Lehen aldiz egin da Galesen kaleetako hizkuntzen erabilera behaketa bidez neurtzeko ikerketa bat 2024an. Euskal Herrian hamarkadatako ibilbidea duen metodologia Ynys Môn uharteko bi herritako hizkuntza-egoera zehatzago ezagutzeko baliatu da.
2021eko erroldaren arabera, %1,5eko jaitsiera izan zuen galesera hiztunen kopuruak Ynys Môn-en. Hizkuntza-plangintza modu estrategikoan eta etengabe lantzeko asmoz, eta kontuan hartuta erroldako informazioa hamar urteko tarteetan jasotzen dela, erabileraren bilakaerari jarraipena egiteko bide osagarrien bila jo dute erakundeek ikerketa molde honetara.
Llangefni eta Porthaethwy inguruetako kaleetan egin dira neurketak. Horretarako, Soziolinguistika Klusterra elkarlanean aritu da Bangor Unibertsitateko ikerlariekin eta eskualdeko garapenerako lan egiten duen Menter Môn agentziarekin. Diseinua irizpide zientifikoen arabera eta adostasunez osatu da. Kaleetako neurketa egin duten ikertzaileek berariazko trebakuntza jaso dute eta landa-lanerako baliatzen den aplikazio informatikoa galeserara itzulia izan da.
Emaitzek erakutsi zuten Llangefnin, biztanleen %75 gales hiztunak den herrian, kaleko erabilera %54koa dela; Porthaethwyn, berriz, biztanleen %52 gales hiztuna den herrian, erabilera %20koa izan da. Oro har, gizonek galeseraren erabilera zertxobait altuagoa dute emakumeek baino. Adin-taldeei dagokienez, bi herrietan antzeko eredua hauteman da: erabilera altuena haur txikien artean izan da, eta baxuena 15-24 urte bitarteko gazteen artean.
Ikerketa sustatu duten erakundeek maiztasun erregularrez errepikatzeko konpromisoa hartu dute eta 2025eko martxoan Ynys Môn-eko beste eremu batzuetan ere neurketak egitea aurreikusten da. Inguruko beste eskualdeek ere eredua bere egin dezaten eta hizkuntzaren benetako erabilera neur dezaten saiakera ere egingo dute.