Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.
This section is only available in Basque See it

Berba-lapiko proiektua

Garapen metodologikoa testuinguru erdaldunetako ikasleen euskarazko ahozko hizkuntzan aurrera egiteko

Berba-lapiko proiektua hezkuntza esparruan euskararen erabileran eta konpetentzian sakontzeko proposamena da, batik bat testuinguru soziolinguistiko erdaldunei erreparatzen diena. Prestakuntza-ikerketa bidea eginez sakontzen du, euskararen ahozko konpetentzia praktikoa eta eraginkorra lortzeko irakasleen prestakuntzan, metodologia berriztatzean eta ikasleen garapenean esku hartuz.

Helburuak:

  • Eremu ez-euskaldunetako LHko ikasleen euskarazko ahozko hizkuntzan aurrerapenak eragitea eremu akademikoan.
  • Irakasleak formatzea ahozko konpetentziaren kalitatean eta erabileran aurrerapenak eragiteko.
  • Ikerketa emaitza eta ezagutza hedatzea.

Esku hartzea

Ikerketa

2017/2018 – 2021/2022

Metodologia garatu zen eta bi ikastetxetan inplementatu, probatu eta hobekuntzak txertatu ziren.

1. IKERKETA (PILOTUA). Metodologiaren sorrera (2 ikastetxetan).

2021/2022

Hizkuntza errutina metodologia baliatuz, 17 ikastetxetan esku hartzea abiatu zen.

2. IKERKETA. Hizkuntza errutina metodologiaren eraginak: ikasleen ahozko komunikazioan eta irakasleen pertzepzioan (4 ikastetxetan).

2022/2023

Beste 17 ikastetxe gehiago batu ziren hizkuntza errutina metodologian oinarritutako esku hartzera.

3. IKERKETA. Hizkuntza errutina metodologia baliatzen duten ikastaldeen bilakaeraren azterketa (3 ikastetxetan).

2023/2024

2024/2025

10 ikastetxe gehiago batu dira hizkuntza errutina metodologia aplikatzen duten ikastetxeen multzora.

Hizkuntza errutina metodologia

Lehen Hezkuntza 1-4

Helburuak:

  • Gaitasun sortzailea bultzatzea, oinarrizko hizkuntza formak ezagutuz erabilera errealean ekoizteko.
  • Hizkuntzarekin gozatzea eta euskararekiko atxikimendua handitzea, kultura baliatuz hiztun aktiboak sortzeko.

Azalpena:

Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortuko dituen eta ahozkoaren lanketa sistematikoa egitea bermatuko duen metodologia bat da. Oinarrizko hizkuntza egiturak modu progresiboan lantzea du xede, hizkuntzarekin jolas eginez eta gozatuz. Horrela, euskaraz aritzeko gaitasunean sakontzeko aukera eskaintzeko eta euskara eroso erabiltzeko eremuak eraikiko dira.

Egunero 20 minutuko esku hartzea egiten da, leku eta ingurune goxo batean. Ahozko komunikazioa lantzen da tarte horretan, modu sistematikoan, testu genero desberdinak erabiliz. Herri kultura eta literaturan oinarritutako testuak baliatzen dira, ikasleen testuinguru eta erreferentzietara egokituta.  Era horretara, herri literaturari ere protagonismoa eman nahi izan diogu, ikasleek tradiziozko testu batzuk ezagut ditzaten. Gaiak berariaz aukeratzen dira, ikasleen gertuko egoera komunikatiboak lantzeko.

Egunez egun erronka linguistikoak gehitzen eta handitzen doaz. Ahoz gero eta sorkuntza konplexuagoak ekoizteko, estrategia desberdinak baliatzen dituzte metodologian bildutako ariketek: banaka ala binaka sortzea, paperean idatzitakotik abiatuta ala bat-batean…

Metodologia honetan garrantzia berezia ematen zaio irakasleek ikasleen ahozko sorkuntzan zeri erreparatu eta zer zuzendu zehazteari.

Sekuentzia Didaktikoa metodologia

Lehen Hezkuntza 5-6

Helburuak:

  • Ahozkoaren lanketa modu sistematikoan eta proiektu komunikatibo baten barruan jorratzea, testu-genero jakinen araberako jarduerak, materialak eta ebaluazio irizpideak eskainiz.
  • Testuinguru erdaldunetan euskarazko murgiltze programetako edukiak hizkuntza gaitasunekin batera lantzea, berariazko ahozko komunikazio, testu eta hizkuntza gaitasunetan trebatuz.

Azalpena:

Eskola testuinguru erdaldunetako ikasleek beharrezko dituzten ahozko gaitasun  komunikatiboak modu sistematikoan lantzeko Genebako sekuentzia didaktikoaren (Schneuwly & Dolz, 1998; Larringan & Idiazabal, 2012) metodologia baliatu da proiektu honetan. Ikasleen testu-ekoizpena bideratzeko testu-generoa hartzen da abiapuntu gisa metodologia honetan, honek gidatzen eta mugatzen baititu ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak. Proposamen didaktiko hauen bidez ikasleek ahoz egoera komunikatibo esanguratsu bati ekin eta amaitzeko baliabideak eskaintzen dira, modu autonomoan zentzu komunikatibo osoa duen testua  bere osotasunean sor dezaten oinarrizko baliabideak eskainiz. Irakasleari testu-ekoizpen bera bideratzeko bi ibilbide eskaintzen zaizkio, ikasleen ezaugarrien arabera aukeran jarri eta frogatzeko.

Berba-lapikon metodologia hau gauzatzeko orduan hizkuntzaren lanketa curriculumeko edukiekin uztartu da, ahozko gaitasunen lanketa gainerako arloekin batera langai jarriz. 3-4 astez, saioz saio moduluak eskaintzen dira proiektuari lotutako testu-ekoizpen nagusi bat modu eraginkorrean sortzeko.

Azpimarratu beharra dago etengabea izan dela irakasleekin izandako elkarlana sekuentzia didaktikoak irakaskuntzako behar errealetara egokitzeko.

Oinarrizko bibliografia

  • Bronckart, J.-P. (2007a). El análisis de las prácticas como técnica de formación y desarrollo. Infancia y Aprendizaje. 19 (2), 123-134.
  • Bruner, J. eta Palacios, Jesús. (2004). Desarrollo cognitivo y educación. Morata
  • Dolz, J.(2004). Produire une explication en chimie à l’école primaire. Le jus de chourouge: un indicateur coloré. In: K. Canvat, M. Monballin & M. van der Brempt (Ed.) Convergences aventureuses. Littérature, langue, didactique. Pour Georges Legros (pp.89-109). Namur: Presses universitaires de Namur.
  • ISEI-IVEI (2021). “Ebaluazio-diagnostikoaren markoa (Lehen Hezkuntzako 4. maila): hizkuntza eta literatura komunikaziorako konpetentzia (eukara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza) ISEI-IVEI. “Mintzamenerako ebaluazioa”: LH4.maila

2023/2024 ikasturteko esku hartzea

Ikasturte honetan 40 ikastetxetan esku hartzen ari gara.

8 aholkulari arduratu dira metodologian erabiltzeko formakuntza emateaz.

245 irakasle ari dira ikastetxeetan aplikatzen.

5300 ikasle baino gehiagorengana heltzen da horrela Berba-lapiko proiektuaren eragina.

Urtez urte errepikatzen diren urratsen bidez gauzatzen da Berba-Lapiko proiektua ikastetxeetan. Urtero borobiltzen den zikloan, ikasgelan dagokion esku hartze metodologikoa aplikatzeaz gain, datuak biltzen dira eta ikasgaiak ateratzen dira hobekuntzak egin ahal izateko. Datu eta ikasgai horiez elikatzen diren ikerketa-ildoetan ezagutza berria eskuratzen da ikastetxe bakoitzarentzako zein proiektuaren garapenerako lagungarri izango dena.

1.

IKERKETA (PILOTUA). Metodologiaren sorrera

Ikasleen ahozko komunikazioan eragiten duten garapen adierazleak identifikatzeko ikerketa, euskararen presentzia txikia duten testuinguruetan kokatutako bi ikastetxetan. Adierazleak identifikatu ostean horietan eragiteko metodologiak garatu dira eta irakasleak gaitu dira horiek ikasgelan aplikatzeko.

Lehen Hezkuntzako 5. mailan garatzen hasi eta urtez urte zabaltzen joan da beste ikasmailatara, Lehen Hezkuntzako ikasmaila guztietan (LH1-LH6) ikertzera iritsi arte. LHko 5. eta 6. mailan Sekuentzia Didaktikoen bidez lan egiten da ikasgelan. LHko 1., 2., 3. eta 4. mailan Hizkuntza Errutina metodologia da esku hartzerako baliatzen dena.

2.

IKERKETA. Hizkuntza errutina metodologiaren eraginak: ikasleen ahozko komunikazioan eta irakasleen pertzepzioan

Lau ikastetxetan, hizkuntza errutina metodologia aplikatu duten taldeetan, metodologiak ikasleen ahozko komunikazioan izan duen eragina ikertu da. Aldi berean metodologia erabili duten irakasleek esku hartzearen aurretik eta ondoren ahozko komunikazioa lantzeari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko ikerketa kualitatiboa egin da.

3.

IKERKETA. Hizkuntza errutina metodologia baliatzen duten ikastaldeen bilakaeraren azterketa

Hiru ikastetxetan LH1etik LH4ra hizkuntza errutinen metodologia baliatu duten taldeetako ikasleen urtez urteko jarraipena egiten du ikerketak; lau urtetan ahozko komunikazioan izan duten bilakaeraren ikuspegi osoa ere eskuratuko da honela. Ikastetxe berdinetan metodologia aplikatzen ez duten zenbait kontrol talderen jarraipena egiten da aldi berean, alderaketarako.

Proiektuaren Garapen Taldea

  • Olatz Bengoetxea Manterola – Soziolinguistika Klusterra – Koordinatzailea
  • Paula Laita Pallares – Soziolinguistika Klusterra
  • Agurtzane Azpeitia Eizagirre – Mondragon Unibertsitatea. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI) – Zuzendaria

Sekuentzia Didaktikoaren lantaldea

  • Leire Diaz de Gereñu Lasaga – Elebilab (Euskal Herriko Unibertsitatea)
  • Ibon Manterola Garate – Elebilab (Euskal Herriko Unibertsitatea)

Berritzegune Nagusiko Aholkulariak

  • Joseba Ibarretxe Fernandez de Larrinoa
  • Aitziber Agirre Otsoa
  • Jexux Larrañaga Arriola
  • Guruzne Arregi Elosua
  • Ane Salvador Errasti
  • Rakel Iruarrizaga Barragan
  • Ibon Iza Totorika
  • Zuriñe Yarritu Azpitarte

Sustatzailea

Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza Saila