Aurkeztu dira Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale-Neurketaren emaitzak

Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu ditu Soziolinguistika Klusterrak, EHUren Ibaetako Campusean egindako agerraldian.

Olatz Altuna Ikerketaren zuzendariak eman du 2016an Euskal Herri osoan behaketa bidez jasotako datuen berri. Ikerketa honetan, Euskal Herri osoko 144 udalerritako kaleetan jaso dira datuak, eta 187.635 elkarrizketaren nahiz 515.260 solaskideren informazioa bildu da. Jasotako datuen bolumen handi horrek bermatzen ditu fidagarritasun estatistikorako baldintzak.

 

 

Altunarekin batera aurkezpenean egon da Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterraren lehendakaria. “Ikerketa honek euskararen egoera aztertzeko duen balioa” eta “orain arteko ibilbidean izandako garapen tekniko eta profesionala azpimarratu zituen”. Altuna eta Etxebarriarekin batera, aurkezpenean izan ziren Iñaki Martinez De Luna, Eneko Anduaga eta Eneko Gorri, Batzorde Zientifiko zabalagoaren ordezkari gisa.

Hizkuntzen erabileraren Kale-Neurketa ibilbide luzeko ikerketa-lan zabala da, Siadecoren eta Euskal Kultur Batzordearen –EKB- eskutik 1989an abiatu, eta 2001etik Soziolinguistika Klusterrak egiten duena. Hogeita zazpi urtetan zazpi argazki atera zaizkio euskararen erabilerari Euskal Herri osoan. Ikerketak hizkuntzen presentzia kuantifikatzen du, kalean entzundako elkarrizketa informalak behatuz.

Euskal Herrian bertan sortua da metodologia , eta zazpi edizioetako eskarmentuak metodologia aski kontsolidatzea ahalbidetu digu. Gaur egun, ezinbesteko erreferentzia da euskararen bizi-indarra ebaluatzeko.

Ikusi emaitzak eta informazio osatuagoa