Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

AMAITZEAR DA “Ahozko komunikazioa eskolan: azken hamarkadako ikerketa eta esperientzia berriak” IKASTAROAN IZENA EMATEKO EPEA

Nola eragin eskolan ahozko erabileran? Galdera zabal honi xeheki erantzuteko gonbidatu ditugun irakasle eta adituen konpainian ekingo diogu datorren uztailaren 2 eta 3an “Ahozko komunikazioa eskolan: azken hamarkadako ikerketa eta esperientzia berriak” ikastaroari. Gai honen ingurumarian unibertsitatean, gizartean eta eskolan metatu diren ezagutza eta gogoetak aurkeztu, eta etorkizunari begira jarriko gara. 

Azken urteetan eskola jabetu da ahozkoa berariaz lantzearen beharrezkotasunaz: Oinarrizko Hezkuntza Curriculumak ahozko hizkuntzari lotuta finkatuta dituen xedeei erantzuteaz gain, hizkuntza normalizazioan kontuan hartu beharreko aldagai nagusietako bat bada ahozko hizkuntza ere lantzea. Ikasleen euskararen ahozko erabilera eta kalitateak arduratzen gaitu, ikasleek curriculuma euren hizkuntzan (H1 euskara) egiten dutenean, eta are gehiago H2an egiten duten testuinguruetan edo euskara hizkuntza minorizatua den ingurune sozialetan. Ildo horretatik, zer ahozko lantzea dagokio eskolari? Zein aldagai kontuan hartu behar dira testuinguru soziolinguistiko bakoitzean? Zein helburu jarri behar dira ikasleen gaitasun eta erabilerari (H1 edo H2 euskara) dagokionean? Nola gauzatuko da hartutako erabaki hori? Noren ardura da ahozkoa ere landu eta ahozkoan ere eragitea?

Galdera hauen harira eraiki dira eskolan eta unibertsitatean ahozko hizkuntzaren irakaskuntza metodologiei buruzko ezagutza eta praktika berriak. Ahozkotasuna, komunikaziorako gaitasuna, adierazkortasuna edo orokorrean esanda, euskararen erabilera erdigunean jarrita, azken hamarkadan jorratutako zoruaren berri izango dugu. Azkenik, etorkizunerako zein noranzko hartzea nahi dugun gogoetatuko dugu.

Egitaraua, hizlariak eta laburpenak

Hemen duzue hainbat informazio:

Ahozko komunikazioa eskolan: azken hamarkadako ikerketa eta esperientzia berriak egitaraua.

HIZLARIAK: Hizlarien gaineko informazioa.

LABURPENAK: Saio bakoitzeko laburpena.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN