This section is only available in Basque See it

2021ari buruz

2004an sortu zenetik etengabeko berrikuntzan eta eraldaketan dagoen erakundea da Soziolinguistika Klusterra. Euskararen biziberritzearen beharrei erantzuteko etengabe bere burua asmatu eta berrasmatzen du ikerguneak. 2021a ere asmo berrituz eta dinamika berrietatik ateratako ikasketez betea izan da. Tartean, niri egokitu zait AEKren izenean erakundearen lehendakaritza hartzea, Eusko Ikaskuntzako Mikel Irizarren eskutik. Ilusioz eta gogoz heldu diogu aro honi, jakinda euskal soziolinguistikaren eremuan dihardugun erakunde, ikerlari, teknikari eta herritarrena dela Klusterra. Horien guztien borondateari eta beharrei erantzutea dagokigu eta horretan saiatuko gara Bulego Teknikoaren eta bazkideen ezinbesteko ekarpenaz.

2020an onartutako egitasmo estrategikoan marraztutako bidetik jardun dugu 2021ean ere. Erakundearen komunikazio plana berritu da, batetik. Bazkidetza plana egiteko prozesua abiatu da, bestetik. Gainera, Soziolinguistika Klusterrak euskal gizartean duen funtzioaren gaineko hausnarketarako tartea ere hartu dugu. Azken urteetan beste hainbat erakunderekin lantzen jardun dugun Badalab berrikuntza laborategiak argia ikusi du 2021ean, etorkizuneko erronkei gauzak desberdin eginez erantzuteko xedearekin.

Eta horrez guztiaz gain, 30 proiektu baino gehiago landu ditu Klusterrak 2021ean. Eremu akademikoko ikerlariak, administrazioko eta eremu pribatuko profesionalak, gizarte erakundeetako aktibistak eta beste hainbat pertsona lankidetzan aritu dira horietan guztietan. Euskararen soziolinguistika ezagutza sortzeko eta ezagutza hori zabaltzeko egitasmo hauek euskararen lurralde osoan gauzatu dira. Horretarako lagungarri gertatu da lehen aldiz Nafarroako Gobernuko Euskarabidearekin sinatu dugun hitzarmena.

Izan ere, ez dira nolanahikoak aurrean ditugun erronkak. Aldaketak eta ziurgabetasunak ageriko egin zaizkigu azken aldian. 2020tik hona, COVID19aren pandemiak eguneroko bizimodua eta lana baldintzatu du; eta pandemiaren eragin soziolinguistikoak ere arretaz aztertu beharrekoak dira. Jendaurrean Erabili proiektuan, adibidez, erakundeen komunikazio publikoan eragin duen astindua espreski ikertu da.

Edonola ere, badira lehenagotik martxan zeuden fenomeno sozialak, azken urteetan areagotu direnak, eta euskararen etorkizunean berebiziko zeresana izango dutenak. Gure ingurune soziolinguistikoan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren hizkuntzek duten tokia aipa genezake, adibidez. Migrazio mugimenduei lotuta, Euskal Herrian 120 hizkuntza baino gehiago hitz egiten direla identifikatu da lurralde ezberdinetan egin izan diren Hizkuntza Aniztasunaren Mapen bidez. Etorri berrien harrera linguistikoa eta hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa egokiari buruzko ikerketa proiektuak eta hausnarketak ezagutu genituen azaroan Iruñean egindako Euskal Soziolinguistika Jardunaldian.

Euskararentzat erronkak dakartzan beste joera edo fenomeno global orokor bat digitalizazioarena litzateke. Eremu digitalak herritarron bizimoduan hartu duen tokiari lotuta, hizkuntzen etorkizuna bertan ere jokatzen da. Euskaldunak eremu digitalean ere euskaraz bizi ahal izateko egitasmo ugari daude martxan, eta beharrezkoa da indar-guneei eta ahul-guneei begiratzea hauek norabidetzeko. Euskararen Adierazle Sistemak alor horretako datuak inplementatu ditu azken urtean eta gaia jorratu du ekimen komunikatibo batzuekin.

Norbanakoen arteko harremanak dira hizkuntza-erabilerarako funtsezko eremuetako bat. Hemen ere aldaketa esanguratsuak bizi ditugula esan genezake, besteak beste indibidualizaziorantz eraldatzen ari delako gizartea. Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketak pertsonen arteko praktika linguistikoen berri jakiteko dugun tresna eraginkorrenetakoa dira. Bost urtean behin egiten den Euskal Herriko neurketa abian da, 2021ean gauzatu da landa-lana, eta erabileraren bilakaera eta ezaugarriak ezagutuko dira emaitzak eskuratzerakoan.

Norbanakoen arteko eta talde-mailako elkarrekintzei dagokionez, hizkuntza-ohiturak aldatzea da sarri euskararen erabilerari bidea zabaltzeko gakoa. Aldahitz proiektuan urteak daramatzagu lan munduan gai hori jorratzen eta hortik abiatuta sortu diren bestelako adarrak ere garatzen ari gara; esaterako, euskararen gutxieneko ulermena lortzea ahalbidetzen duen uler-saioak metodologia edo bikote eta lagun-taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko proba pilotuak.

Azken hamarkadetan ikastetxeetan euskararen presentzia handitzeak eragin nabarmena izan du biztanleriaren belaunaldi gazteenen hizkuntza-profilean. Eskola-testuinguruko hizkuntza erabilerari jarraipena egiten diogu Arrue proiektuaren bidez eta ikasgelan  ahozko komunikazio gaitasuna lantzeko modu egokienak ikertzen jarraitu dugu Berba-lapiko proiektuaren bidez. Udalerri euskaldunenetan, gainera, haurren azken urteetako hizkuntza erabileraren bilakaera hobeto ulertzen saiatzeko UEH proiektua jarri da abian. Baina eskoletan euskaldundutako nerabe eta gazteek euskara erabiltzera urratsa egiteko, eskolaz kanpo ere gutxieneko baldintzak behar dituzte. Euskara Kirolkide proiektuan aztertzen da kirola bezalako jarduera gustagarri bateko talde-dinamikak joka dezakeen funtzioa.

Euskararen biziberritzearen beharrei erantzun nahian, beraz, hamaika proiektu ditu martxan Soziolinguistika Klusterrak, 2021 Urteko Txosten honetan ikusiko duzun bezala. XX. mendearen bigarren erdian abiatu zen euskararen biziberritze prozesua; mendearen azken hamarkadan hasi zen eratzen euskal soziolinguistikaren ekosistema; orain, biziberritze prozesuari norabide egokia ematea dago jokoan eta soziolinguistika ezagutza zientifiko zorrotzak soilik erakutsi dezake bidea. Gizarte aldakor hau ahalik eta hobekien ezagutzeko, ikerketari behar besteko garrantzia eta bultzada ematea beste aukerarik ez dugu. Eta hori da Soziolinguistika Klusterraren inguruan biltzen garenok partekatzen dugun apustua.

Mertxe Mugika
Soziolinguistika Klusterraren lehendakaria

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN