Hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak aztertzeko topalekua izango da Euskal Soziolinguistika Jardunaldia

Ekainaren 22an Bilbon, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan egingo da Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren XIV. edizioa

Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin antolatu da jardunaldia

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia urtero antolatzen da euskararen biziberritzean funtsezkoak diren gaien inguruan ikerlarien, profesionalen, aktibisten eta erakunde-arduradunen arteko ezagutza-trukea bultzatzeko. 2022ko edizioa 2021eko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzen azterketa partekatua egiteko topalekua izango da. Euskarak duen bizi-indarraren argazki berritua ezagutu ostean ondorioak atera eta hurrengo urteetarako erronkak identifikatzeko saiakera izango da.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldian parte hartzaile guztiak eragile aktibo dira ezagutza-trukean. Elkarrekin hausnartzeko tresnak eta plaza eskaini nahi ditu Soziolinguistika Klusterrak. Jardunaldi honetan ez dira euskararen kale erabilera datuetatik eratorritako ondorio absolutu eta eztabaidaezinak emango, beraz.

Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak; Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusiak; eta Mertxe Mugika, Soziolinguistika Klusterraren lehendakariak aurkeztu dute jardunaldia.

Egitarauko saioak baliatuko dira datuen interpretazio eta irakurketa erraztu dezaketen elementuak eskaintzeko. Parte hartzaile guztien egitekoa izango da entzundakotik eta ikusitakotik hausnarketa berriak egitea.

Kaleetako hizkuntza-erabilera 1989tik 2021era nola aldatu den badakigu, baina… nola aldatu da kalea bera? Zein da orduko eta gaurko euskaldunen testuingurua? Zein eragin izan du globalizazioak? Zer ekarri du digitalizazioak? Zenbaterainoko hizkuntza-gaitasuna dute gaurko euskalherritarrek? Zer dago jokoan hurrengo urteetan? Zertarako aukera ematen dute legeek? Zein zeregin dute erakunde publikoek?

Kaleetan hizkuntza bakoitza zenbat hitz egiten den jakiteak bidea ematen du elkartzeko eta galdera horien inguruan jarduteko.

Goiz eta arratsaldeko egitarauan hitzaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak izango dira ikuspegi eta bizipen desberdinen ekarpenetik elkar aberasteko eta elkar elikatzeko. Hizkuntzen erabileraren kale neurketaz arduratu diren ikerlariez gain, beste ikuspegietatik elementu interesgarriak ekar ditzaketen adituen parte hartzea izango du.

Presentzialki parte hartu edo streaming bidez jarraitu nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete www.soziolinguistika.eus/jardunaldia web-orrian (ekainaren azaroaren 17a arte). 50 euroko prezioa du matrikula arruntak (bazkaria barne); 30 euroko prezio murriztua dago ikasleentzat, langabetuentzat eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat; streaming emanaldira sarbidea lor daiteke 15 euroren truke.

Informazio osagarria eta izen-ematea:  www.soziolinguistika.eus/jardunaldia

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN