This section is only available in Basque See it

Izaro Arrutik eta Sandra Prietok irabazi dute Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria hezkuntza soziolinguistikorako baliabideen azterketarekin

Bigarren lana euskararen markaren gaineko ikerketarentzat izan da. Hirugarrena, berriz, kulturgintzak hizkuntza-biziberritzeari egiten dion ekarpena aztertzen duen lanarentzat.

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituzte sarien banaketa ekitaldia abenduaren 15ean izango da Gasteizen; UPV/EHUren Micaela Portilla aretoan, 12etatik aurrera.

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien 2021eko edizioan garaile izan diren lanak honakoak izan dira:

Lehen saria (Jose Luis Zumetaren litografia eta 2.000€):

Hezkuntza soziolinguistikoa: Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena.

Egileak: Izaro Arruti (Andoain, Gipuzkoa, 1996) eta Sandra Prieto (Lasarte-Oria, 1991)

Egileei buruz: Izaro frantses eta ingeles filologian lizentziatua da, euskal ikasketen minorrarekin. Gaur egun EuskarAbentura espedizioko hizkuntza arduraduna eta ikerlaria da. Sandra Euskal Filologian lizentziatua da. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean Bigarren Hezkuntzako Masterrean biek elkarrekin egindako Master Amaierako Lana izan da aurkeztutako lanaren oinarria.

Laburpena: Lana Euskal Herriko gazteen profil soziolinguistikoan identifika daitezkeen bi ahulgunetatik abiatzen da: ezagutza eta erabileraren artean dagoen desoreka eta aurreiritzietan eragiteko beharra. Adituek soziolinguistikari eta hizkuntza-ekologiari buruzko hausnarketak egiteak eta ezagutza zientifiko hori ikasleei transmititzeak positiboki eragin dezakeela defendatzen dute. Era berean, maila ezberdinean, EAEko, Nafarroako, zein Ipar Euskal Herriko curriculumek ere lanketa hori egitea beharrezkoa dela ezartzen dute. Gauzak horrela, ikerketa-lanaren helburu nagusiak; Euskal Herrian soziolinguistika eta hizkuntza-ekologia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan lantzeko dauden materialak eta baliabideak biltzea, horiek aztertzea eta sailkatzea, hezkuntza komunitateko askotariko eragileek gaion lanketaren errealitateaz dituzten pertzepzio eta iritziak ezagutzea, eta osatutako sailkapena hezkuntza komunitatearen eskura ipintzea dira.

Epaimahaiaren aipuak: Eskoletan oinarrizko hezkuntza soziolinguistikoa sartu beharra gaurkotasuneko gaia da, baina ez da orokortu eta ez zaio konponbide nahikorik eman. Beharrezkoa eta aplikagarritasun handiko lana da, ekinbide berrietarako oinarriak ezartzen dituelako. Lan sakona da eta zuzen idatzitakoa da. Aditu eta eragileekin eraikitako lana da eta bera osatzeko izandako harremanak eragiletza dira, maila batean. Hizkuntza-aniztasunaren balioa azpimarratzen da, gaztakaren aurretik. Bereziki azpimarragarria da Galizian arreta jartzea eta hango material interesgarri eta egokia aztertzea ere.

Bigarren saria (1.300€):

Euskararen marka: marketinetik hizkuntza plangintzara

Egileak: Estitxu Garai (Gordexola, 1985), Irati Agirreazkuenaga, Irene Garcia, Sergio Monge, Angeriñe Elorriaga, Patxi Azpillaga, Ainara Miguel, Naroa Jauregizuria Eta Koldo Atxaga (Nik ikerketa taldea)

Egileei buruz: Nik ikerketa taldea “Euskararen Marka” ikerketa proiektua garatzeko beren-beregi eratutako taldea da. Estitxu Garai Artetxe irakaslearen gidaritzapean, iker-taldea publizitate eta komunikazioaren alorreko Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariek osatzen dute. Euskararen Marka proiektua euskalgintzako agenteen eta EHUren lankidetzari esker garatu da.

Laburpena: Euskararen marka-irudiaren azterketa da ikerlan honen muina. Markagintzaren alorretik datorren eremu kontzeptuala hizkuntzaren eremura ekartzea izan da lehenengo urratsa: hizkuntza markagintzaren kontzeptuari gorputz teorikoa ematea, alegia. Ondoren, focus taldeen teknika kualitatiboa erabili da oinarri teoriko horretan sakondu eta fase kuantitatiboa (inkesta) diseinatzeko urrats arakatzaile gisa. Azkenik, euskararen marka irudiaren argazkira heltzeko, makroinkesta bat egin da Euskal Herri osoan. Hizkuntzek ere badute bere irudia, badituzte inguratzen dituzten marko asoziatibo eta gogo-loturak. Hizkuntza politika eta plangintzan markagintza eta marketinetik datozen jakintzak baliatzeko oinarria jartzea da lan honen proposamena.

Epaimahaiaren aipuak: Ekarpen interesgarria da markagintzaren ezagutza hizkuntzari aplikatzea. Euskararen inguruko komunikazioan, zenbaitetan ez da behar adina landu hartzaileen sektorekako lanketa eta estrategien diseinua (segmentazioa). Hutsune horri erantzuteko proposamen oinarriduna da lanak jasotzen duena. Aurkezten diren tresnak baliagarriak dira kanpaina bat diseinatu nahi duenarentzat, adibidez.

Hirugarren saria (1.000€):

Kulturaren eragina hizkuntzaren biziberritzean. Behin-behineko ondorio batzuk

Egilea: Iñigo Beitia (Eskoriatza, 1993)

Egileari buruz: Gizarte Antropologian graduatua, euskararen gaineko ikerketetan parte hartu izan du eta bere gradu zein master amaierako lanak hizkuntza antropologiari lotuta egin ditu. Egun berriz, UPV/EHUko doktoregaia da eta NOR ikerketa taldeko kidea.

Laburpena: Lan honek hizkuntza eta kulturaren arteko uztarketaz dihardu, hizkuntzaren biziberritzeari begira garrantzitsuak izan daitezkeen gakoak eskaini ditzakelakoan. Hein honetan, azken urteetan egin diren ikerketetan oinarrituta, gaiaren garapen teoriko bat egiten da lehenik, amaieran eredu bat proposatzeko. Antropologia, neurozientziak, hizkuntza-antropologia eta hizkuntzaren biziberritze prozesuan oinarritu da egilea honetarako. Funtsean, biziberritzeari dagokiola hausnarketa bide berri bat zabaltzea da helburuetako bat. Azkenik, ondorioztatzen da hizkuntzaren biziberritzean funtsezkoa dela hizkuntza kultur testuinguru batean lantzea, aukera honek hizkuntzaren erabilera areagotu dezakeen heinean.

Epaimahaiaren aipuak: Hizkuntza biziberritzearen norabide estrategikoa lantzen ari diren adituen kezkekin bat egiten du lanaren gaiak. Hizkuntza-sozializazioa eta kulturgintzak hizkuntzen biziberritzean jokatzen duten papera eta duten garrantzia azpimarratzen da. Oso ongi argudiatrutako lana da eta idazkera didaktiko egokian aurkezten da. Bereziki nabarmentzen da gaiaren ibilbide historikoa zein ongi laburtu eta sintetizatzen duen.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN