Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Erakundeen komunikazio publikoan euskararen erabilera handitu eta hizkuntzen kudeaketa egokia egiteko jendaurrean.eus gida aurkeztu da

Denetariko erakundeak Jendaurrean Erabili praktika komunitatean aritu dira 9 urtez euren bizipenak, zalantzak, esperientziak eta erreferentziak partekatzen.

Oinarri horretatik, jendaurrean.eus gidan bildu dira komunikazio publikoan diharduten erakundeentzat interesgarriak izan daitezkeen ezagutzak eta tresnak.

Erakundeek komunikazio publikoa modu erosoan eta egokian egin nahi badute, ezinbestekoa da hizkuntzak egoki kudeatzea. Hizkuntzak egoki kudeatze horrek, euskarari toki egokia ematea barne hartzen du, gure testuinguruan. Borondate horri eta xede horri heltzen dioten erakundeetako arduradunek, komunikazio arloko profesionalek, eledunek eta euskara-teknikariek hamaika erronka eta zalantza aurkitzen dituzte enpresetan, administrazio publikoetan, kultur eragileetan, kirol taldeetan eta denetariko elkarteetan. Zer egin sare sozialetan? Nola prestatu eledunak? Nola kudeatu hizkuntzak ekitaldi handietan? Zein irizpide erabili hedabideekin?

Erakundeek euskaraz komunikatzeko gida

Jendaurrean.eus webgunea erakundeek komunikazio publikoa euskaraz (ere) egitea erraztu nahi duen gida da. Kontsultarako tresna bat da, erabiltzailearen behar eta baldintza desberdinetara egokitzeko bokazioz sortu dena. Gaiaren inguruko eduki ugari biltzen dira modu irekian eta doakoan. Antolaketa sinplea du, norberak bilatzen duen horretara erraz iristea ahalbidetzeko asmoz:

Zergatik? atalean erakundeen komunikazioan hizkuntzen kudeaketa lantzeko argudiategia eskaintzen da. Erakundearen barne-mailan edo kanpora begira hartzen egiten diren erabakiak azaltzeko edo erabaki horiek hartzera iristeko lagungarriak izan daitezkeen  diskurtsoak dira. Hizkuntzen kudeaketa arduratsu eta profesionala egiteko arrazoien bilduma da.

Gida atala da webgunearen mami garrantzitsuena eta praktikoena. Hor daude jasota tresna, baliabide eta erreferentziak. Zer egin? atalean erakundeetan bultzatu daitezken egitekoak eta prozesuak zerrendatzen dira: hizkuntza-irizpideak, formakuntza, sentsibilizazioa, jarraipena eta ebaluazioa, markagintza eta euskarazko komunikazio inklusiboa. Non eta nola eragin? atalean komunikazio euskarri eta egoera bakoitzean egin daitezkeen esku hartzeak jasotzen dira: webguneak, sare-sozialak eta kanal digitalak, ikus-entzunezkoak, hedabideak eta prentsaurrekoak, ekitaldiak, barne bilera zabalak, publizitatea eta produktuak edo zerbitzuak. Aipatutako atal guztietan, gaia kokatzeko azalpena, zenbait gako, prozeduren jarraipena egiteko “errepaso zerrenda” inprimagarria eta erreferentziak biltzen dira. Erreferentzia hauek denetariko txostenak, hitzaldiak, argitalpenak eta webguneak dira. Azkenik, Baliabideak eta tresnak atala aurreko guztietako erreferentziak antolatzen dituen biltegia da.

Webgunearen menu nagusiko hirugarren atalean, Jendaurrean Erabili proiektua azaltzen da. Proiektuaren ezaugarriak, ibilbidea, antolaketa eta emaitzari buruzko oinarrizko informazioa jasotzen da.

Bilatzaile batez hornituta dago webgunea. Eduki guztiak daude eskuragarri euskaraz. Horrez gain, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta katalanez gida zer den azalduta dago, eduki guztiak hizkuntza horietan eskaini ez arren.

Jendaurrean Erabili proiektua

Jendaurrean Erabili proiektuan jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabili nahi duten erakunde eta eragileen jarduna errazteko bide eta bitartekoak landu dira. Proiektua 2015an martxan jarritako Praktika Komunitatearen inguruan artikulatu da. Izaera eta alor desberdinetako erakunde sozial, pribatu eta publikoak bildu dira bertan, euskarazko komunikazioaren inguruko esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikasteko.

Praktika Komunitateak bere jarduera aurrera eramatearekin paraleloan, jardun horrekiko bi norabideko harremanean, ikerketa taldeak hainbat ikerketa-lan garatu ditu urteotan eta horietatik mota askotako emaitzak sortu dira: txostenak, artikulu zientifikoak, kongresuetako aurkezpenak, hitzaldien bideoak…

Proiektuaren erakunde sustatzaileak izan dira: Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitatea

Proiektuaren aro eta aldi desberdinetan ikerketa-taldeko kide izan dira: Irati Agirreazkuenaga (UPV/EHU), Uxoa Anduaga (Soziolinguistika Klusterra), Eduardo Apodaka (UPV/EHU), Asier Basurto (Soziolinguistika Klusterra), Kontxesi Berrio-Otxoa (UPV/EHU), Idurre Eskisabel (UPV/EHU), Inazio Marko (UPV/EHU), Pablo Suberbiola (Soziolinguistika Klusterra) eta Beatriz Zabalondo (UPV/EHU).

Proiektuaren ibilbidean praktika Komunitateko kide izan dira: Adegi, AEK, Artez Euskara Zerbitzua, Athletic Club, Bai Euskarari elkartea, CAF, Donostia Zinemaldia, Donostiako Udala, EITB, ELA sindikatua, Elhuyar, Emun, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Legebiltzarra, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Guggenheim Bilbao Museoa, IMH-Makina Erremintaren Institutua, LAB sindikatua, Malerrekako Mankomunitatea, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia, Real Sociedad eta Sakanako Mankomunitatea.

Proiektuaren babesleak izan dira: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza

Gidaren aurkezpen ekitaldia

Pasa den azaroaren 22an Donostiako Tabakalerako Kutxa Fundazioa Plazan eguerdiko 12:00an egin zen jendaurrean.eus gidaren aurkezpen ekitaldia 50 bat pertsonaren aurrean. Euskal Herri osoko komunikazio arloko profesionalak, ikerlariak eta euskararen eremuan diharduten ikerlariak eta teknikariak bildu zituen aurkezpenak.

Lorea Arakistain PuntuEus Fundazioko komunikazio arduraduna eta Xabier Fernandez IN komunikazioa agentziako aholkularia, biak ere kazetariak, aritu ziren erakundeen komunikazioan hizkuntzak kudeatzearen konplexutasunaz eta garrantziaz, ekitaldiaren lehen zatian.

Jarraian, Jendaurrean Erabili praktika komunitatean parte hartu duten zenbait pertsonak euren hausnarketak eta iritziak partekatu zituzten: Helios Del Santo (AEK), Monika Rodrigo (Getxoko Udala), Susana Azpilikueta (Mondragon Unibertsitatea) eta Olatz Arrizabalaga (Donostia Zinemaldia). Proiektuan parte hartzeak euren erakundeen baldintza zehatzetan zein funtzio bete duen azaldu zuten eta beren antzeko lanetan dihardutenentzat gidak egin dezakeen ekarpena nabarmendu zuten.

Azkenik, Elhuyarreko Maddi Etxebarriak, Emuneko Oihan Zubizarretak eta Soziolinguistika Klusterreko Asier Basurtok gidaren edukiak eta ezaugarriak aurkeztu zituzten. Hiru erakunde hauek AZK komunikazio enpresarekin batera arduratu dira gida sortzeko prozesua koordinatzeaz, Jendaurrean Erabili praktika komunitateko beste kideen eta arloko hamaika adituren ekarpenak jasoaz eta antolatuaz.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN