Ikerketa-proiektu honek udalerri euskaldunetako haurrek nagusiki euskara erabiltzeko hizkuntza-ohituratik gaztelaniara egiten duten aldaketa aztertu nahi du. UEMA eta Soziolinguistika Klusterraren arteko elkarlanean gauzatzen ari da proiektua 2021ean eta 2022an. Hainbat udalerri euskaldunetako eskoletako hizkuntzen erabileraren neurketatik ateratako emaitzak daude, neurri batean, proiektu honen jatorrian.
Hauek dira UEH ikerketaren helburu nagusiak:
- Haurrek adin gero eta goiztiarragoetan gaztelaniaz hitz egiteko eragina duten faktoreak identifikatzea
- Faktore horietatik abiatuta, hizkuntza aldaketarako estrategiak proposatzea
Bestalde, bi zeharkako helburu ere jorratuko dira ikerketa honetan. Alde batetik, UEMAko udalerrietako hizkuntza-ohituren irudi orokor kualitatiboa osatzea, eta bestalde, ikerketako parte-hartzaileen artean hausnarketa soziolinguistikoa bultzatzea.
UEMAK eta Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabilera neurketak egin zituzten 35 ikastetxetako 7 eskolatan gauzatzen ari da ikerketa, lurraldetasuna eta aniztasuna irizpideak aintzat hartuta.

Zuzendaria: Eider Saragueta (DREAM ikerketa taldea-EHU)
Koordinatzailea: Beñat Garaio (Soziolinguistika Klusterra)
Garapen Taldea: Mariate Bizkarra (IkHezi ikerketa-taldea-EHU), Iñaki Eizmendi (EBETE), Garikoitz Goikoetxea (UEMA), Jone Goirigolzarri (Deustuko unibertsitatea), Karmele Perez (HUHEZI-Mondragon Unibertsitatea)