Bost aste igaro dira Imanol Larrea Mendizabal Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak Galesen ikerketa-egonaldia abiatu zuenetik. Urriaren 13an hitzaldia eman zuen Galesko Liburutegi Nazionalean 80 bat lagunen aurrean, Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabilera handitzeko metodologien inguruan egiten duen lana aurkezteko. Etxepare Institutuak eta Galesko Trinity Saint David Unibertsitateak antolatutako Alan R. King katedraren irekiera-ekitaldiaren baitan kokatu zen hitzaldia. Saioan Elin Haf Gruffydd Jones Ikasketa Zeltiko eta Gales Aurreratuen Zentroko zuzendariak, Irene Larraza Etxepare Institutuaren zuzendariak, Garbiñe Iztueta Etxepare Institutuko Euskara sustatu eta hedatzeko zuzendariak eta Ned Thomas soziolinguistika galestarrak hitza hartu zuten. Larrearen hitzaldiaren ostean, berriz, Euskal Herritik heldutako Beatriz Chivite eta Juan Kruz Igerabide poetek Ifor ap Glyn eta Aneirin Karadog galestarrekin batera egin zuten emanaldia.
Mintegiak eta lan-saioak
Ikerketa egonaldia euskal soziolinguistikaren eremua eta galeserarenaren artean ezagutza eta informazio-trukerako aukera da. Horretarako molde desberdineko saioek osatzen dute egonaldiko agenda. Esate baterako, Carmarthen hirian unibertsitatean hezkuntza arloko ikasle eta irakasleekin saioa egin da, bi hizkuntza-komunitateetako hezkuntza ereduak, hizkuntza-plangintzaren emaitzak eta Berba-lapiko proiektua jorratuz, besteak beste.
Helduei galesa irakasteko zentroak internet bidezko bi saio antolatu ditu bere irakasleentzat helduen euskalduntze-alfabetatzeari buruzko informazioa aztertzeko eta euskarazko oinarrizko ezagutza batzuk eskuratzeko.
Galesera sustatzen ari diren hainbat eragilerekin (gobernua, unibertsitateak, gizarte eragileak…) hizkuntza ohituretan eragiteko metodologiei buruzko bi ordu eta erdiko mintegia egingo da urriaren 28an Caerdydd (Cardiff) hiriburuan. Saio horren helburua da metodologia horietan sakontzea eta bi herrion arteko elkarlanerako aukerak aztertzea.
Harremanak eta bilerak
Galesa bultzatzen ari diren ikertzaileak eta ekimenak ezagutzeko bisitak ere egiten ari da Imanol. Aberystwytheko eta Bangorreko unibertsitateetako eta gobernuko ikertzaileekin bilerak egin ditu. Besteak beste, soziologia, hezkuntza edo zientzia politikoetako arloetan ari direnekin (Elin Royles, Cynog Prys, Rhyan Hodges, Arwel Williams, Lowri Hughes, Enlli Thomas eta Catrin Redknap, Rebecca Williams eta Sion Jobbins).
Gales iparraldean Mentrau Iaith erakundeak tokian tokiko garapena eta hizkuntzaren sustapena lotuz dituen proiektuak ere bertatik beratar ezagutu ditu. Aukera izan du turismoa eta hizkuntzari buruzko bileran parte hartzeko eta kirolaren inguruan lanean ari diren eragileen esperientziak ezagutzeko.
Azaroaren lehen astean amaituko da egonaldia eta ordura arte beste hainbat eragilerekin egotea dago aurreikusia, galesaren egoera, sustatzeko ekimenak eta ikerketa soziolinguistikoa hobeto ezagutzeko eta Euskal Herrian horren berri emateko.