This section is only available in Basque See it

2020-2023 hausnarketa estrategikoaren baitako lan-saio zabala

Soziolinguistika Klusterraren lau urterako norabidea diseinatzen ari da erakundea bere barneko eta inguruko harreman sareko kideekin batera. Pasa den ostegunean, otsailaren 27an, lan saio zabala antolatu zen Martin Ugalde Kultur Parkean prozesu honen baitan.

Hausnarketa estrategikorako prozesuan Soziolinguistika Klusterraren bidelagun den Manahmana aholkularitzako kideek, zuzendaritza kideek eta bulego teknikoko kideek dinamizatu zuten lan saioa. Guztira 35 pertsonak parte hartu zuten; Soziolinguistika Klusterraren organo desberdinetakoak, erakunde bazkideetako kideak, euskalgintzakoak eta administrazio publikoetakoak besteak beste.

Hausnarketa prozesuak orain arte egindako bidea errepasatu zen saioaren lehen ariketan. Horretarako, aurreko lau-urtekoan erakundea gidatu duten ideiak errepasatu ziren, aurrera begirakoa zehaztean kontuan hartu beharreko testuinguruaren azterketa egin zen eta orain arte hausnartutakoa mahai-gainean jarri zen. Honen jarraian, zuzendaritza batzordeak landu beharrekotzat proposatzen dituen arloak aurkeztu zitzaizkien parte hartzaileei. Proposamen hau oinarri hartuta, arloetako bakoitzean garatu daitezkeen lan-ildo zehatzak adostekoa izan zen goizeko azken ariketa.

Saioa giro onean gauzatu zen eta parte hartzaileek positiboki baloratu zuten erabilitako metodologia zein azken emaitza. Hurrengo urratsei dagokienez, gaikako eta sektorekako lanketa bereiziek emango diote jarraipena hausnarketari. Eta maiatzaren 7an izango den Soziolinguistika Klusterraren Ohiko Batzar Orokorrean aurkeztuko da 2020-2023 Hausnarketa Estrategikoaren azken emaitza.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN