Ikerketa soziolinguistikoa sustatzeko hitzarmena sinatu du Nafarroako Gobernuak Soziolinguistika Klusterrarekin

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabidearen zuzendariak, alde batetik eta Mikel Irizar Soziolinguistika Klusterraren lehendakariak eta Imanol Larrea zuzendariak, bestetik, eman dute hitzarmenaren berri. Akordioak 2021erako hiru proiektu zehatzen finantzazioa ahalbidetzen du eta 25.000 euroko aurrekontuarekin hornituta dago.

Euskararen berreskurapenean eta normalizazioan laguntzen duten azterlanak eta ikerketa estatistikoak egitea da bi erakundeek partekatutako helburua. Euskararen egoera ebaluatu eta Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren bilakaera ezagutzeko datu demolinguistiko eguneratuak lortu nahi dira, besteak beste. Neurketetan eta ikerlanetan lortutako datuak errealitate soziolinguistikoari egokitutako hizkuntza politika egiteko oinarri gisa baliatuko dira.

2021ean zehar garatzeko hiru proiektu zehatzen finantzaziora bideratuko da hitzarmenean jasotako aurrekontua.

Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa izango da horietako bat. Bost urtean behin egiten den bezala, 2021ean behaketa bidez neurtuko da kaleetan herritarrek egiten duten hizkuntza erabilera. Hizkuntzen egoera baloratzeko esanguratsuenetakoa da erabilerarena eta tokian toki ematen ari den bilakaera ezagutzeko aukera eskaintzen du ikerketa honek. Gainera, bertan eskuratutako datuak erabiltzen dira Euskararen Adierazle Sistema (EAS) elikatzeko, eta toki entitateek, gizarte-eragileek eta herritarrek errealitate soziolinguistikoaren ezagutza zehatza eskura izan dezaten.

Finantzatuko den bigarren proiektua Eremu euskalduneko haurren hizkuntza-jardunbideen eta bizipenen ikerketa izango da. Azterketa kualitatiborako metodologia baliatuz egingo da ikerketa hau eta Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. ikasmailetako ikasleengan jarriko da arreta, beren praktika eta bizipen linguistikoak sakontasunez ezagutzeko.

Zerrendako hirugarren proiektua Aldahitz ikerketa da. 2010etik martxan dago eta lan-munduan hizkuntza-ohiturak aldatzeko metodologiak sortzen dira bertan. Hizkuntza-gaitasun eta testuinguru desberdineko lankide-taldeen ezaugarrietara egokitutako esperientzia pilotuak martxan jartzen dira eta horietan pilatutako ezagutzatik metodologia horiek hobetu edo berriak sortzen dira.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok adierazi duenez “neurketetan eta ikerketetan lortutako datuak errealitate soziolinguistikora egokitutako eta herritar guztiei zuzendutako hizkuntza-politika garatzeko erabiltzea da helburua. Eta hitzarmen honek helburu hori betetzeko bide egokian jartzen gaitu, Soziolinguistika Klusterraren izaera berezia kontuan hartuta, esparru horretako ikerketan erreferentea baita.”

Soziolinguistika Klusterreko lehendakari Mikel Irizarrek nabarmendu du hitzarmena orain arte bi erakundeen artean izandako elkarlana sendotzeko urrats garrantzitsua dela. “Finantzatutako proiektuek euskararen biziberritzean gakoak diren gaiak lantzen dituzte eta errealitate soziolinguistikoaren ezagutza zorrotza Nafar Gobernuaren eta gizartearen eskura jartzeko balio dute.”

Bi erakundeetako ordezkariak pozik agertu dira emandako urratsarekin eta elkarlan emankorra izan dadin ahalegina egiteko borondatea azaldu dute.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN