Gazteek hizkuntzarekin duten harremana euskal soziolinguistikaren arreta-gune nagusietakoa da gaur egun, lehenago izan den bezala. Batetik, gazteengan sumatzen diren joeren bidez etorkizuna aurreikusteko borondateak ezartzen du arreta hori. Bestetik, belaunaldien arteko talkak eta desberdintasunek interesa eta jakinmina pizten dute. Hamaika dira gaiarekin zuzenean edo zeharka lotutako ikerketak, argitalpenak eta jardunaldiak; baina, hala ere, gehiago jakiteko eta hausnartzeko beharra zein grina ez dira agortzen.
Gazteen testuinguruan eta bizimoduan kokatzea aurrez egin beharreko ezinbesteko ariketa da, haien hizkuntza errealitatearengan fokua gerturatu baino lehen. Talde edo gizarte-sektore bezala dituzten ezaugarriei erreparatu dakiekegu lehenik; eta pertsona bezala dituzten ohiturei, harremanei eta pentsaerei, ondoren. Hizkuntzekin, eta bereziki euskararekin, duten harremanari erreparatzerakoan, hizkuntza-gaitasunak, hizkuntza-praktikak eta hizkuntza-ideologiak aztertzea litzateke, besteak beste hurbilpenerako bidea.
2023ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian 14 eta 20 urte arteko gazteek euskararekin duten harremana ezagutu eta aztertzeari eskainiko diogu. Hizkuntzekin lotuta dituzten bizipenak eta bizipen horietatik eraikitzen dituzten euskararen gaineko diskurtsoak ezagutzeko eta elkarrekin hausnartzeko topaketa izango da Jardunaldia.
Nola ikusten dute gazteek euskararen egoera? Nola kokatzen dira auzi horren baitan? Zein toki du euskarak euren identitatean? Zein bizipen baikor eta ezkorrekin lotzen dute? Nola ikusten dute euskararen aldeko mugimendu soziala eta kulturala? Nola baloratzen dute erakunde publikoen jarduera? Zer diote helduon diskurtsoez? Nola iristen zaizkie? Nola proiektatzen dute etorkizuna?
Galdera horien eta gehiagoren inguruan jardungo dugu Jardunaldian bilduko garen soziolinguistika ikerlari, teknikari, erakunde-arduradun, irakasle eta euskararen aldeko ekintzaileok datorren apirilaren 25ean Hendaiako Gaztelu aretoan. Hitzaldi, aurkezpen, tailer parte hartzaile eta mahai-inguruez osatutako egitarauak gaiari ertz askotatik heltzeko aukera eskainiko du.
OHARRA. Data aldaketa:
Jardunaldia martxoaren 23an zen egitekoa, baina atzeratu eta beste data batera pasa da. Ipar Euskal Herrian Frantziako gobernuaren erretreten erreformaren aurka deitutako greba orokorrak ekarri du erabakia. Edonola ere, data berri bat iragartzeko moduan gaude: APIRILAREN 25EAN EGINGO DA EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA JARDUNALDIA. Lehen bezala, goizeko 9:15etatik 17:00ra Hendaiako Gaztelu Aretoan.