Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Migrazioen eta harrera linguistikoaren gaia landuko du aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak

Azaroaren 11n Iruñeko Baluarte Kongresu Jauregian egingo da Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren XIII. edizioa.

Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin antolatu da jardunaldia.

Fenomeno berria ez den arren, atzerrian jatorria duen biztanleriaren proportzioa hazten ari da eta hurrengo urteetan gehiago haziko dela aurreikusten da. Gaur egungo immigrazioko biztanleriak inoiz baino ezaugarri desberdinagoak ditu, bai jatorri-estatuei dagokienean, baita kultura zein hizkuntza desberdinei dagokienean ere. Jakina, horrekin batera azaleratzen ari diren egoera sozial, ekonomiko eta politikoak ere askotarikoak dira. Beraz, aurreikusi gabeko konplexutasuna kudeatzea ezinbestekoa izango da euskararen biziberritze-prozesuan gizarteak aurrera egin dezan eta kulturen eta hizkuntzen arteko errespetuan eraikitako gizarte kohesionatua bideratu dadin.

2021eko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian erronka horri arrakastaz erantzuteko gakoak identifikatzeko saiakera egingo da. Horretarako gaia ikuspegi desberdinetatik lantzen duten pertsonek elkar topatzea eta solastea erraztuko da. Egoeraren deskribapena egiten duten ikerketak, erakunde publikoetatik eta hezkuntza-komunitateetatik martxan dauden egitasmoak ezagutzeko aukera eskainiko da eta aditu zein arituen arteko iritzi trukerako guneak bideratuko dira.

Goiz eta arratsaldeko egitarauak demografia, gizarte-ikerketa, hezkuntza eta politika publikoen ikuspegitik begiratuko die aipatutako erronka horiei. Horretarako bertako eta kanpoko ikerlariak, adituak eta profesionalak egongo dira hizlari bezala eta parte hartzaile bezala.

Presentzialki parte hartu edo streaming bidez jarraitu nahi dutenek izena eman dezakete azaroaren 5a arte. 50 euroko prezioa du matrikula arruntak (bazkaria barne); 30 euroko prezio murriztua dago ikasleentzat, langabetuentzat eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat; streaming emanaldira sarbidea lor daiteke 15 euroren truke. Jardunaldi osoan zehar euskara eta gaztelaniaren arteko aldibereko interpretazio zerbitzua bermatuko da.

Informazio gehiago, egitaraua eta izen-ematea

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN