako biztanleengan.
  • Integrazio kulturalak, era berean, bertakotzean lagundu zuen. Jatorriarekiko eta harrera-gizartearekiko harreman afektibo eta identitario oso desberdinak izan zituzten etorkinek eta euren ondorengoek. Eta horren arabera harreman kultural bereiziak antzeman dira etorkinen artean.
  • Integrazio horretan, euskararen balioak ere ez dira homogeneoak izan: euskarari balio instrumentala aitortu diote etorkinek euren seme-alabentzat, etorkizuneko gizartean aurrera egiteko giltza modura. Baina ez lehen belaunaldikoentzat, integrazio laboralarekin nahikoa lan izan zutelakoan. Nolabait esan, integrazio sozial arrakastatsua izan zuten baina ez horrenbeste euskarari dagokion integrazio soziolinguistikoa.
  • Euskararen balio integratzailea beranduago antzeman zuten etorkinek euskararen ospearen berreskuratzearekin batera eta bigarren belaunaldiarentzat soilik. Ikuspegi hori erabakigarria izan zen etorkinen eta bertakoen artean zubiak eraikitzeko: “bi munduen” arteko hurbilketa alde sozialetik eta kulturaletik abiatu zen, laboraletik baino gehiago.
  • Integrazio kulturala gerta dadin bertako kulturarako irisgarritasuna erraztu eta sendotzea kontuan hartu behar da. Kasu honetan, bi norabideko kanalak erabiltzea ezinbestekoa da kultura- eta hizkuntza-artekotasunaren ikuspegitik, joan etorriko zubiak eraikitzeko. Eta horrela ahalbidetu daiteke, hain zuzen, integrazio soziolinguistikoa.
  • Hizkuntza-gatazkaren inguruan, etorkinen eta bertako euskaldunen artean konfrontazio-maila bat gertatu zela baieztatu da, baina gehienek ez zuten gatazka esanguratsu modura bizi izan. Izan ere, etorkinek eta ondorengoek egoki ikusi zuten euskararen aldeko hizkuntza-politika egin izana eta, oro har, ulertzen dute euskara babesteko eta sustatzeko neurriak ezartzea. Nolanahi ere, hizkuntza-gatazkaren errealitatea ez da soilik etorkinengan antzeman; euskaldunek ere aipatzen dute gaztelania-hiztunen praktikara beti egokitu beharrak eragiten dien mina. Alegia, pentsatzen dute etorkinek bertako egoera linguistikora egokitu ordez, eurek moldatu behar izan dutela, halabeharrez, etorkinen errealitate linguistikora.
  • Hizkuntza-politikaren aurreko jarreran inguruan, euskararen biziberritzearen aldetik aipagarria da euskaraz ikasi behar eta nahi duenari aukera guztiak erraztu behar zaizkiola esatean adostasun osoa aurkitu duela ikerketa honek.

Ikerketaren datuak: 
Izenburua: 1950-1970eko etorkinen integrazio soziolinguistikoa Altzan
Ikerketa-taldea: Belen Uranga, Asier Basurto, Paula Laita (Soziolinguistika Klusterra)
Babeslea: Donostiako Udala
Amaiera data: 2023ko apirila

Herrera, Erroteta eta Santa Barbara airetik 1965

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN