Paula Laita Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria Endangered Languages Project (ELP) egitasmoko Gobernantza Batzordeko kide izendatu dute. ELP irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta mundu osoko hizkuntza indigenak eta arriskuan dauden hizkuntzak dokumentatzea eta biziberritzea sustatzea du helburu. Gobernantza Batzordeak egitasmoaren ikuspegia eta norabide estrategikoa lantzen ditu, eta ikertzaileen, hizkuntza-aktibisten eta biziberritze-praktikatzaileen nazioarteko ekarpenak biltzen ditu.
Soziolinguistika Klusterrean, Paula Laitak euskararen biziberritzearekin lotutako ikerketa-proiektuetan egiten du lan. Horrez gain, urte luzez aritu da Kanadako Columbia Britainiarreko komunitate indigenekin elkarlanean, haien hizkuntzen biziberritze-prozesuetan. Besteak beste, Tsilhqotʼin hizkuntza-komunitatearen inguruan garatu zuen bere doktorego tesia, 2021ean aurkztu zuena. Izendapen honek aukera emango du euskararen biziberritze-prozesuan bildutako ezagutza nazioarteko sareetan partekatzen jarraitzeko eta, aldi berean, beste hizkuntza-komunitate batzuen esperientzietatik ikasteko.



