Soziolinguistika Klusterrak eta EHUko Botoi ikerketa-taldeak kale-espazioaren ezaugarriek hizkuntzen erabilerarekin duten lotura aztertu dute.
Zarautz, Amorebieta-Etxano, Tolosa, Gernika-Lumo eta Hernaniko errealitateak aztertuz atera dituzte ondorioak.
Hirigintzaren Eragina Euskararen Kale-Erabileran ikerketaren emaitzen txostena argitaratu berri da. 2023an abiatutako azterlanean emandako urratsak eta ateratako ondorioak jasotzen ditu dokumentuak.
Hirigintzaren eragina
Espazio publikoaren antolamendua ez da neutroa: herritarren eguneroko bizitza, harremanak eta hizkuntza-praktikak baldintza ditzake. Horregatik, ikerketan nabarmendu da euskararen erabilera sustatu nahi bada, hizkuntza-politikekin batera hirigintza-politikak ere erdigunean jartzea garrantzitsua dela.
Ikerketak, beraz, erakutsi du udalerri baten izaeran euskarak balio sinboliko eta identitarioa duenean hirigintza-eredu zaintzaileak euskararen erabilera sustatzeko joera izan dezakeela eta bide horretan sakontzea proposatzen du.
Ikerketaren arabera, auzo bateko kale-erabilera ez dator beti bat bertako bizilagunen ezaugarri soziolinguistikoekin, besteak beste, hirigintza-erabakiek auzoen arteko fluxuak eragiten dituztelako.
Zerbitzu eta ekipamenduen kokapenak, adibidez, zuzenean baldintzatzen du kalean nor dabilen eta zer hizkuntza entzuten den. Hezkuntza eta kirol ekipamenduen inguruan euskararen erabilera handiagoa antzeman da eta, kontrara, osasun eta administrazio ekipamenduek erdaren presentzia handitzeko joera izan dezaketela.
Eta azterlanak erakutsi du haurren presentziak euskararen erabilera handitzen duela. Horregatik, mesede egiten dio euskararen erabilerari haurrentzako espazioak sustatzen dituen hirigintza zaintzaileak
Gainera, hirigintzak gertuko topaketak auzoan gertatzea errazten duenean, euskarak presentzia handiagoa hartzen du, hiztun ezagunen arteko harremanetan segurtasun linguistiko handiagoa eta estres linguistiko txikiagoa dagoelako. Horregatik, merkataritza eta ostalaritza establezimenduei dagokienez, hurbilekoak diren eta herri izaera zaintzen dutenetan euskara gehiago entzuten da; izaera globalagoa dutenetan, berriz, erdarak nagusitzen dira.
Esku hartzeari begirako ondorio nagusietako bat da hiri zaintzaileak zentro bakarreko eredua gainditu behar duela, auzoen arteko sare orekatua sortuz, oinezkotasunari eta espazio publikoari garrantzia emanez eta haurren jolas-eremuak tokiko komertzio txikiarekin lotuz. Azken batean, horrek, hirigintza zaintzailea sustatzea ez ezik, hizkuntza gutxituaren mesedetan eraikitako hiria ere ekar dezake.





Metodologia berritzailea
Ikerketa 15.000 eta 25.000 biztanle arteko bost udalerri ertainetan egin da; denetan hizkuntzen erabileraren kale-neurketetan jasotako datu-multzo esanguratsua zegoen eskuragarri eta Udalak ikerketan parte hartzeko interesa erakutsi du.
Lan berritzailea da, diziplinarteko ikuspegia izan duelako eta metodologia berria sortu delako hirigintza eta soziolinguistika uztartuz.
Ikerketa honetan, lehenik eta behin, datuen bilduma egin da hainbat iturritatik —udalak, EUSTAT eta Soziolinguistika Klusterra— informazio sendoa bermatzeko; ondoren, herritarren bizipenen mapeoa landu da, eguneroko esperientziak azterketan txertatzeko. Jarraian, udalerrien planoetan kokatu dira eskuratu ahal izan diren hirigintza, demografia eta soziolinguistikako hamarnaka adierazle, ikuspegi integratua osatzeko. Horren gainean azterketa eredua diseinatu da auzo bakoitza deskribatzeko adierazle-multzo konplexuak erabiliz: Auzoan Egoteko Aukera, Auzoan Eguneroko Bizitza Egiteko Aukera, Auzoko Euskararen Kale-Erabilera, Auzo Izaera, Auzotik Pasatzeko Aukera, Pertsonekin Auzoan Topatzeko Aukera. Behin oinarri hori finkatuta, azterketa estatistikoa egin da adierazleen arteko harremanak sakonago ulertzeko eta, azkenik, bildutako informazio guztiaren gaineko hausnarketa eta interpretazio ariketa kolektiboa burutu da, arkitekturaren eta soziolinguistikaren arloko adituek osatutako lan-taldean. Bost udalerrietako auzoen informazioa alderatu eta aztertuta ondorio orokorrak atera dira.
Ikerketak lan-ildo berri baten oinarriak ezarri ditu; izan ere, interesgarria litzateke segida ematea ikusitakoa beste testuinguru batzuetan berresten ote den ikertuz, edota metodologia beste ezaugarri batzuetako udalerrietara egokituz.
Euskararen kale-erabilera eta hirigintza zaintzailearen eredua
Azken hamarkadetan nabarmen aldatu da Euskal Herriko hirien eta herrien izaera. Euskararen kale-erabileraren lehen neurketak egiten hasi ziren garaitik gaur arte, espazioaren erabilera ez ezik, kalean dabiltzan herritarren ezaugarriak ere errotik aldatu dira. Hirigintza aldetik, funtzio anitzeko eredutik, zonaldeka funtzioak banatzeko ereduranzkoa da joera. Baina hiri-antolamendu eredu hori ez dator bat hirigintza zaintzailearen oinarriekin. Hirigintza zaintzailea pertsonen arteko mendekotasuna eta eguneroko behar askotarikoak kontuan hartzen dituen hirigintza eredua da, espazio eta zerbitzu publikoen garrantzia aitortzen duena eta horien banaketa orekatua sustatzen duena.
Izenburua: Hirigintzaren Eragina Euskararen Kale-Erabileran
https://soziolinguistika.eus/eu/argitalpenak/hirigintzaren-eragina-euskararen-erabileran/
Lan-taldea: Koldo Telleria Andueza, Irati Otamendi Irizar, Ainhoa Guerras Alfonso eta Oihana Santolaria del Campo. (Euskal Herriko Unibertsitatea), Olatz Altuna Zumeta, Miren Otxotorena Aranguren eta Asier Basurto Arruti (Soziolinguistika Klusterra)
Babesle-laguntzaileak: Eusko Jaurlaritza (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), Bizkaiko Foru Aldundia (Euskara Saila), Gipuzkoako Foru Aldundia ( Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza), Zarauzko Udala, Amorebieta-Etxanoko Udala, Tolosako Udala, Gernika-Lumoko Udala eta Hernaniko Udala.


