2010etik 2014ra Tolosako ikastetxeetan egindako ikerketatik ateratako ondorioetan oinarritzen da liburu berria. Ikasgelan, ahozko hizkuntza irakatsi nahi duenari proposamena egiten zaio. Azalpen teorikoak, irakaste gomendioak eta ariketak tartekatzen dira. Josune Zabala da liburuaren egilea eta Olatz Bengoetxea koordinatzailea.
2010etik 2014ra Tolosako ikastetxe guztietan gauzatu zen ikerketa bat Tolosako udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ikerketa horrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ahozko hizkuntza lantzeko materialetan eta irakasleen esku-hartzean begirada jartzen zuen. Lanketa hartatik ateratako ondorioetan oinarritzen da liburu berri hau eta eskola sistema osoari begirako ekarpenak egin nahi dizkio; Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino, hain zuzen. Ahozko hizkuntzaren irakaskuntzan murgildu nahi duen irakaslearentzako zuzendutako liburua da, bereziki. Ikasgelan, ahozko hizkuntza ere irakatsi nahi duenari proposamena egiten zaio. Azalpen teorikoak, irakaste gomendioak eta ariketak tartekatzen dira. Josune Zabala da liburuaren egilea eta Olatz Bengoetxea koordinatzailea.
Liburuaren hastapenetan, hizkuntza jabekuntzaren gaineko ezagutzari buruzko oinarriak ematen dira, bereziki euskararen ikuspegi soziolinguistikoaren tokitik. Hau da, testuinguru elebidun edo eleaniztun bateko hizkuntza gutxitu baten jabekuntzari buruzko azalpenak eman eta gogoetarako aukerak eskaintzen dira. Bigarren atalean, “Tolosa, ahozko laborategia” ikerketaren ondorioak baliatuz, ahozko hizkuntza irakasteko gako nagusiak ematen dira. Ahozko hizkuntza lantzeko garaian kontuan hartzeko bost praktika on identifikatuta daude, eta horiek garatzen dira xehe-xehe azalpenak emanez, ariketa proposamenak eginez eta ikerketa hari lotutako datuak nahiz aholkuak eskainiz. Hirugarren atalean, berriz, ahozko hizkuntza modu autonomo edo isolatuan lantzeko hogei jarduera praktiko eskaintzen dira. Azken atalean, berriz, ikerketan bertan proban jarri ziren bi sekuentzia didaktiko argitaratu dira oso-osorik: elkarrizketa lantzekoa bata, eta bakarrizketa umoretsuak lantzekoa, bestea.
Esan bezala, gida-liburu zentzua eman nahi izan zaio lan honi. Edukiak azalpen laburrez emateaz gain, gogoetarako proposamenak daude, baita ariketak ere. Aukera ematen du bakarkako irakurketaren bidez liburuari jarraipena egiteko; baina, aukera ematen du, baita ere, irakurketa modu kolektiboan egiteko. Irakurri ez ezik, bertako proposamenen gainean eztabaidatu eta ideiak idatziz jasotzeko.
Gida-liburu hau banatuko da Hezkuntza sare osoan, eta horrez gain salgai egongo da hainbat liburu-dendetan.
Liburua Soziolinguistika Klusterra ahozko hizkuntzaren irakaskuntzaren gainean garatzen ari den lanaren emaitzetako bat da. Gai honetan hezkuntzaren esparruan dagoen beharrizan handiari erantzuteko ikerketak gauzatu eta prestakuntza ematen ari da, une honetan, hainbat ikerlari eta eskolekin harremanetan daude ikerketa-helburu ezberdinei erantzuteko asmoz