Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

[KRONIKA] Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 2018

Bilboko Bizkaia Aretoan azaroaren 6an izandako jardunaldiaren kontakizuna eta multimedia materiala.

Aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia Bilboko Bizkaia Aretoan egin da eta ingurune digitala izan ditu hizpide, beste gai batzuen artean.

Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak eta Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak eman diote hasiera jardunaldiari. Jarraian aritu da Andras Kornai, hungariar hizkuntzalari matematikoa, “Nola salbatu hizkuntza bat heriotza digitaletik?” izeneko aurkezpenarekin. Hizkuntzen biziraupenean ingurune digitalean egoteak duen garrantzia azpimarratuz, mundu mailako ehundaka hizkuntzen inguruan egindako ikerketaren gaineko xehetasunak aurkeztu ditu. Tartean hizkuntzen heriotza digitala aurreikusteko zantzuen berri ere eman du, inguru digitaletan presentzia urria izatea edota natibo digitalen komunitatea ahula edukitzea heriotza horren adierazgarritzat jo dituelarik.

Segidan inguru digitalean euskararen egoeraren eta erronken inguruan hausnartu dute hainbat adituk. Maite Goñik (Euskararen Aholku Batzordea) herri agenteei begira inguru digitalean euskarak zer behar duen ikusteko egin duten lana aurkeztuz eta 2020ra begirako gomendioak identifikatuz. Josu Waliñok (PuntuEUS Fundazioa) euskara muinean izango duen estrategia digitalerako ardatzak izendatu ditu: bitartekotza, burujabetza teknologikoa, edukien garapena, sustapena eta gidaritzaren garrantzia. Arantza Diaz de Illarrazak (Ixa taldea) hizkuntzak biziko badira teknologiarekin batera bizi beharko dutela azaldu du, besteak beste. Ildo horri jarraituz Josu Aztiriak (Elhuyar Fundazioa) nagusiak diren hizkuntzen eta ahulagoak direnen arteko arrakala teknologikoa handitzen ari dela gogorarazi du. Burujabetza teknologikoa, hizkuntza-teknologien berariazko planak eta bertako zentro teknologikoen indartzea ezinbestekotzat jo ditu. Aitzol Astigarragak (Euskal Wikilarien Elkartea) euskararen plaza digitalari begiratu dio Wikipediatik. Euskal Wikipediak duen arrakasta gogoan hartuta ohartarazi du edukiak euskaraz sortzea ez dela aski inguru digitalean posizio bat izateko, eta horien erabilera edo kontsumoa sustatzeari garrantzia eman dio. Azkenik Xabier Landabidea (Deustuko Unibertsitatea eta Udako Euskal Unibertsitatea) ikuspegi zabalago batetik aritu da eta inguru digitalean euskal hiztun komunitatearentzako eszenatoki berriak marrazten ari ote diren edota euskaldunen eta euskararen baitan mutazioak ematen ote diren zalantzari heldu dio.

Atsedenaldiaren ondoren lantegien txanda iritsi da. Batean, Belen Uranga eta Xabier Aierdiren eskutik Gipuzkoako hizkuntza aniztasunaren mapa landu da. Generoa, eskualdeak eta immigrazioa aintzat hartuta, Gipuzkoan topo egiten duten hizkuntzen nondik norakoak landu dituzte. Bigarren lantegi batean, “Tokian tokiko hizkuntza aktibaziorako gakoen bila” aritu dira Helene Armentia, Amaia Balda, Zesar Martinez eta Imanol Larrea. Bertan, euskara sustatzeko “txinparta” nola piztu daitekeen lantzen aritu dira. Azkenik hirugarrenean, “Ingurune digitaleko norabidea elkarrekin lantzen” Jardun dute Azkue Fudazioaren laguntzaz. Parte hartzaileek euren definitu dituzte goizean zehar aipatu izan diren inguruko galderak eta hauek elkarrekin erantzuten aritu dira lantegian.

Bazkalostean, 2018ko Hausnartu sarien banaketa hasi da. Izaskun Kuartango, Miren Artetxe eta Irati Lizeaga irabazleak saria jasotzera igo dira eta haien lanen aurkezpena egin dute segidan. Hirugarren saria jaso duen Irati Lizeagak Oiartzunen kokatzen den Lintzirin merkataritza gunearen inpaktu linguistikoaz egindako ikerlana aurkeztu du. Miren Artetxe bigarren saridunak Iparraldeko bertsolari hiztun berri gazteen legitimazio prozesuak izan ditu hizpide. Izaskun Kuartangok, aldiz, administrazioaren jardueraren ebaluazioan jarri du arreta eta bezero misteriotsuaren teknikaren erabilgarritasuna ekarri du argitara.

Eguna borobiltzeko, Soziolinguistika Klusterrak bere proiektuen erakusleiho minimalista bat osatu du. Gaur gaurkoz esku artean dituen zenbait proiektu formatu arineko aurkezpenetan. Belen Urangak BAT soziolinguistika aldizkariaren ibilbidea nabarmendu du, bertan argitaratu duten dozenaka aditu eta lagunak gogora ekarriz. Asier Basurto aritu da ondoren praktika komunitatearen metodologiaz eskuratzen diren emaitzen inguruan. Pablo Suberbiolak hizkuntza-ohiturak aldatzeko ezinbestekoak diren bi osagaiak azaldu ditu: testuinguru egokia eta aitzakia edo probokazio puntual bat.  Olatz Bengoetxeak ahozkotasuna ikasgelan lantzeko duten moduaren arabera bereizten diren 3 irakasle eredu deskribatu ditu bere aurkezpenean.

Egunari itxiera Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak eman dio, zenbait ondorio errepasatuz.

 

ARGAZKI GALERIA

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN