Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.
Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Ahozko komunikazioa irakastea. Norabide bat ahozko hizkuntzaren argitan.

Gida-liburu honen egiteko nagusiena da ahozko hizkuntzaren irakaskuntzan murgildu nahi duen edonori proposamen praktiko bat eskaintzea. Gida-liburuak izaera praktikoa du oso: informazioa jasotzeko, pentsatzeko (bakarka eta taldeka), ariketa eta jarduerak proban jartzeko….aukera ematen du, besteak beste.

Tolosako laborategia ikerketan egindako lanketatik ateratako ondorioetan oinarritzen da lan hau. Ikerketa hori 2010etik 2014ra Tolosako ikastetxe guztietan gauzatu zen, Bigarren Hezkuntzan ahozko hizkuntza lantzeko materialetan eta irakasleen esku-hartzean begirada jarri zuen. Eta gida-liburu honek ikerketa hartatik edaten du hain zuzen, eskola sistema osoari begirako ekarpenak egin nahian, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino. Irakasleentzako ez ezik, ikasgelan, ahozko hizkuntza ere irakatsi nahi duenari zuzenduta dago.

Liburuaren hastapenetan, hizkuntza jabekuntzaren gaineko ezagutzari buruzko oinarriak ematen dira, bereziki euskararen ikuspegi soziolinguistikoaren tokitik. Hau da, testuinguru elebidun edo eleaniztun bateko hizkuntza gutxitu baten jabekuntzari buruzko azalpenak eman eta gogoetarako aukerak eskaintzen dira. Bigarren atalean, “Tolosa, ahozko laborategia” ikerketaren ondorioak baliatuz, ahozko hizkuntza irakasteko gako nagusiak ematen dira. Ahozko hizkuntza lantzeko garaian kontuan hartzeko bost praktika on identifikatuta daude, eta horiek garatzen dira xehe-xehe azalpenak emanez, ariketa proposamenak eginez eta ikerketa hari lotutako datuak nahiz aholkuak eskainiz. Hirugarren atalean, berriz, ahozko hizkuntza modu autonomo edo isolatuan lantzeko hogei jarduera praktiko eskaintzen dira. Azken atalean, berriz, ikerketan bertan proban jarri ziren bi sekuentzia didaktiko argitaratu dira oso-osorik: elkarrizketa lantzekoa bata, eta bakarrizketa umoretsuak lantzekoa, bestea.

Gida-liburu zentzua eman nahi izan zaio lan honi. Edukiak azalpen laburrez emateaz gain, gogoetarako proposamenak daude, baita ariketak ere. Aukera ematen du bakarkako irakurketaren bidez liburuari jarraipena egiteko; baina, aukera ematen du, baita ere, irakurketa modu kolektiboan egiteko. Irakurri ez ezik, bertako proposamenen gainean eztabaidatu eta ideiak idatziz jasotzeko.

Liburua Soziolinguistika Klusterra ahozko hizkuntzaren irakaskuntzaren gainean garatzen ari den lanaren emaitzetako bat da. Gai honetan hezkuntzaren esparruan dagoen beharrizan handiari erantzuteko ikerketak gauzatu eta prestakuntza ematen ari da, une honetan, hainbat ikerlari eta eskolekin harremanetan daude ikerketa-helburu ezberdinei erantzuteko asmoz.

Gida-liburu honen paperezko aldaera banatu da EAEko Hezkuntza sare osoan eta, horrez, gain, aldaera digitala salgai dago Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzuan.

 

Gida-liburuaren aurkezpena Eskola Hiztun Bila jardunaldietan (2018/10/10)

 

Egilea: Josune Zabala

Koordinatzailea: Olatz Bengoetxea

Babesleak: