Bazkalostean, Asier Basurto Soziolinguistika Klusterreko kidea eta nazioarteko konferentziaren batzorde zientifikoko kidea izan da arratsaldeko saioari hasiera eman diona. Euskara biziberritzeko ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuetan aritu da urte askoan Basurto, eta bere lan esparru nagusien artean daude gazteen hizkuntza-erabilera, hizkuntza-erabilera neurtzeko metodologiak (behaketa bidezkoak, besteak beste), komunikazio irizpideak eta hizkuntza-teknologien inpaktu soziolinguistikoa.
Bere hitzaldian, lurralde-eremu euskaldunagoen eta erdaldunagoen arteko elkareragina nolakoa den azaldu du, datuetan oinarrituta eta bereziki Euskal Herriko barne-biztanleria fluxuei arreta eskainita.

Horiek aletuta, ondorioak eta zenbait gogoeta partekatu ditu entzuleekin.
Ondorioei dagokienez, batetik, jaiolekuak eta bizilekuak baldintzatzen dutela hiztunen portaera. “Batek hizkuntza-sozializazioaren baldintzak ezartzen ditu, eta besteak erabilera erosorako aukerak. Ekosistema linguistiko batek bizitoki mugikortasunetik jasotako hizkuntzak bere dinamikara moldarazteko duen gaitasuna partziala da”.
Bigarren ondorioa: “Arnaasguneetan nagusiki erdaraz aritzen diren hiztunen gehiengo oso handiak du jatorria ingurune erdaldunetan. Azkenik, erdarararen nagusitasun handiko eremuetan euskaraz aritzen diren hiztunen artean pisu ohargarria dute euren jatorria zonalde euskaldunetan dutenek”. Esaldi batekin laburtu du hori Basurtok: “Ezin da ulertu erdararen nagusitasun handiko eremuetako euskararen ekosistema, zonalde euskaldunagoetatik heldutakoen eragina aintzat hartu gabe”.
Azkenik, “euskararen nagusitasun eremuetan dauden baldintzek, nagusiki euskaraz aritzeko hiztunak sortzeko eta erreproduzitzeko ahalmena ematen diote hiztun komunitate osoari”.
Horien berri emanda, zenbait gogoeta egin ditu, esku hartzeko zenbait eremu zehaztearekin batera: hirigintza, lurralde antolaketa, mugikortasuna, eredu ekonomikoa edo espazioaren konfigurazioan eta erabileran zeresana duten faktoreak kontuan hartu behar direla, esaterako, eremu horiek bere horretan ere hizkuntza politika zehatz bat bultzatzen dutela aipatuz.
Egoeraren kontzientzia hartzea beharrezkoa dela esanez amaitu du, ekinbide berrien beharra nabarmenduz: erdararen nagusitasun eremuetan euskararen presentzia handiagoko eremuetatik heldutako hiztunak ahalduntzeko harrera, edota saretzeko beharra, besteak beste.

Iratxe Retolaza ikerlariaren eta irakaslearen txanda izan da ondoren. Kulturgintza komunitarioa arnasguneetan izan du hizpide, “ekiteko marko bat eta hainbat eredu” eskainiz.
Filologoa eta literaturan aditua da Retolaza. Irakasle aritu zen EHUn 2006tik 2021era. Azken urteotan Euskal Kulturaren Eragiletza Masterrean da irakasle. Era berean, hezkuntzaren eremuko ahokulari gisa aritzen da, formakuntza proiektuak gidatzen eta eraldaketa prozesuak bideratzen. Euskaltzain urgazlea da. Kultura arloan, izaera komunitarioari arreta berezia eskaini izan dio, eta arnasguneek kultura gutxitu baten biziberritzean izan dezakeen eragina aipatu nahi izan du. Baita arnasgune batek kultura gutxitu bat biziberritzeko izan dezakeen eragina ere.
Hiru urratsetan josi ditu gogoetak:
· Kulturgintza, arnasbide emankor. Hiztun aktiboak eta transmisio erak.
· Kultur politiken eta kultur ereduen zotinak. Indarguneak eta ahulguneak.
· Kulturgintza komunitarioa, hauspo eraginkor. Hainbat bide eta eredu.
Hizkuntzaren transmisioak oro har kulturaren transmisioan duen eragina aipatu du, eta kultur hezkuntzak eta kultur esperientziek hizkuntza gaitasuna elikatzen dutela nabarmendu du, argi: “Hizkuntza gaitasuna elikatzen du kultur esperientziak”
– Kultura erritual eta esperientzia kolektiboak sortzea: esperientzia partekatu bat bizitzeko bide, elkar ezagutzeko bide, hartu-emanak hobetzeko bide, (hitz) egiteko modu bat garatzeko bide, pertenentzia-sentimendua elikatzeko bide.
– Kultura jardueren eta esperientzia estetikoetan trebatzeko aukera ematen du nork bere ahotsa gorputzteko, nork bere ikuspuntutik izendatzeko mundua.
– Kultura jardunek eta esperientzia estetikoek norbak bere bizi izan dituen esperientziak birpentsatzeko eta birkokatzeko leihoak zabaltzen dituzte.

Arnasguneetan kulturgintzak dituen ahulguneak ere aipatu ditu. Arnasbeherak deitu die horiei. Hizkuntza politikak, kultura politikak eta gizarte politikak ez uztartzeko joera badagoela adierazi du, eta horiek bateratzeko politika integralen beharra nabarmendu du.
Arnasgorak izendatu dituen indarguneak aipatzean, berriz, kultura eredu komunitario eta parte-hartzaileak sustatzea aipatu du lehenik. Trukerako espazio aproposak sortzea eta tokiko kultura sareak eta tokiko kultura ohiturak zein premiak ardatz izatea ere beharrezkoa dela adierazi du: kultura transmisiorako, kultura trebakuntzarako eta kultura zabalkunderako tokiko egitasmo integrala diseinatzea. Bateko eta besteko adibideen artean, Azpeitiko kultur eredua, Zarautz Eleka, Airaldeko bertso eskola edota Ondarroako Etxelila ekimenak aipatu ditu, besteak beste.
Gaurko jardunari amaiera emateko, Herrialde Katalanetako Jaume Aspa psikologoaren hitzaldia izan da. Aspa Colectiu l’Escambel kolektiboaren sortzaileetako bat da. Kolektibo horren helburua da ohitura soziolinguistikoen aldaketa eragiten laguntzea, katalan hiztunen ahalduntzean arreta berezia jarrita; baita hizkuntza-ohituren botere eraldatzaileaz jabetzea ere, aldaketa indibidual eta kolektiboak eragiteko. Bide horretan, hizkuntza aldatzera eramaten gaituzten faktore sozial eta psikologikoak aztertu ditu, eta hiztunen ahalduntzerako gakoak bilatzeko eta lantzeko moduaz aritu da.