Arrate Illarok irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria euskararen normalizazioan diharduten langileen motibazioaren gaineko lanarekin

Bigarren saria Eider Gurrutxagak jasoko du, Gipuzkoako hizkuntza-politikaren baitako hiru ekimen aztertzen dituen lanagatik.

Oihane Alavarentzat izango da hirugarrena, Durangaldeko 16 eta 18 urte bitarteko gazteen hizkuntza-praktikei buruzko lanagatik.

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituzten sarien banaketa ekitaldia abenduaren 10ean izango da Bilbon; UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, arratsaldeko 5etatik aurrera.

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien 2024ko edizioan garaile izan diren lanak honakoak izan dira:

Lehen saria (2.000 €)

Izenburua:  Giza baliabideen kudeaketa euskararen normalizazioaren sektorean: talentua atxikitzea eta pertsonen motibazioari eustea (faktoreak, indarguneak eta erronkak)

Egilea:         Arrate Illaro Etxebarria

Laburpena:   Enpresa zuzendaritzaren eta giza baliabideen kudeaketa estrategikoaren teoriek argi adierazten dute langileen motibazioa, ezagutza eta jarrera gakoak direla erakundeek beren helburuak bete ditzaten. Euskararen normalizazioaren alde sektore publikoan zein sozialean lanean ari diren langileen motibazioari eta talentu-atxikimenduari erreparatzen die lan honek, langileen zaintzaren beharra azpimarratu eta motibazioan eragiten duten aldeko eta kontrako faktoreak argitara ateratzeko. Lanerako jasotako erantzunen arabera, hizkuntza-normalizazioa lortzeko lan egiten duten pertsona gehienek bokazioa eta lotura afektiboa sentitzen dituzte beren lanarekiko. Hala ere, langile kualifikatuei eusteko zenbait erronka ditu sektoreak. Gainera, mugimendu sozialaren eta erakunde publikoen artean zenbait desberdintasun antzematen dira.

Bigarren saria (1.300 €)

Izenburua:   Partaidetzazko lankidetzak hizkuntza-politiken eremuan:  2014-2023 artean Gipuzkoako kasua aztergai

Egilea:         Eider Gurrutxaga Larrañaga

Laburpena:   Demokrazia zein gobernantza terminoak geroz eta presentzia handiagoa hartzen ari diren garaiotan, Gipuzkoako hizkuntza politikaren baitan maila teorikoan gobernantza bidez antolatutako hiru ekimen aztertzea izan da lan honen helburua.

Zehazki, lankidetzazko gobernantza ebaluatzeko hainbat autorek erabilitako neurgailuak oinarri hartuta eta proiektu hauetako protagonista diren ahotsen testigantzekin josita egin da analisia. Bide batez, sakontasun demokratikoaren eta demokratizazioaren ikuspegia aintzat hartuta, Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoan edota hizkuntza politikan eragitea helburu duten hiru egitasmo hauen etorkizunerako indarguneak eta erronkak identifikatzeko saiakera egin da.

Hirugarren saria (1.000 €)

Izenburua:   Durangaldeko 16-18 urte bitarteko gazteen euskararen erabilera arau sozialen zokoan.

Egilea:         Oihane Alava Bernaola

Laburpena: Euskal Herriak lur eremu handia ez badu ere, herri batetik bestera sortzen diren euskararen erabilera aldaketak nabarmenak dira. Egiaz, ikerketa honen xedea gazteen hizkuntzara hurbilketa bat egitea da. Horretarako, Durangaldeko 16 eta 18 urte bitarteko gazteen hizkuntza-praktikak aztergai izan dira, hain zuzen ere, Durangoko Ibaizabal Ikastolakoak eta San Jose Jesuitak Ikastetxekoak. Lehenengo, gazteen euskararen erabilera aitortua ezagutzeko, bi ikastetxeetako 376 gazteek galdetegi bat erantzun dute. Ondoren, behaketa-etnografikoa eginda, hiztunek hizkuntza zein unetan erabiltzen duten identifikatu ahal izan da. Azkenik, lau eztabaida-talde bideratu dira, bi hezkuntza zentro bakoitzean. Horiekin guztiekin, gazteen gogoeta eta iritzietatik abiatuta, euskararen egoera arau sozialen zokoan aztertu da.

Sari-emate ekitaldia

Lan irabazleen egileei sariak banatzeko eta lan horien laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia antolatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak.

  • Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien Banaketa Ekitaldia
  • Abenduak 10, asteartea
  • 17:00-19:00
  • Bizkaia Aretoa – UPV/EHU, Bilbo

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak

2028. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremu honetara biltzea bilatzen da. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.

Txillardegi – Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.

Arrate Illaro

Eider Gurrutxaga

Oihane Alava

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN