Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

EquiLing proiektuaren ikerketa-mintegian parte hartu du Soziolinguistika Klusterrak

Galizia, Katalunia, Madril eta Euskal Herriko ikertzaileekin batera, babesguneei eta agentziari buruzko gogoeta-saioak egin dira otsailean Madrilen

Otsailaren 18tik 20ra, “Kontzientzia soziolinguistikotik agentzia kolektibora” izeneko ikerketa-mintegia burutu du EquiLing sareak Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Fundazioaren La Cristalera egoitzan. Bertan izan da Maialen Iñarra, Soziolinguistika Klusterreko kidea.

EquiLing proiektuak helburu bikoitza du: batetik, desberdintasun sozialen eraikuntzan hizkuntzak duen rolaren ezagutzan sakontzea, eta, bestetik, esploratzea nola hiztunek, ezagutza soziolinguistikoarekin batera, alda ditzaketen eraikuntza desorekatu hori ahalbidetzen duten prozesuak. Azken batean, berdintasun linguistikoa eta justizia soziolinguistikoa ditu xede proiektuak.

Horretarako, marko teoriko berritzaile bat darabil: besteak beste, kontzientzia linguistiko kritikoa, hiztunen agentzia, ideologia linguistikoen araberako hiztun ereduak, subjektibitatea eta herritartasun linguistikoa gisako kontzeptuekin ari gara lanean. Garapen teoriko horren bidez, eguneroko praktikak ikertzen dira Katalunian, Galizian, Euskal Herrian eta Madrilen, IEP (Ikerketa Ekintza Partehartzailea edo PAR-Participatory Action Research) eta komunitate epistemikoak edo praktika-komunitateak bezalako ikerketa-estrategia metodologikoen bidez.

EquiLing-Basq taldeari dagokionez, euskararen hiztun berriek euskal hiztun izateko, bihurtzeko eta definitzeko erabiltzen dituzten praktikak eta horiek dakartzaten agentzia-motak nahiz subjektibotasunak ditugu aztergai. Unibertsitateko ikasleez gain, gazteen aisialdi taldeetako praktikak dira aztergai, D ereduko Kirola nahiz Euskara Kirolkide proiektuen bidez. Ondorioz, alor horretako ikerketa-emaitzak partekatu dira sarearen gainerako kideekin otsaileko mintegi horretan, eta, hala nola, babesguneei buruz gogoeta egiteko aukera izan da.

Ikerketa-emaitza horien berri izateko, www.euskarakirolkide.eus webgunea kontsulta daiteke. Webgune hori “Eraldaketa soziolinguistikoko prozesuak euskal testuinguruan: hiztunak, praktikak eta agentzia (Equiling-Basq)” proiektuaren babesean egin da, besteak beste (ERREF.: PID2019-105676RB-C42/AEI/10.13039/501100011033).

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN