Soziolinguistika Klusterrak XXII. Batzar Orokorra egin zuen maiatzaren 20an, Andoainen. Klusterreko bazkide-erakundeetako ordezkariek, norbanako bazkideek eta bulego teknikoko kideek parte hartu zuten bilkuran. Guztira, 50 lagun inguru elkartu ziren, unibertsitatearen, euskalgintzaren, ikerketa aplikatuaren eta bestelako eremuetako kideak tartean.
Batzarrean, 2025eko jardunaren balantzea egin zen, urteko helburuen betetze-maila, diru-sarrerak eta gastuak, eta 2026rako aurreikusitako proiektu, helburu eta aurrekontuak aurkeztuz. 2025eko mugarri nagusien artean, 2026-2029 aldirako Plan Estrategikoaren lanketa, hainbat proiekturen garapena, ezagutzaren kudeaketaren arloan egindako lana eta bazkide berri baten sarrera nabarmendu ziren: Garabide.
2026ari begira, Soziolinguistika Klusterrak hainbat lan-ildo izango ditu abian. Besteak beste, Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren edizio berria, Aldahitz eta Berba-lapiko egitasmoak, hezkuntza arloko ikerketak, eskoletako hizkuntzen mapa, arnasguneen inguruko konferentziaren argitalpena, BIHAR ekimenaren garapena eta BAT Soziolinguistika Aldizkariarekin lotutako lanak izango dira urteko jardunaren ardatzetako batzuk.
Batzarraren gai nagusietako bat Zuzendaritza Batzordearen osaketa izan zen. Aldaketa esanguratsuena lehendakaritzan gertatu da: Maite Asensio izendatu dute Soziolinguistika Klusterreko lehendakari. Asensiok urte asko daramatza Zuzendaritza Batzordeko kide gisa Hezten ordezkatuz, eta hemendik aurrera hartuko du erakundearen lehendakaritzaren ardura.
Jasone Mendizabalek (Taupa), berriz, bi urteko lehendakaritza aldia amaitu du. Batzarrean eskerrak eman zitzaizkion urte hauetan egindako ekarpenagatik eta erakundearen gidaritzan erakutsitako konpromisoagatik.
Zuzendaritza taldeko karguetan ere beste izendapen batzuk egin ziren: Leire Solozabal (Artez) izango da lehendakariordea, Maialen Begiristain (AEK) diruzaina eta Imanol Larrea idazkaria. Horiez gain, Zuzendaritza Batzordean hainbat erakunde eta eremutako ordezkariek jarraituko dute parte hartzen, Soziolinguistika Klusterraren izaera anitza eta elkarlanekoa indartuz.
Batzarrak aukera eman zuen, halaber, bazkideen arteko trukea eta gogoeta partekatua sustatzeko. Soziolinguistika Klusterraren egituran Aholku Batzordea eratzeko erabakia hartua izan zelarik, saioa baliatu zen dinamika parte hartzailearen bidez Batzordearen ezaugarrien inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko.



Klusterraren jarduna ezagutza soziolinguistikoa sortu, zabaldu eta euskararen biziberritze prozesuaren beharretara bideratzeko helburuarekin garatzen dela azpimarratu zen, eragile akademikoen, euskalgintzako kideen eta eremu aplikatuko profesionalen arteko elkarlanetik.

