This section is only available in Basque See it

IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 2017. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak

2017ko Azaroak 22 – Karlos Santamaria Zentroa (Donostia)

Azken urteotan euskararen biziberritzean diharduten ikertzaileek, teknikariek eta ekintzaileek arreta berezia jarri dute Arnasguneetan, alegia, euskararen ezagutza proportzio handiena duten udalerrietan. Arnasguneek funtzio sozial ahalik eta gehienak euskaraz betetzeko aukerari eusten diote, eta ezinbestekoak dira hizkuntza-komunitatearen garapenerako. Hala berresten dute soziolinguistika arloko teoria eta ikerketek.

Euskal Herrira begira jarrita, arnasgune bezala izendatutako herriez gain, badago beste herri-multzo interesgarri bat, biztanleriaren aldetik arnasgune osoak izan ez arren, herritarren erdia baino gehiago euskalduna den udalerriek osatzen dutena, hain zuzen. Sarritan eskualde-buru izanik herri-tipologia horrek ere, euskararen biziberritzean izan dezakeen papera aztertzea eta lantzea komenigarria da.

Soziolinguistikaren eremuan ugari izan dira aipatutako gaiei eskainitako lanak: jardunaldiak, ikerketak eta artikulu zientifikoen berri izan da, tokiko errealitate zehatzen ingurukoak edo horien arteko alderaketaz ikuspegi zabalagoa landu dutenak. Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak emandako datuak ere ezagutu dira duela gutxi, arnasgune eta udalerri euskaldunen bilakaerari erne jarraitu eta esku hartzearen beharra azpimarratu dutenak.

Guztia kontuan izanik, UEMA eta Soziolinguistika Klusterrak IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia elkarlanean gai honi eskaintzea erabaki dute. Lan-ildo horretan argia jartzen lagun dezaketen azken ikerketak ezagutu, aurrera egiteko dauden baldintzak baloratu eta gaia lantzen dihardutenen artean ikuspuntuak partekatzeko gune izan nahi du hitzorduak. Horretarako, hitzaldi-aurkezpenak, mahai-inguruak eta parte hartzaile guztien arteko aurrez aurreko topaketarako espazioak izango dira.

Antolatzaileak: UEMA eta Soziolinguistika Klusterra