Proiektuak

Egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditugu, metodo zientifikoak erabiliz. Diziplina anitzeko lantaldeen bidez lan egiten dugu, egitasmo bakoitzaren beharren arabera egokituta.

Gipuzkoa Berdinago

Gipuzkoa Berdinago Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez sortutako proiektua da eta Soziolinguistika Klusterra arduratzen da koordinazio teknikoaz. Jendaurrean Erabili proiektuko esperientziatik eratorri zen egitasmo honek 2016an du jatorria.

Zergatik? Zertarako?

Gipuzkoan erreferentzialtasuna duten erakunde, enpresa eta eragileek badakite hizkuntza jarduera orekatzailea hartzea eta sendotzea beren zeregina ere badela. Gipuzkoako Foru Aldundiak Plan Estrategikoan (2020-2023) ageri diren helburuen artean, 4. helburuak hauxe dio: “Euskara lehendabiziko aukera gisa erabil dadin sustatzea, dela GFAn, dela lurraldeko gainerako eragileen artean, aukera linguistikoak parekatzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko lehentasunez euskaraz egin daitekeena, euskaraz egitea”. Gipuzkoan, beraz,  hizkuntza berdintasuna lortzeko helburua, gipuzkoar gizartean oso partekatua den gaia da.

Komunikazio publikoaren esparrua oso garrantzitsua da gizarte batean hizkuntzek duten tokiari begira. Batetik, komunikazio publikoaren bidez adierazten direlako denetariko entitateen mezu eta informazioak. Bestetik, eremu pribatutik haratago, plaza publikoan egiten den hizkuntzen erabilerak zuzenean eragiten duelako hizkuntza bakoitzaren prestigioan.

Gipuzkoa Berdinago sortu zuten erakundeak lurraldearekin daukaten erantzukizunagatik, euskararen alde hizkuntza jokabide aktibo batekin lan egiten ari dira, euskarari lehentasuna ematen dion jokamolde orekatzailea lortu nahian, gure bizikidetza ere orekatuagoa izan dadin. Aldi berean, beste erakunde askok jarraitzeko moduko bide bat zabalduko zutelakoan elkartu ziren. Bakoitza bere esparrutik eta bere egoeratik abiatuta, elkarrengandik ikasi eta elkarrekin aurrerapausoak emanez, komunikazio publikoan euskararen erabilera handitu eta gizartea hizkuntza berdintasunera hurbiltzeko ekarpena egiteko saiakera da honakoa.

Kideak

  • Adegi
  • Basque Culinary Center
  • Bera-bera eskubaloia
  • CAF
  • Deustuko Unibertsitatea
  • Donostiako Udala
  • DYA
  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Fagor
  • Gipuzkoa Basket
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Kaiku
  • Kutxa Fundazioa
  • Kutxabank
  • Laboral Kutxa
  • Mondragon Korporazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Mutualia
  • Real Sociedad
  • Eibar

Koordinazioa: Soziolinguistika Klusterra

Informazio gehiago: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/hizkuntzaberdintasuna/gipuzkoa-berdinago