Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

« Ahozko komunikazioa eskolan » monografikoa BAT 96 zenbaki argitaratu berrian

Soziolinguistika Klusterrak argitaratu berri du BAT 96 zenbakia, euskararen erabileraren inguruko gaur egungo eztabaidetan nagusitzen ari den gaia ardatz hartuta: ahozko komunikazioa eskolan.

Euskal soziolinguistikaren teorizazioetan, azterketetan eta praktiketan gaia erdigunera eraman beharra azpimarratu nahi da zenbaki honetan, bildutako artikuluen bitartez.  Eta, zehazki, irakaskuntza eremuan egin daitekeenaren inguruan hausnarketa egitea. 

Zenbakia koordinatu duen Josune Zabalaren hitzetan: zenbaterainoko garrantzia ematen zaio ahozko hizkuntzari? zer ulertzen dugu dela ahozkotasuna? Noraino iritsi gara ikerketa eta praktika sozialei dagokionean? Zer berri dakigu lehendik ez genekienetik? Zer aldatu da gure egiteko moduetan? Zertan sakondu beharko genuke ikerketa arloan? zertan gure praktiketan? zeri eman, batez ere, garrantzi datozen hamar urteetan?

Galdera horiei erantzun nahirik bildu ditu aldizkariak honako egileen artikuluak: Ines M. García-Azkoaga; Karmele Perez, Agurtzane Azpeitia eta Idurre Alonso; Jozune Zabala; Yolanda Olasagarre eta Esther Mugertza, Kike Amonarriz; eta, Josune Zabalak Mikele Aldasorori eginiko elkarrizketa.

Zenbakia osatzeko, GUREAN Atalean 2015eko IkerGazte kongresuan izandako mahai-inguru interesgarri baten gaineko artikulua aurki daiteke: « Euskararen hiztun eta erabiltzaile berriak: normalizaziorako gakoak ».  Artikuluan euskararen hiztun berrien inguruan azkedn urteotan garatu diren hainbat eta hainbat ideiari forma ematen saiatu dira mahai horretan bildu diren honako ikertaileak: Naiara Berasategi, Jone Goirigolzarri, Ibon Manterola, Gorka Salcés eta Xabier Landabide.

Azkenik, aipatu behar da Maria-Jose Azurmendik idatzi duela aurten zendu diren nazioarteko bi soziolinguista handiei eginiko esker oneko hitzak: « Esker ona William F. Mackey eta Joshua A. Fishman »

 

Ikus laburpenak hemen

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN