This section is only available in Basque See it

Itzultzaile automatikoak sortzen dituen eraginen inguruan ikertzeko Itzulinguru proiektua martxan da

Itzulinguru proiektuak hiru helburu nagusi ditu:

  1. Itzultzaile neuronalek gizarte testuinguru desberdinetako jarduera-sistema arautuetan eragiten dituzten eraldaketak, erabilerak eta berrikuntza disruptiboak zein diren zehaztea.
  2. Hainbat esku hartze diseinatzea eta proban jartzea, jarduera-mota bakoitzean itzultzaile neuronalaren erabilera egokia, erosoa eta eraginkorra egiteko xedez.
  3. Identifikatzea zein diren etorkizunerako landu beharreko gaitasun berriak eta arau berriak, euskara biziberritzearen ikuspegitik, itzultzaile neuronala maila praktikoan erabiltzeko.

Hizkuntza-teknologien azken aldiko garapenak pertsonen eguneroko bizimoduan aldaketak ekarri dituzte eta hurrengo urteetan are aldaketa handiagoak ekarriko dituztenaren ustea oso zabaldua dago. Adimen artifizialaren bidetik, pertsonen gero eta jarduera gehiago teknologiak mediatizatuak izango dira. Hizkuntzei dagokienez ere eragina berebizikoa izango dela aurresan daiteke. Hizkuntza gutxituaren ikuspegitik, euskara egoera soziolinguistiko zaurgarrian dagoela kontuan harturik, era honetako aldaketa global eta sakonen eragina hil ala bizikoa izan daiteke. Euskararen biziberritzearen eta soziolinguistikaren begietatik, beraz, hizkuntza teknologien eragina, teknologia hauen aplikazioa eta erabilerak interes biziko aztergaiak dira. Proiektu hau bide horretatik proposatutako ikerketa-ekintza egitasmoa da.

Gaur egun euskaraz nahiko garapen teknologiko maila aurreratua duelako eta gizarteko testuinguru arrunt eta anitzetan baliatzen den tresna delako, proposatzen da aztergaia izatea itzultzaile neuronalen inpaktua euskararen erabilera aplikatu kasuetan. Hala ere, egitasmo hau ildo orokorrago baten abiapuntu gisa ulertzen da. Itzultzaile neuronalarekin egingo den esperientzia hau, aurrerago adimen artifizialaren bestelako aplikazioak eta hauen efektu soziolinguistikoak aztertzeko oinarri izango da. Beste hizkuntza teknologia batzuk agertu eta, neurri batean, gizarte-bizitzan errotu ahala, hauen erabilera moduak eta dituzten ondorioak monitorizatzeko ildoa iraunkortzea beharrezko ikusten da, teknologia hauen berrikuntza eta inpaktua esanguratsua eta etengabea izango dela aurreikusten dugun heinean.

Itzulinguru egitasmoa 2023ko ekainean abiatu zen eta 2024ko abenduan amaitzea aurreikusten da. Proiektuak Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN