This section is only available in Basque See it

Jatorritik gaztelaniarekin heldu diren Gipuzkoako etorkinen hizkuntza-integrazioari buruzko ikerketaren emaitzak argitaratu dira

Latinoamerikako jatorria duten eta jatorrizko lurraldean gaztelania hizkuntza ofiziala duten etorkinen integrazio soziolinguistikoa aztertu du Soziolinguistika Klusterrak, berriki argitaratu duen ikerketan.

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin burutu da, eta helburua izan da Gipuzkoan bizi diren etorkin hauen hizkuntza-jarrerak, esperientziak eta euskararekiko harremanak sakon ezagutzea.

Ikerketa honek jarraipena ematen dio 2021eko “Gipuzkoako hizkuntza-aniztasuna” azterketari. Oraingoan, arreta berezia jarri zaio Erdialdeko eta Hego Amerikako herrialdeetatik etorritako pertsonei, jatorrizko lurraldean hizkuntza ofiziala gaztelania dutenak. Kolektibo horren presentziak etengabeko hazkundea izan du azken bi hamarkadatan: 2001ean 3.957 pertsonak osatzen zuten, eta 2023rako 45.863 dira, Gipuzkoako biztanleriaren %6,3 eta etorkinen populazio osoaren %52,3 inguru. Datu horiek erakusten dute Gipuzkoako gizartea gero eta anitzagoa dela, eta hizkuntza-politiken ikuspegitik erronka eta aukera berriak planteatzen ditu.

Ikerketa honek ikuspegi kualitatiboa hartu du oinarri, integrazio soziolinguistikoaren prozesuak eta bizipenak sakontasunez aztertzeko. Horretarako, Gipuzkoako hainbat herritan bizi diren jatorri latinoamerikarreko pertsonei elkarrizketa erdi-egituratuak egin zaizkie, genero, adin, jatorri eta lan-esparru aniztasuna kontuan hartuta. Transkribatutako testigantzak analisi tematiko sistematizatu bidez aztertu dira. Helburua izan da etorkinen ahotsa eta subjektibotasuna ardatz hartuta, euren hizkuntza-esperientziak ulertzeko gako soziolinguistikoak identifikatzea.

  • Ikuspegi soziolinguistikotik, ikerketak agerian uzten du gaztelaniaren presentzia hegemonikoak euskararen ikusgarritasunari eta erabilerari eragiten diola. Migratutako pertsonek gaztelaniaz komunikatzeko gaitasun osoa dutenez, eguneroko bizimodua hizkuntza horretan garatzen dute, eta horrek euskararen beharra murrizten du. Ondorioz, etorkinek euskara ikasteko interesa adierazten badute ere, sarritan ez dute ikaskuntza-prozesua abiatzen, hizkuntzaren erabilgarritasun soziala mugatua dela iritzita. Euskara “baliozko” gisa hautematen da, baina ez “beharrezko” gisa.
  • Jarrerak, hala ere, oro har positiboak dira: euskara Gipuzkoako identitatearen parte gisa aitortzen dute, eta seme-alaben heziketan paper garrantzitsua izan dezakeela onartzen dute. Hala ere, motibazio afektiboa eta instrumentala ez dira nahikoa eguneroko praktiketan jauzia emateko. Euskarak gizartean duen leku sinbolikoa errespetatua bada ere, tresna komunikatibo gisa duen pisua oraindik eskasa da etorkinen eguneroko bizitzan.
  • Gainera, ikerketak beste alderdi kezkagarri bat ere azpimarratzen du: gaztelaniaren Latinoamerikako aldaerek estigmatizazioa jasan dezakete hainbat testuingurutan, hala nola eskolan edo lan-munduan. Etorkinei haien hizkera zuzendu egiten zaie, eta estandarraren aurkako aldaera gisa hartzen dira, arrazakeria linguistikoa azalaraziz. Egoera horrek hizkuntza sozializazioan eragin zuzena du, bai eta autoestimuan eta hizkuntza-aniztasunaren balorazioan ere.
  • Testuinguru honetan, integrazio soziolinguistikoa ezin da etorkinen ahalegin huts gisa ulertu. Prozesua arrakastatsua izateko, gizarte hartzailearen prestutasuna, baliabideen eskuragarritasuna eta hizkuntza-aniztasunarekiko jarrera irekia ezinbestekoak dira. Euskararen biziberritze-prozesuak aukera du komunitate berriak aktiboki inplikatzeko, baldin eta hizkuntzaren presentzia, irisgarritasuna eta funtzionaltasuna modu sistematikoan bermatzen badira.

Azterketa honen emaitzetan oinarritutako artikulu monografiko bat argitaratuko da Bat soziolinguistika aldizkariaren hurrengo zenbakietako batean. Bertan, ikerketaren gako nagusietan sakonduko da. Ikerketaren emaitzen txosten osoa eskuragarri dago Soziolinguistika Klusterraren webgunean: https://soziolinguistika.eus/eu/argitalpenak/jatorrian-gaztelania-hizkuntza-ofiziala-duten-etorkinen-integrazio-soziolinguistikoa-gipuzkoan/

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN