EUSKARA ALA EZKARA ERTZETAN?
Zelakoak izan ginen euskaldunak? Eta orain zelakoak gara? Zertan aldatu gara? Zer da euskaldun izatea? Badago hizkuntza-ideologiarik?
Euskalduntasun onak eta txarrak al daude?
- Zer da euskara naturala edo jatorra? Horren alde egin behar al dugu?
- Zein da hiztun ona? Eta txarra?
- Nolakoak izango gara euskara eta euskaldunak etorkizunean?
Euskara etxetik jasotzen ez duenak zergatik aukeratzen du euskara? Zer behar du euskarak aukeratua izateko?
Nolako euskara behar du periferiak? Nolako periferia behar du euskarak?
Horrelako eta antzerako galdera eta gaien gainean jarduteko antolatu dugu aurtengo Euskara ala Ezkara jardunaldia. Euskara ala Ezkara ertzetan? izenburua jarri diogu, eta, besteak beste, bi hitzaldi eta beste bi mahai-inguru izango ditugu.
Hizlariei dagokienez, berriz, Ibon Manterola, Miren Artetxe, Ibai Iztueta, Eneko Gorri, Tarana Karim, Kike Amonarriz, Ningra, Garazi Arrula, Nerea Ibartzabal eta Idurre Eskisabel izango ditugu Elgoibarren. Ningrak, gainera, rap kontzertu txiki bat ere eskainiko digu jardunaldiari amaiera emateko.