Lehen saria (2.000 €)
Izenburua: Multinazionalen hizkuntza politika egokirako hainbat gako
Egilea: Eneko Barberena Mondragon
Laburpena: Demagun Madrilen egoitza duen banku Espainiar handi batek erabakitzen duela fusionatzea Lisboan egoitza duen Portugalgo egoitza duen batekin. Zein izango litzateke euren arteko lan hizkuntza? Gaztelania? Portugesa? Biak? Hirugarren hizkuntza bat, demagun, ingelesa? Eta Alemanian egoitza duen enpresa baten kasuak zer leku eduki behar du alemanak Euskal Herrian kokatutako plantatan? Eta euskarak? Gaztelaniak? Ingelesak? Nola eta non jasotzen dituzte enpresek hizkuntzei buruzko eraentzok?
Gezurra badirudi ere hainbat eta hainbat kasutan hau ez dago behar den bezala jorratuta eta horrek eragin kaltegarriak ekarri ahal dizkie enpresei. Hizkuntza aniztasuna kudeatu beharreko zerbait da, berariaz eta era gardenean. Hango euskara planak, hemengo ingelesa ikasteko erraztasunek eta haratagoko bezeroen demandak asetzeko hizkuntza aurreikuspenek behar dute lotura sendoa eduki. Horregatik, konplexutasun handiko egoerak hau eskatzen du nire ustez: (1) Hizkuntza politika on bat, konpainia osoa aintzat hartuko duena. Eta (2) Lingua franca baten ezarpen esplizitua, hizkuntza aniztasun testuinguruan.
Bigarren saria (1.300 €)
Izenburua: Euskararen geografia berria
Egilea: Garikoitz Goikoetxea Etxeberria
Laburpena: Urteotan aldaketa nabarmena izan du euskararen egoera soziolinguistikoak, batez ere ezagutza hedatzearen eskutik. Bilakaera hori aztertzean, aintzat hartu beharreko aldagaia da lurraldea: Euskal Herriko herrietan eta eskualdeetan zer gertatzen ari den. Egoera soziolinguistikoa ez baita bera eremu guztietan, eta bilakaera ere ez. Hizkuntza-plangintzan kontuan eduki behar da hori.
Analisi geografiko baterako hurbilketa egitea da lan honen xedea: euskararen egoerari buruzko datu nagusiak lurralde-ikuspegitik lantzea, mapa berri batzuk proposatuz. Euskal Herri osoa hartu da oinarri, udalerriz udalerri, hainbat informazio-iturri uztartuta. Ez da lan erraza, informazioa ez baita osatua Euskal Herri osoan. Euskal demolinguistikak hori du erronka nagusietako bat: nola osatu lurraldez lurraldeko azterketak Euskal Herri osoan egiteko moduko datu-multzo sendo bat.
Hirugarren saria (1.000 €)
Izenburua: Hiztunaren genero nahasmendua. Hizkuntza gutxituak, euskara eta generizazio prozesuak
Egileak: Jone M. Hernández García eta Marta Luxan Serrano
Laburpena: Artikuluak hizkuntza gutxituen inguruan gertatutako generizazio prozesuak ditu aztergai, euskararen erabileran antzemandako feminizazioa adibidetzat harturik. Joera hau 1990 hamarkadan azaleratu zen hainbat datu estatistikoei esker. Hauen arabera, emakumez-koek gizonezkoek baino euskara gehiago erabiltzen zuten. Ustezko feminizazio hori abiapuntua da euskararen indarberritze prozesuan zehar generoarekin lotutako lau gerta-kari aztertzeko: jakintza soziolinguistikoaren generizazioa, hiztunaren esentzializazioa, indarberritzearen feminizazioa eta hiztun estatistiko bitarraren finkapena. Eztabaidan na-barmentzen dugu hiztunen kategorizazioak eta errepresentazioak (tartean sexu-generokoak), ezberdintasunak agertarazteaz gain horien eraikuntzan eta finkapenean eragiten dutela, hainbat ondorio ekarriz.
Argazkia: Idoia Telleria
Argazkia: Dani Blanco
Sari emate ekitaldia
Lan irabazleen egileei sariak banatzeko eta lan horien laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia 2023ko abenduaren 14an egin zen UPV/EHUren Donostiako Karlos Santamaria Liburutegiko Txillardegi Aretoan.