Cette section n'est disponible qu'en basque Le voir

Hizkuntza gutxituetako ikus-entzunezko ekoizpena izan du ardatz Frisian egin den NPLD-Coppieters Campusak

Europako Hizkuntza Berdintasuna Sustatzeko Sareak (NPLD) eta Coppieters Fundazioak antolatutako Campusa azaroaren 6 eta 7an egin da Leeuwarden/Ljouwert hirian (Frisia), Noordelijk Film Festivalaren eta Frisiako Gobernuaren laguntzarekin. Aurtengo edizioak Audiovisual Production on Regional and Minority Languages izenburua izan du, eta hizkuntza gutxituen ikus-entzunezko ekoizpenaren inguruko esperientziak, erronkak eta aukerak aztertu dira. Paula Laitak bertan parte hartu du, NPLDko kide den Soziolinguistika Klusterraren ordezkari gisa.

Egitarauak hizkuntza gutxituen ikus-entzunezko ekosistema osatzen duten eremu nagusiak hartu ditu hizpide: ekoizpena, banaketa, plataforma digitalak eta politika publikoak. Filmek turismoan duten eragina, Europako Batasuneko finantzaketa-aukeren egoera eta hizkuntza gutxituen ordezkaritza instituzionala izan dira eztabaidagai nagusiak.

Saio batean, Frysk Filmfûns (Frisiako Film Funtsa) aurkeztu da, eta bertan hautatutako lehen proiektuak publikoaren eta komunikabideen aurrean ezagutzera eman dira. Best Practices Panel: Memmetaal in Europe izeneko panelean, Europako hizkuntza gutxituen ikus-entzunezko jardunbide egokien inguruko esperientziak partekatu dituzte hizlariek. Hizkuntza gutxituetan eta eskualdeko hizkuntzetan lan egiten duten film eta telesail industrietako adituek beren esperientziak azaldu dituzte, eta irrati-telebista publikoek, zinema-jaialdiek eta erakunde publikoek duten eginkizunaz eztabaidatu dute. Parte-hartzaileen artean izan dira, besteak beste, Josu Amezaga (Euskal Herriko Unibertsitatea), Alan Esslemont (TG4, Irlanda) eta Marjun Niclasen (Faroese Film Institute).

Horrez gain, RMLs and EU Policies in Audiovisual Production: An Overview saioan, Andrea Posthuma (Creative Europe Desk NL) eta Craig Willis (European Centre for Minority Issues / PLURILINGMEDIA) hizlariek Europako Batasunaren ikus-entzunezko politikak aurkeztu dituzte. Hizkuntza gutxituen ordezkaritza, finantzaketa-aukera eta etorkizuneko erronkak azpimarratu dituzte. Unai Iparragirrek (EITB) ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko ekimen publikoen inguruko Public initiatives to stimulate audiovisual production in regional or minority languages mahai-inguruan jardun du.

Gainera, Best Practices Panel: Streaming Films on Regional Languages saioan, plataforma handietako ordezkariek (Netflix, Amazon Prime, MyCulture+ eta Avila Films) hizkuntza gutxituetan edukiak ekoizteko eta zabaltzeko aukerak aztertu dituzte. Panel Memmetaal Film Makers saioan, hizkuntza gutxituetan lan egiten duten zuzendariek eta ekoizleek beren sorkuntza-prozesuak eta esperientziak azaldu dituzte.

Egitarau osagarri gisa, besteak beste, parte-hartzaileek Frisiako telebista publikoaren egoitza (Omrop Fryslân) bisitatu dute, tokiko hizkuntza eta kultura sustatzeko egiten duen lana bertatik bertara ezagutzeko.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN