Urtarrilaren 12an aurketu da Donostian HITZARGIAK – Elkar argitzen duten hizkuntzak proiektua. Proiektuan Euskararen aldeko eragile garrantzitsuenek bat egin dute, Europako hizkuntzen aldeko sare nagusiekin batera, Hitzargiak proiektu europar eta europazalean.
- Proiektu honen gidaritza Partzuergo batek eramango du, eta bertan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako udalak, euskararen aldeko eragileek eta Europako hizkuntzen aldeko sare nagusiek, hala nola NPLD sarea, zeinaren Presidentzia Eusko Jaurlaritzak baitu
- Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak martxan jarritako ekimena da.
- Europan hizkuntzak biziberritzeko jardunbide egokiak identifikatzeko proiektua da, eta Europako hizkuntza-komunitateei elkar elikatzeko aukera emateko
Hitzargiak, Elkar argitzen duten hizkuntzak Europan hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean diharduten askotariko egitasmoak biltzeko proiektua da. Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016 Fundazioak jarri dute martxan ekimena, Bizitzaren Itsasargiko kultur jardueren artean eta 284+ Kaiaren barruan.
Donostiako Parke Teknologikoan Hitzargiak proiektuaren Batzorde Zientifikoa aurkeztu da. Europako hizkuntza gutxituetan adituak diren bederatzi kidek osatzen dute, eta haien funtzioa izango da egitasmoaren ikerketa-unibertsoa zehaztuz, kasuak eredugarritzat jotzeko bete beharko dituzten ezaugarri eta irizpideak definitzea. Batzordearen kide dira honako adituak: Larraitz Ariznabarreta, Vicent Clement, Araceli Díaz de Lezana, Durk Gorter, Itziar Idiazabal, Jasone Mendizabal, Erramun Osa, Meirion Pris Jones eta Xavier Vila. Aurkeztearekin batera, lehenengo lansaioa ere egin du Batzordeak.
Bestalde, azaroaren bukaeran izan zen proiektuari babesa eman eta haren zuzentasuna bermatzen duen Partzuergoaren aurkezpena eta lehenengo lansaioa. Honako erakundeak dira HITZARGIAK PARTZUERGOAren kide: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru aldundia, Donostiako udala, euskararen eragile garrantzitsuenek, UPV/EHU, MHOK Unesco Katedra, Mondragon Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Topagunea, HEKIMEN, AEK, Bai Euskarari Fundazioa eta Kontseilua, eta Europako hizkuntzen aldeko sare nagusiak, Mercator eta NPLD.
Europako ezaugarri azpimarragarrienetako bat hizkuntza-aniztasuna den arren, estatuek, beren egituratze-ibilbidean, aniztasun horren parte diren hainbat hizkuntza ahultzea ekarri duen hizkuntza-politikak jarri dituzte martxan. XX. mendean are indartsuago gertatu dira ahultze eta gutxiespen horiek, industrializazioaren eta urbanizazio azkarraren eraginez, eta, ondoren, globalizazioaren ondorioz.
Ahultze-prozesuekin batera, ordea, Europako hizkuntza-komunitate ugarik beren hizkuntza biziberritzeko prozesu eraginkorrak abian jartzen jakin dute. Prozesu, egitasmo, praktika eraginkor horiek jasotzea, eta gainerako hizkuntzei jakitera ematea da Hitzargiak proiektuaren helburua, horrek izan dezakeen emaitza biderkatzailea bultzatzeko. Esperientziak partekatzea, besteengandik ikastea, elkar elikatzea eta laguntzeak nazioarteko mugimendua sendotu dezake.
Hizkuntzak biziberritzeko jardunbide eredugarritzat jotako ekimenak bilduko dituen webgune bat izango da: www.hitzargiak.eu. Europako mapa eta Europako hizkuntzen mapa batek jardunbide horiek argi gisa erakutsiko ditu. Horiek bistaratzeaz harago, ekimen horien atzean dauden erakundeak harremanetan jartzea denez proiektuaren helburu nagusia, webgunean ere adieraziko dira sortuko diren harreman edo elkarrizketa horiek, argien artean zubiak eraikiz.
Hizkuntzak eta hizkuntza-komunitateak elkarrekin harremanetan jartzeko helburuarekin lotuta, proiektuaren une garrantzitsuenetako bat izango da ekainean egingo den Topaketa. Proiektuan ehundutako sare osoa Donostian bilduko da, eta, bertan, denen esperientzia erakutsi, entzun, ikasi eta partekatzeko parada izango da.
Proiektuaren ezaugarriengatik, eta bertan sortuko diren loturengatik, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren ondoren ere bizirik jarraitu ahal izango duen mugimendua izango da, harreman-sare iraunkor bat sortzeko aukera izango baitu. Hala, Europako hizkuntzen mapan, argiak pizten eta argien artean zubiak eraikitzen jarraitu ahal izango da, hizkuntza-aniztasunaren mesedetan