This section is only available in Basque See it

UEU-ko Udako Ikastaroak 2002 URRATS BERRIAK EUSKARAREN BERRESKURAPEN LANETAN: EIBARKO IKASTAROAK

  1. Hizkuntza egoeraren neurketarako, diagnosirako eta prospekziorako tresna eta esperientzia berriak
  2. Gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko egitasmoak
  3. Hizkuntza hautua ukipen egoeran: hezkuntzaren mugak, Kataluniako ikasbidea
  4. Bizindar etnolinguistikoa udalerriaren ikuspegitik: azken ikerketak eta esperientziak
  5. Euskal Herriko Hizkuntz Egoera: azken datu nagusienak
  6. Euskararen historia soziala: ikerketa lanen azalpena eta “tertulia”
  7. Herrietako plan estrategikoak eta hizkuntz bilakaera aztertzeko adierazle sistemak
  8. Ikerketa lan eta ekimen berriak
Hizkuntza egoeraren neurketarako, diagnosirako eta prospekziorako tresna eta esperientzia berriak
Lore Erriondo Neurkareletik eta Mintzagrama; oinarria eta erabilpena
Ikastetxeetako Normalkuntza planen garapena ebaluatu ahal izateko tresnak eta laguntzak ez dira oraindik oso ugariak, baina dagoeneko batzuk baditugu. Lore Erriondok ikastetxeetako normalizazio maila neurtzeko Neurkareletik eta Mintzagrama aplikazio informatikoen oinarria eta funtzionamendua azaldu dizkigu adibide praktikoetan oinarrituz.
Olatz Altuna Begira. Prospekzioak egiteko modua, esanahia eta ariketa praktikoak.
Nola jakin orain arteko erritmoarekin zenbat euskaldun egongo den gure herrian 6-8-10 urte barru? Begira-rekin, ditugun datuak sartu eta berehala jakingo dugu ezagutzaren eta erabilera isotropiakoaren bilakaera zein izango den.
Olatz Olaso Ofercat Euskal Herrian: Euskaintza, Azpeitiako esperientzia
Zenbatekoa da euskaraz gure herrian dagoen eskaintza (oro har)? Eta, nola neurtu? Kataluniako zenbait hizkuntza teknikarik herrian katalanezko eskaintza zenbatekoa den jakiteko tresna oso erabilgarri bat garatu dute. Saio honetan tresna hau Euskal Herrira egokitzeko martxan den ekimenaren berri izan dugu.
Gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko egitasmoak
Diego Egizabal Kuadrilategi egitasmoa: oinarriak eta azken urteetako esperientziaren ondorioak
Kuadrilategi egitasmoa aitzindaria eta berritzailea izan da gazteen artean taldekako euskararen ikaskuntza-prozesu naturala antolatu eta dinamizatzeko, euskararen erabilera areagotzeko bide berriak zabalduz. 5 urteko esperientziaren ondoren, egitasmoaren oinarriak eta gaur egun duten antolaketa, funtzionamendua eta helburuen berri eman digute.
Iñaki Eizmendi eta Saioa Larruskain “Lagunarteko hizkerarekin jolasean” KukuMiku-k eta Urtxintxak garaturiko egitasmoa
Nola eskaini euskara ikastetxean soilik (edo nagusiki) jasotzen duten gazteei beren lagunarteko hizkera aberasteko aukerak? Edo beste era batera esanda; nola eskaini aukera erreal bat lagunarteko egoera informaletan –gustukoenetan- euskaraz egin dezaten? Ttakun elkarteko Kuku-Mikuk haur eta gazte sailak eta Urtxintxak egitasmo berri bat sortu dute gabezia garrantzitsu honi erantzuteko.
Hizkuntza hautua ukipen egoeran: hezkuntzaren mugak, Kataluniako ikasbidea
Imanol Esnaola “Konjunzio eredua eta hizkuntza erabilera Santa Coloma de Gramaneten” (Xavier Vila irakaslea)
Irakaskuntza mailan asko aurreratu dugu etorkinen bigarren belaunaldiko haur eta gazteei bertako hizkuntzan ezagutza emateko metodoetan eta aukeretan. Baina, eskolak lortzen al du haur horien erabileran eragitea? Hizkuntza eskolan soilik jaso duenak ondoren zein esparrutan erabiltzen du? Non daude eskolaren mugak erabilerari dagokionez? Imanol Esnaolak Kataluniako Xavier Vila irakasleak gai honi buruz eginiko tesiaren eduki nagusiak azaldu dizkigu.
Itsaso Garmendia Hizkuntza hautua Bartzelonan eta Arrasaten (“De qué vas, tio” eta “Triar no és trair” lanen laburpena eta “Representaciones cognitivas: un factor decisivo en la conducta lingüística” azterlanaren azalpena.)
Hizkuntza bat erabiltzeko adinako gaitasuna dagoenean, zein aldagaik eragiten dute hizkuntz aukeraketan? Zeren arabera egiten dute egungo gazteek hautua? Itsaso Garmendiak Katalunian gai honi buruz argitaraturiko bi lanen ondorio nagusiak azaldu dizkigu eta berak Arrasaten garaturiko azterketaren emaitzak. Besteak beste, giza irudikapenak kontzeptua eta beronek gure hizkuntz hautuan duen eragina ezagutzeko aukera izan dugu.
Bizindar etnolinguistikoa udalerriaren ikuspegitik: azken ikerketak eta esperientziak
Ibon Usarralde Bizindar etnolinguistikoaren azterketa udalerrietan
Euskaraz hitz egiteko gaitasunaren eta euskararen mota guztietako erabileraren arteko tartea gero eta handiago izatea, kezka iturri zaigu. Euskarazko gaitasuna, erabilera baino abiadura biziagoan ari da hazten. Jauzi horren azalpenean, komunitate euskaldunaren bizindar etnolinguistikoak zeresan handia du. Komunitate euskaldunaren osasunaren berri izan nahian bizindar etnolinguistikoaren neurketa egin dute Arrasate, Lasarte-Oria, Bergara, Andoain eta Hernaniko Euskara Zerbitzuek elkarlanean. Kontzeptu eta tresna teoriko horren babesean, gizabanakoen hizkuntza portaera hautuan eragina duten ahalik eta aldagai gehien kontrolatzen saiatu dira. Ibon Usarralde soziologoak azaldu dizkigu ikerketaren nondik norakoak.
Arrate Mardaras eta Iosu Errazti Lanbide Heziketan euskararen erabilera sustatzeko Iurretako esperientzia
Lanbide Heziketan irakaskuntza euskaraz eskaini ahal izateko zailtasunak, trabak eta gabeziak handiak izan dira orain arte. Modulu berrien antolaketarekin, gainera, zailtasunak ugaritu egin dira. Urteak dira Iurretako Institutuan lanbide heziketan euskararen normalizazioa bultzatzen dihardutela (ikasgaiak euskaldundu, praktikak, ikastetxearen funtzionamendua…). Bertako bi arduradunek esperientzia honen berri eman digute.
Edorta Arana Herri eta bailara mailako telebisten eragina bizindar etnolinguistikoan: Euskal Herriko esperientziak
Komunitate batean bizindar etnolinguistikoan aldagai ezberdin askok eragiten dute. Gaur egungo gizartean, komunikabideak dira aldagai hauen artean eraginik zuzenena dutenetariko batzuk. Edorta Aranak, Euskal Herri mailan herri eta bailara telebisten egoera eta bilakaera aztertzeko abian duten ikerketaren berri emango digu.
Euskal Herriko Hizkuntz Egoera: azken datu nagusienak
Iñaki Martinez de Luna Hizkuntz egoera ulertzeko proposamena Euskal Herriko gaztetxoen hizkuntz egoeraren eskutik
Datozen urteetan euskarak ezagutuko duen bilakaera aurreikusteko funtsezkoa zaigu gaur egungo gazteen hizkuntz errealitatea (erabilera, jarrerak, gaitasuna…) eta beronen bilakaera ezagutzea. Iñaki Martinez de Lunak, “Etorkizuna aurreikusten 99…” ikerketan eta Gazte donostiarren hizkuntzarekiko harremanak azterlanetan oinarrituz, egoeraren ezaugarri nagusiak eta emaitzen irakurketa egiteko eredu bat azaldu dizkigu.
Olatz Altuna Euskal Herriko Euskararen Erabileraren Kale Neurketa 2001. Emaitzak eta ondorioak
1989az geroztik 4 urtez behin egin izan da Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa. Herriz herri egindako neurketa hau euskara zenbat erabiltzen den jakiteko erreferentzia nagusia da, eta baita zonaldeka zein adin taldeka daramagun bilakaera ezagutzeko ere. Olatz Altunak 2001eko azaroan egin berri den neurketaren emaitzak eta jasotako datuen irakurketa eskaini dizkigu.
Euskararen historia soziala: ikerketa lanen azalpena eta “tertulia”
Roldan Jimeno Hizkuntza komunitatea nola desegin: Nafarroako kasuen azalpena
Gaur egun gure hizkuntzak eta hizkuntz komunitateak duen egoera aztertzeko eta ulertzeko ezinbestekoa zaigu, besteak beste, oinarri historiko bat. Azken urteetako zenbait ikerlan oso lagungarri zaizkigu euskara mugatzeko eta komunitatea desegiteko egin diren saiakerak eta hartu diren neurriak ezagutzeko, eta urteetan zehar zailtasun hauetara nola egokitu garen jakiteko. Roldan Jimenok Nafarroako kasuaren hainbat erreferentzia eman dizkigu.
Koldo Izagirre Donostiako euskararen historia ttipia
Zenbateraino zen euskalduna Gipuzkoako hiriburua mende honen hasieran? Nolakoa izan da euskaldunekiko erdaldunen jarrera Donostian? Azterketa zientifikoaren hoztasuna gaindituz, Koldo Izagirrek orain bi urte argitaraturiko lan ederrean bitxikeri eta datu ugari bildu zuen Donostiako euskararen historia ttipia osatzeko. Lan hau egilearen eskutik ezagutzeko parada izan dugu.
R. Jimeno, K. Izagirre, Erlantz Urtasun eta Imanol Esnaola Galdera/erantzunak eta tertulia (gerora begirako ildoak, gaia nola landu…)
Nafarroako eta Donostiako kasuen inguruko azalpenen ondoren, gaiari buruzko hausnarketa tartetxo bat proposatzen dugu. Roldan Jimeno, Koldo Izagirre eta Imanol Esnaola mahai berean bilduta, horrelako azterketek zein ondoriotara garamatzaten eta aurrerantzean arlo honetan lehentasunak eta aukerak zein diren aztertzen saiatuko gara.
Herrietako plan estrategikoak eta hizkuntz bilakaera aztertzeko adierazle sistemak
Maite Gerenabarrena eta Helene Armentia Berrizko eta Lezoko plan estrategikoak
Euskararen aldeko sustapen lanetan urrats berri bat emanaz, hainbat herritan Plan Estrategikoak jarri dira martxan. Plan hauetan hainbat agenteren lana uztartzen da herrian ahalik eta agenterik gehien aktibatzeko eta pausurik eraginkorrenak emateko. Saio honetan, modu praktiko batean Lezoko eta Berrizko plan estrategikoen berri izan dugu. Maite Gerenabarrena Berrizko euskara teknikariak eta Helene Armentia Elhuyarko hizkuntza teknikariak bi plan hauek nola antolatu diren eta zein urrats eman diren azaldu digute.
Iñigo Garaialde Euskararen egoera diagnostikatzeko Kontseiluaren Neurgailua egitasmoa
Zein aldagai hartu kontuan herriko hizkuntz egoera zein den baloratzeko garaian? Azken urteetan aurrerapauso nabarmenak eman dira gai honetan eta, besteen artean, Kontseilua Neurgailua egitasmoa garatzen ari da. Egitasmoaren ardura duen Iñigo Garaialdek eman digu orain arte landutakoaren berri.
Ikerketa lan eta ekimen berriak
Iñaki Garcia Euskararen erabileran eragiten duten prozesu psikosozialak: identitate etnolinguistikoaren garrantzia
Gaur egun, jakin badakigu, gaitasunaz gain, beste hainbat aldagaik eragiten dutela hizkuntzaren erabileran. Besteak beste, identitate etnolinguistikoak eragin nabarmena du guk hizkuntza ezberdinei buruz egiten dugun balorazioetan eta horrek aldi berean hizkuntza hauen erabileran. Iñaki Garciak gai honen inguruan egin duen ikerketaren emaitzak eta ondorioak azaldu dizkigu.
Nekane Arratibel Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazioaren errola
Zein aldagaik eragiten dute gehien euskara ikasten hasteko erabakian? Eta euskara ikastera garamatzaten arrazoien arabera nola garatzen da ikasketa prozesua? Nekane Arratibelek motibazioak euskara ikasten ari direnengan duen eragina ikertu du eta bere ondorioen berri eman digu.
Paula Kasares Hizkuntz Eskubideen Behatokia
Errespetatzen al dira euskaldunon hizkuntz eskubideak? Ezagutzen al ditugu eskubide hauek? Europako Hizkuntz Gutxituen legeak eskaintzen al digu aukera berririk? Badira hilabete batzuk Behatokia gai guzti hauek aztertzen, lantzen eta zabaltzen hasi dela. Bertako arduradun den Paula Kasaresek azaldu digu orain arte egindako lana zertan den, zein diren Behatokiaren egungo jarduera nagusiak eta zein izango diren lan ildo nagusiak aurrerantzean.