Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

EAEko hezkuntza sistematik hizkuntza biziberritzeari egiten zaion ekarpena elikatzen Eskola Hiztun Bila jardunaldien 25. edizioan

Urriaren 27 eta 28an Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak urtero antolatzen duen Eskola Hiztun Bila jardunaldien 25. ekitaldia egin zen Donostiako Kursaal jauregian. Jim Cummins eta Joaquim Dolz izan ziren aurtengo hizlari nagusiak eta, horrez gain, esparru ezberdinetako profesional, ikertzaile eta adituek osatutako mahai-inguruak izan ziren. Aipatzekoa da 400 parte hartzaile baino gehiago egon zirela egun bakoitzean: irakasleak, Berritzeguneetako teknikariak eta hezkuntza eta hizkuntzarekin lotutako bestelako eragileak.

Soziolinguistika Klusterrak lehenengo eguneko mahai inguruan hartu zuen parte, “Nahia elikatu eta praktiketan eragin, eskolan eta eskolaz kanpo” izenburutzat zuenean, hain zuzen. Soziolinguistika Klusterreko Maialen Iñarra, Bartzelonako Unibertsitateko Avel·i Flors-Mas, Vigoko Unibertsitateko Fernando Ramallo eta Emuneko Ainhoa Lasaren ekarpenak izan ziren bertan, Soziolinguistika Klusterreko Beñat Garaiok gidatuta. Eskolak eta hezkuntza komunitateko kideek ikasleen hizkuntza aktibazioan duten rola izan zuten hizpide eta, besteak beste, espazio seguruen beharra, ARRUE ikerketako datuak, hizkuntza politikaren paradigma berria, hezkuntza-ikuspegi kritikoagoa eta emozioen kudeaketa moduko gaiak aipatu ziren solasaldian. Aipatzekoa da publikoaren galdera eta iruzkin ugari jaso zirela ere.

Argazkia: irekia.euskadi.eus

Eskola Hiztun Bilaren egitarauari atxikirik, bestalde, urriaren 29an hezkuntza eta hizkuntza-adituentzako mintegi bana antolatu zen Donostian eta Bilbon, Cummins eta Dolzekin. Bertan, nazioarteko aditu hauekin ideia, metodo eta kezken elkar-trukerako aukera izan zuten euskararen inguruak lanean ari diren hainbat profesional eta ikertzailek. Soziolinguistika Klusterreko Olatz Bengoetxea eta Beñat Garaio ikertzaileek ere saio hauetan parte hartzeko aukera izan zuten.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN