Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

#Arnasguneak2025 [Urriak 17] “Arnasguneak euskararen biziberritze prozesuaren motor gisa hartzen dituen lurralde estrategia behar dugu, gainbehera iraultzeko”

Antolatzaileek ondorioak irakurrita amaitu da atzo eta gaur Azpeitian egin den ‘Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean’ nazioarteko konferentzia. “Arnasguneak desagertuz gero, biziberritze prozesuan asko egingo dugu atzera, eta asko gerturatuko gara desagertzetik gu baino askoz gertuago dauden hizkuntzetara. Ezin dugu hori gerta dadin utzi. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu. Lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria adostu eta abiarazi beharra dugu” nabarmendu dute.

Horretarako, arnasguneek lege babesa behar dutela adierazi du Miren Segurola UEMAren koordinatzaileak, konferentzia antolatu duten eragileen (UEMA, Soziolinguistika Klusterra, Udako Euskal Unibertsitatea eta Europako Coppieters Fundazioa) eta parte-hartzaileen izenean. “Hizkuntza politika aurrerakoiak egitea ahalbideratuko duen lege babesa behar dute arnasguneek. Erdarek bereganatu dituzten funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, erdaldunak erakartzeko eta eremu horien garapen jasangarria sustatzeko politikak eta egitasmoak behar ditugu. Euskara erdigunean jarriz egingo diren politika transbertsalak: demografiari, harrerari, ekonomiari, lurralde antolaketari, kulturari, hirigintzari eta bestelako esparru guztiei euskaratik begiratzeko jauzia egin behar dugu”.

Esku hartze sozio-ekonomikoa dentsitate altuko eremuetan: kontratazio irizpideak eta beste ekintza batzuk 

Cynog Prys eta Rhian Hodges doktoreen saioarekin hasi da gaurko saioa. Biak ere Euskal Herriko hainbat eragilerekin harremanean eta elkarlanean aritu izan dira azken urteetan. Prys Bangor Unibertsitateko irakasle titularra da, soziologian, gizarte-politikan eta hizkuntza-plangintzan espezializatua.

Azkenaldian, bere ikerketak galesaren eta faktore ekonomikoen arteko harremanean oinarritu dira. 2024an, ARFOR Challenge Funtseko beka bat eman zioten, Langile Elebidunak Kontratatzeko Tresna Sorta bat garatzeko. Horren nondik norakoak ere aurkeztu ditu bere hitzaldian.

Rhian Hodges, berriz, soziologian doktorea eta gizarte politikan aditua da. Bere lanaren ardatza Galeseko hizkuntza-plangintza eta gutxiengoen hizkuntzen berreskurapena da. Lehendik ere ibili izan da Euskal Herrian, Galesko hizkuntza plangintzari buruzko hitzaldiak ematen. Galesko dentsitate altuko eremuetan egin beharreko esku hartzeko sozio-ekonomikoez aritu da, kontratazio irizpideei arreta berezia jarrita.

Kontratazio irizpideak biltzen dituen gida-liburu bat egin dute, ARFOR proiektua, bi hizkuntzetan lan egin ahal izateko baldintzak lortu ahal izateko lan-munduan. Galesko Administrazio publikoan galestarrez hitz egiteko gaitasuna ziurtatu behar da legez, baina batzuetan zailtasunak daude hiztun elebidunak lortzeko. Gales hiztunen kopurua bikoizteko helburua daukagu jarrita 2050erako herrialdean, baina horretarako, besteak beste, garrantzitsua da gazteak dentsitate handiko eremuetan mantentzea, eta horretarako plangintza sozio-ekonomikoa beharrezkoa da. ARFOR proiektua egin zen eremu horien sostenibilitatea bermatzeko eta eremu horietan galesera sustatzeko.

Lan akademikoa egin dute, baina hortik harago interbentzio praktikoak ere sustatu dituzte komunitate horietan. Gazte eta helduek lana bilatzera beste eremuetara joateko joera dute, baina era berean ikusi dute arnasguneetako enplegatzaileek zailtasunak dituztela galesera dakiten langileak aurkitzeko. Kontradikzio horri aurre egiteko sustatu dute proiektu hau, lan leku batzuetan arnasguneak sortzeko asmoarekin.

Kontratazio planaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Hasteko, dentsitate handiko eremuak zeintzuk diren argi izatea garrantzitsua dela aipatu dute, eta Gales mendebaldean kokatzen dira; horietan eskuhartze praktikoa egitea izan da haien helburua. Enplegatzaileak galestar hiztunekin harremanetan jartzeko bideak jarri dituzte, horretarako. Sektore publikorako, pribaturako edo zerbitzu enpresetarako enplegatzaile elebidunak bilatu dituzte, nahiz eta sektore pribatuan galesez jakitea ezinbestekoa ez izan legez. Bi baliabide dituzte proiektuan: praktika onen gida, eta galestar hiztunen tipologiaren eredu bat sortu dute.

1-   Praktika onen adibideak erakutsi dituzte: 1) hizkuntza eskakizunak ondo komunikatu behar dira 2) Galestar hiztunengana ondo iristeko baliabideak ematen zaizkie enpresei, ohiko bideetatik haragoko komunikazio baliabideak erabilita 3) Gales hiztunengana iritsiko diren hedabideak erabiltzen dira kontratazio iragarkiak egiteko 4) Galestar hiztunak ongietorriak izango direla jakinarazteko bideak

2-   Galestar hiztunen tipologia zehaztu dute. Horretarako gazteekin egon dira, eta gazteen tipologia desberdinak bereizi dituzte hiru kategoriatan: bertan geratzea erabaki dutenak, beste eremuetara joan direnak eta beste eremuetatik arnasguneetara itzuli direnak.

Bukatzeko, etorkizuneko ildoak zehaztu dituzte: estrategia zehaztu eta ondo koordinatu behar da alde guztien artean, enpresa mundutik harago dauden beste arloak ere kontuan hartu behar dira hizkuntza politika eraginkorra egiteko, baina gero praktika horiek komunitatera egokitu behar dira.

Gutxiengoen babeserako Italiako marko legala: Hego Tiroleko italiera, alemaniera eta ladiniera hiztunen ikuspegia

Mattia Zeba ikertzailearen txanda izan da ondoren. Zeba ikertzaile seniorra da EURAC Gutxiengoen Eskubideen Ikerketa Institutuan, Bolzanon (Italia). Besteak beste, hizkuntza-eskubideak, eleaniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna, gutxiengo berriak eta ondare-hizkuntzak, aitortu gabeko « eskualde-hizkuntzak », hizkuntza-aldaerak eta praktika hibridoak aztertu ditu azkenaldian, hizkuntza gutxiagotuen babeserako marko legalari arreta berezia jarrita.

Bere lanak gutxiengoen eskubideetan eta aniztasun linguistikoaren kudeaketan oinarritzen dira batez ere. Hego Tiroleko kasuaren berri eman du konferentzian. Alpeetatik gertuko eskualde horretan, Italiar eta Alemaniar estatuen arteko mugan eta ladiniera bezalako hizkuntza gutxitu baten presentziarekin, udalerri mailan hizkuntzak legez kudeatzeko dauden aukerak eta praktikak aurkeztu ditu.

Arnasguneen kontzeptua Hego-Tirolen baliagarria den galdetu dio bere buruari saioari ekin aurretik, betiere kontuan hartuta Italiako egoera soziolinguistiko eta legala.

Italiako lege esparrua deskribatu du hizkuntza gutxiagotuei dagokionez, eta gero Hego-Tiroleko testuinguruan oinarritu du bere hitzaldia batik bat. Konstituzioaren arabera, hizkuntza gutxiagotuak babestu egin behar dira Italian. Errepaso historikoa egin du, eta esan du Ikuspegi holistikoa duten proposamenak lantzen joan direla 1970eko hamarkadatik aurrera, 1999an zehaztu zen gaur egungo legea,. Horren arabera, hizkuntza gutxiagotuak (eta kulturak) babesten dira Italian, baina modu arbitrarioan onartu zen nagusiki ze hizkuntza babesten diren Italian (hizkuntza gutxiagotu batzuk gehiago babesten direlako beste batzuk baino), eta ez da sekula ondo argudiatu zergatik hautatu ziren hizkuntza batzuk, eta ez besteak. Ausaz hautatu zirela dio. Zeintzuk dira gain-babestutako hitzkuntza horiek? alemana Hego Tirolen, frantsesa Aosta bailaran eta esloveniarra Friuli-Venezian (estatu-hizkuntzak, alegia). Adibidez, aipatu du Legeak ez dituela babesten bertako hizkuntza propio gutxiagotuak aurretik aipatutako hiru hizkuntza horiek bezainbeste, nahiz eta komunitate desberdinetan asko hitz egin (ladiniera aipatu du, adibidez, eta hizkuntza gutxiagotu horren lege-babesaren azterketa egin du).

Hego-Tirolen eta ladinieraren egoera aztertu du. Italiar hiztunak batik bat Hego-Tiroleko hiri handietan kokatzen direla aipatu du. Probintzia hiru-eledunik ez dagoela esan du (alemana, italiarra eta ladiniera hitz egiten dira Hego-Tirolen). Gainera, aipatu du zeinbait probintzietan alemaniaren dialekto desberdinak hitz egiten direla, eta horrek integrazioa zailtzen duela, alemaniar hizkuntzaren aldaera handiak dituztelako. Ladiniera probintzia autonomo desberdinetan hitz egiten da, baina probintzia bakoitzak lege-babes maila desberdina dauka, eta hori arazoa da ladiniera hizkuntzaren normalizazioa lortzeko. Hizkuntzen inguruko lege-babes mailaren hierarkia bat dago ezarrita probintzia bakoitzean, lege-babes desberdina batetik bestera, eta estatu-hizkuntza nagusiak babesten dira gehien.

Serbiako Voivodina Probintzia Autonomoan gutxiengoen hizkuntza-politiken ezarpena

Adrian Borka Voivodinako Gobernu Autonomoko kidearen hitzaldia izan da gaur hirugarrena. Serbian dago Voivodina probintzia, eta bertan ofizialak diren gutxiengoen hizkuntzen erabilera bermatzen eta ikuskatzen aritzen den  idazkaritzako kidea da Borka. Gutxiengoen hizkuntza eskubideen inguruko aditua da.

Serbiako gobernu zentraletik eskuordetutako zenbait gai kudeatzen ditu Voivodinako Gobernuak, autonomia-maila batekin, eta horien artean dago Gutxiengo Etnikoen Hizkuntza Politika. Borkaren lana hor kokatzen da, aitortza ofizial partziala duten sei hizkuntzen erabilera legala bermatzea baita haren zeregin nagusia. Partzialki sei hizkuntza ofizialki aitortuta dituen eremuan hizkuntza politika nola kudeatzen duten azaldu du.

Euskarak ez du periferiarik, zentrorik ez baitauka

Atsedenaldiaren eta kaferako eta solasaldirako tartearen ondoren, Alaitz Aizpuru eta Haritz Garmendia EHUko irakasle eta ikerlariak eta Mikel Artola Bertsozale Elkarteko langilea, Filologia lizentziatua eta euskalgintzako eragilea aritu dira hizlari. Azken urteetan Euskal Herrian ‘euskararen periferia’ kontzeptua azaleratu da eta hainbat hausnarketa eta eztabaidari bide eman die. Horien inguruan duten ikuspegia partekatuko dute hiru hizlariek, eta zentro-periferia dinamikak gure hiztun komunitatean nola ulertzen dituzten azaldu dute, besteak beste.

Mikel Artolak euskarak zentrorik eta periferiarik ba ote duen galdetu du. “Euskararen periferiak baldin badaude, zer zentro sortzen dute periferia horiek, eta nolakoa da zentro hori”. Euskararen periferien diskurtsoaren xedea zein den ere galdetu du. Euskararen normalizaziorako arriskutsua den diskurtso batzuk hedatu direla esanez, horrek fabore baino kalte gehiago egiten duela iritziz.

Euskararen periferiak diskurtsoaren lau ezaugarriak nabarmendu ditu Haritz Garmendiak.

1. Diskurtso askotariko eta nahasia. Zapalkuntza batetik besterako saltoen arriskuez aritu da.

2. Hizkuntzaren bueltan, baina hizkuntzan ardaztu gabeko diskurtsoa da. Ez du kontuan hartzen euskararen bilakaera historikoa, edota euskara estaturik gabeko nazio bateko hizkuntza dela, eta ez du hartzen kontuan euskararen zapalkuntza. Euskal komunitatearen diskurtsoa galdu da diskurtso horretan.

3. Arnasguneak jo puntuan? Diskurtso berri honek eta periferia hauek badute jopuntuan duten zentro bat, eta guztien artean elikatzen duten ideia da euskararen arnasguneak direla euskararen zentroa, EAE edota Gipuzkoa diren bezala. Euskararen arnasguneak, ordea, ezin dira erlazionatu hegemonia, boterea edota pribilegioa bezalako hitzekin. Gauza bat da zentroa izatea eta beste bat zentrala izatea. Hizkuntza batek, hilko ez bada, behar du gune trinko bat. Hizkuntzalaritzatik kanpoko ikuspegi bategatik hori ere zalantzan jarri behar al da?

4. Aurreiritzi linguistiko-kultural kolonialak indartzen ditu. “Arnasguneetatik kanpo dago euskararen aldeko benetako erresistentzia eta borroka”. “Arnasguneetako euskaldunak pribilegiatuak dira”. “Arnasguneetako euskaldunak berdinak dira, periferiakoak askotarikoak”, eta abar. Horrelakoak zabaltzen ari diren aurreiritziak.

Horren aurrean, euskararen periferia(k) diskurtsoaren helburua zein den auzitan jarri dute. Alaitz Aizpuruk galdetu du arnasguneak indartzea ala arnasguneak eraistea den helburua: “Lehenengoak euskararen biziberritzea indartuko luke. Baina bigarrenak? Zer elikatzen du arnasgunerik gabeko Euskal Herria aldarrikatzeak?”.

“Gure ustez, euskararen periferia deituriko diskurtsoa ez da euskararen periferia. Espainolaren eta frantsesaren periferia. Euskararen periferia deitutako diskurtsoa ez da arnasguneen periferia, Madril eta Parisen periferia dira. Gure ustez, diskurtso hau, nahita ala nahi gabe, euskalgintzaren helburuekiko atzera egitea dakarrena da, eta ez litzateke euskalgintzaz mozorrotu beharko”.

Argi hitz egiten jarraitu du Alaitz Aizpuruk: “Euskara ez da inoiz botere hizkuntza izan. Euskara atzo eta gaur bigarren mailako hiritarrena da. Erdara, frantsesa edo espainola, derrigorrezkoa den herri batean bizi gara. Arnasguneetan ere diglosia linguistiko eta kultural gogorra bizi da. Euskal Herriaren gehiengoa, euskaraz bizi nahi dugunontzat, zer-nolako itogunea den ezin da ahaztu”.

“Diskurtso hau euskaran ardaztua balego, euskaraz eta euskaratik abiatuko balitz, ez litzateke banatzen gaituen gai bat izango”. Diskurtso hauek euskalgintzaren barruan eta kasu askotan asmo onez ari den jendeak esanak direla gogoratu, eta horrek “gure arazo estrukturalaren neurria erakusten” duela nabarmendu.

Galdera batzuk egin ditu amaitzeko:

Erdalgintzaren euskalgintza existitzen al da? Erdalgintzaren euskalgintzaren zantzuak ba al daude gurean? Hizpide dugun euskararen periferien diskurtso hau ez al da horren adibide bat?

Diskurtso honek, modu honetara kokatuta eta osatuta:
· Hizkuntza zapaldu baten errealitatea eta barne logikak ez ditu argitzen.
· Ez zaigu kontzeptualki ere tresna ona.
· Banatu egiten gaitu batu beharrean, komunitate izaera zartatzen digu.
· Arrazionalitate moderno inperialistaren gakoetatik pentsatzera garamatza, ikuspegi dekolonialaren kontrako norabidean, pribilegioa eta boterea euskaldunon artean kokatuz modu iruzurti batean.

Horri aurre egiteko, formakuntza soziolinguistiko sendoa beharrezkoa dela nabarmendu dute, besteak beste, eta orain arteko txalo zaparrada handiena jaso dute hiru hizlariek.

Lurralde estrategia bat euskararen biziberritzerako, Iñaki Iurrebasoren ahotik

Iñaki Iurrebaso soziolinguista eta UEMAko ikerlariak hartu du hitza ondoren. Azken urteotan euskararen egoeraren gako nagusiak ulertzeko ekarpen erraldoia egin du bere doktore tesian, eta bereziki aztertu du arnasguneek eta udalerri euskaldunek zer-nolako funtzioa betetzen duten euskararen biziberritzean.

Datuak aletu ditu hitzaldiaren lehen zatian, ikerketa baten emaitzak aurkeztuz. Horiekin, erakutsi du zein eragin izan duen euskalduntzeak (etxean euskara jaso ez zutenek euskara ikasteak) erabileran, zonalde euskaldunago eta erdaldunagoetan. Eta hortik ondorioztatu du zein izan den euskalduntzearen ahaleginaren inpaktua zonaldeka. Ondorioa: etxean euskara jaso ez duten hiztunek duten euskararen erabilera-maila zeharo aldatzen da udalerriaren euskalduntasunaren arabera (euskaldunagoetan erabilera handiagoa, jakina). Horrela, Iurrebasok nabarmendu du euskalduntze politiken inpaktua askoz indartsuagoa dela zenbat eta zonalde euskaldunagoa izan. Datu bat ere eman du: zonalde oso erdaldunetan baino 5-6 aldiz gehiago erabiltzen dute euskara arnasguneetako euskaldun berriek. “Beraz, horietan jarritako ahaleginak askoz fruitu hobeak eman ditu (erabileran) zonalde erdaldunetan egindako ahaleginak baino. Baratze askoz emankorragoak dira arnasguneak”.

Ondoren, adierazi du lurralde estrategia bat behar duela euskarak indarberritze prozesuan. “Ikerketaren emaitzei jarraituta, eta gauden minorizazio egoeran, errazago aurreratu dezakegun zonaldeei arreta berezia jartzea sen onekoa dirudi. Ideia nagusia: zonalde euskaldunei motor izaera aitortu behar zaie indarberritze prozesuan. Horiek indartzea eta sendotzea lehentasunezkoa da. Ondoren zonalde horietatik irradiatuko baita euskara gainerakoetara. Horretarako, besteak beste, zonifikazio bat proposatu beharko litzateke, zonalde euskaldunagoetan politika aurreratuagoak abian jartzeko. Horrez gain, politika integraletara jauzia ere egin behar da, noski, arnasguneetatik abiatuta”.

Bost irizpide zehaztu ditu lurralde estrategia horretan jarduteko:

  1. Lurralde eremu guztietan eragin behar da.
  2. Esku-hartze-molde ezberdinduak-egokituak lurraldean.
  3. Ingurune euskaldunagoei motore-lidergo-aintzindaritzaz papera.
  4. Arreta berezia lurralde eremu euskaldunenei. Oinarrizko printzipioa: zenbat eta lurralde euskaldunagoa, orduan eta arreta bereziagoa.
  5. Zonalde euskaldunagoak gainerako eremuen euskalduntzerako baliabide eraginkor(ago) bihurtu.

Solasaldia, Irati Urdalleta kazetariak gidatuta: Aitor Aldasoro (Eusko Jaurlaritza) eta Jabi Arakama (Nafarroako Gobernua).

Euskararen indarberritzerako Iurrebasok proposatu duen lurralde estrategia entzun ondoren, Hego Euskal Herrian hizkuntza politikan ardura dutenen txanda heldu da. Erakunde publikoetako bi ordezkari jarri ditu solasean Berria egunkariko Irati Urdalleta kazetariak: Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Jabi Arakama, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria. Arnasguneen inguruan egin denaren, egiten denaren eta egin behar denari buruz galdetu die Urdalletak.

Bakoitzari dagokion erakundearen hizkuntza politikaren zertzelada nagusiak azaltzeko eskatu die lehenik. Erronka handiena euskara zeharlerrotasunez lantzea eta beste sailak horretara bideratzea izango dela aitortu du Aldasorok. UEMArekin batera 2019az geroztik abian duten arnasguneen garrantzia jendarteratzeko Arnasa Gara ekimenaren beharra zergatik ikusi zuten azaldu dute ondoren.

Euskara biziberritzeko arnasguneak oinarritzat dituen eta Iurrebasok proposatu duen lurralde estrategiaren inguruko iritzia eskatu die ondoren Urdalletak. Herri zehatzetarako estrategia beharrean, bailara buruen garrantzia aldarrikatu du Aldasorok, arnasguneen funtzioa hizkuntzaren kalitateari lotuz batez ere, eta beste eremuetan ere jarduteko beharra aipatuz.

Ondorioak: « Arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu ».

Konferentzia amaitzeko, antolatzaileek ondorioak irakurri dituzte. Iñaki Irazabalbeitia (Coppieters Fundazioa), Imanol Larrea (Soziolinguistika Klusterra) eta Miren Segurolak (UEMA) hartu dute hitza antolatzaileen eta batzorde akademikoaren izenean, eta bi egun hauetako  jarduna borobildu nahi izan dute, nazioartetik etorritako lagunei, hizlariei eta parte-hartzaile guztiei eskerrak emanez.

Miren Segurolak irakurri ditu proposamen zehatzak:

« Atzo eta gaur bateko eta besteko soziolinguistak, hizkuntzalariak eta adituak entzun ditugu hizkuntza gutxituen biziberritzean arnasguneek egundoko garrantzia dutela esaten. Euskararen biziberritzerako udalerri euskaldunen eta arnasguneen zaintza eta garapena giltzarriak direla sinesten dugunontzat, benetan garrantzitsua da bi egun hauetan entzun dugun guztia.

Beste behin ere agerian geratu da hipotesiez eta usteez harago, ikerketek eta estatistikek argi erakusten dutela arnasguneak ezinbestekoak ditugula aurrera egingo badugu, bai munduko hizkuntza gutxituetan, eta baita Euskal Herrian ere.

60ko hamarkadatik asko aurreratu dugu indarberritze ahaleginean: ezagutzan, alor formaletako erabileran eta hainbat esparru funtzionaletan. Ez dugu aurreratu, ordea, euskara nagusi izango zuen lurralde eremua sendotzen. Alderdi hori ez da lehentasunen artean egon eta sendotu beharrean, arnasguneak ahultzen ari dira. Proiekzioek are ondorio ilunagoa iragartzen diete eremu hauei.

Arnasguneak desagertuz gero, biziberritze prozesuan asko egingo dugu atzera. Kanpoko esperientziek hori erakutsi digute. Atzera egingo dugu. Eta ezin dugu hori gertatzen utzi. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu. Arnasguneek Euskal Herria euskalduntzeko trakzio lana egitea ahalbideratuko duen estrategia marraztu behar dugu. Lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria adostu eta martxan jarri. Arnasguneetan hasi, eta eremu erdaldunenetara iritsiko den lurralde estrategia.

Arnasguneek lege babesa behar dute. Hizkuntza politika aurrerakoiak egitea ahalbideratuko duen lege babesa. Erdarek janda dituzten funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, hiztun berriak erakartzeko eta eremu horren garapen jasangarria sustatzeko politika eta egitasmoak behar ditugu. Euskara erdigunean jarriz eta norbanakoei begira baino komunitateari begira egingo diren politikak. Politika transbertsalak: demografiari, ekonomiari, lurralde antolaketari, hirigintzari eta bestelako esparru guztiei euskaratik begiratzeko jauzia egin behar dugu.

Eta argi izan, etorkizuna ez da kristalezko bola batean ikusten. Etorkizuna gu guztion artean marrazteko aukera daukagu. Erabakimenez, elkarlanean eta adostasunak lortuz, euskara nagusi den lurralde eremua sendotzea posible da. Eta guk konbentzimenduz, aurrera egingo dugu ».

MATERIAL OSAGARRIA

ARGAZKI BILDUMA:
· 
Urriak 16 eta 17. Hitzaldi guztien eta nazioarteko konferentziaren giroa, argazkitan.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN