Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Bederatzi gunetan probatu da euskaraz ahozko gutxieneko ulermena eskuratzeko metodologia ikasturte honetan

Uler-saioak metodologian oinarrituta, bederatzi esperientzia pilotu gauzatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

2020-2021 urte artean bederatzi esperientzia garatu eta aztertu ostean, 2023-2024 ikasturtean, Uler-saioak metodologia proban jartzeko beste esperientzia-multzo bat gauzatu da. Beasainen, Bilbon, Errenterian, Gasteizen, Legorretan, Lezaman, Tolosan eta online formatuan landu dute 70 ulertzaile inguruk euskaraz ahozko gutxieneko ulermena.

30 eta 90 ordu arteko esperientzietan, ikasleen gehiengoa A0 ulermen-mailatik abiatuta, entzumen-trebetasunean B1 mailako ezagutzara heltzea izan da helburua. Hurrengo urratsa izango da helburu horren betetze-maila aztertzea, bildutako datuetan oinarrituta.

Esperientzia batzuk erakunde jakinen baitan antolatu dira, bertako lankideak batuz, alegia: EDE Fundazioa, Ederfil Becker, EJIE, Athletic Club eta DanobatGroup. Beste kasu batzuetan, ordea, berariaz sortu dira Uler-saioetan aritzeko taldeak: ostalariekin Beasainen, SOS Arrazakerian eta Koldokide Guraso Elkartean dabiltzan herritarrekin Errenterian eta prestakuntza soziosanitarioa jasotzen ari diren langileekin Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan. Erakunde horiek guztiek ezinbesteko laguntza eman dute hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak errazteko metodologia berriak garatzeko bidean.

Esperientzia horien gidaritzaz arduratu dira Soziolinguistika Klusterrak egiteko horretarako espreski trebatu dituen zenbait lankide: AEK, Elhuyar, Emun, Badalab eta Beasaingo Udal Euskategiko kideak.

Uler-saioak metodologia garatzeko eta zabaltzeko dinamika Soziolinguistika Klusterrak koordinatzen duen Aldahitz proiektuaren adar bat da. Uler-saioak metodologia euskaraz batere ez dakiten edo oso gutxi ulertzen duten kideek komunikazio naturalaren bitartez euskara ulertzeko gaitasuna garatzeko diseinaturiko metodologia da. Pello Jauregi EHUko ikerlari eta irakasleak sortu zuen, eta 2020an argitaratutako liburuan bilduta daude metodologiaren oinarriak eta jarraibideak. Helburua da norbanakoek ahalik eta eperik laburrenean euskara ahoz ulertzeko gaitasuna eskuratzea, kalean eta ingurune naturaletan euskarazko harremanetan (ele biko elkarrizketen formatuan bederen) murgiltzeko aukera izan dezaten. Metodologia, funtsean, ingurune babestu batean garatzen da: gela batean, ordutegi baten barruan eta hizkuntza-soslai bera duten beste kide batzuekin batera. Bertan, trebatzaile batek euskarazko input ulergarri ugari ematen die kideei. Trebatzaileak, euskara erraza eta sinplea erabiliz, komunikazio-jarduerak bideratzen ditu, eta etengabe egiaztatzen du jasotzaileek ulertutakoa. Ez du metodologiak zuzenean garatzen euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Ez die norbanakoei euskaraz egiteko eskatzen. Ulermena da foku bakarra, eta ondorioz norbanakoei dagokie etengabe egiaztatzea trebatzaileari ulertu diotena.

Uler-saioen esperientzia horien finantzaziorako Klusterrak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du (HABEren bitartez). Bi erakunde horiez gain, bere ekarpena egin dute ere Badalab laborategiak eta beste zenbait entitatek: EJIE-k, Ederfil Becker-ek, DANOBATGROUPek, Athletic Clubak eta EDE Fundazioak.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN