Euskaraldiaren ikerketak ondorioztatu du “nabarmen astindu zituela” parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketaren 11 egunetan

Soziolinguistika Klusterra arduratu da ikerketa teknikoki aurrera eramateaz, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Topagunearekin lankidetzan. – Donostian egindako prentsaurreko batean aurkeztu dute ‘Euskaraldia I. Emaitzen azterketa’ azterlana. Urriaren 9an Tolosan emaitzetan sakondu eta aurrera begirako ikasgaiak ateratzeko aukera izango da Euskal Soziolinguistika Jardunaldian.

Euskaraldiaren lehen edizioak “nabarmen astindu zituen” bertan parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketaren 11 egunetan eta, era berean, hiru hilabete beranduago aldaketa horiei “proportzio altuan eutsi egin” zitzaien. Horixe da Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz emaitzen azterketatik atera den ondorio nagusietako bat, Soziolinguistika Klusterrak egin duen ikerketa baten arabera. Azterlana burutzeko Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia lankidetzan aritu dira, Klusterrarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin batera, eta gaur horren xehetasunak aditzera eman dituzte Donostian egin den prentsaurreko batean.

‘Euskaraldia I. Emaitzen azterketa’ lanaren aurkezpena EHUko Gipuzkoako campusean egin da, eta bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko Gipuzkoako zuzendaria; Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea; Pello Jauregi, ikerketaren zuzendaria; eta Uxoa Anduaga, Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria. Ikerketa Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egin da, gainontzeko erakundeekin lankidetzan, eta ondorioak honako helbide honetan kontsultatu daitezke: https//euskaraldia.eus/2018-ikerketa/

Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu du ikerketa “Euskaraldiaren lehen edizioaren eragin praktikoen gaineko erradiografia bat” dela: “Hasieratik esan genuen Euskaraldia ez zela joko bat; hizkuntza ohituretan eragin nahi duen ekimen masibo eta berritzailea da. Helburua eragitea da, eta ikerketari esker neurtu ahal izan dugu zein neurritan izan den eraginkorra. Milaka herritarren hizkuntza praktikak aztertu dira azterlan honetan, eta esan dezakegu Euskaraldiaren lehen edizioaren eragin praktikoen gaineko erradiografia bat dakarkigula lan honek”.

Garbiñe Mendizabalek adierazi du “ekimen ausartak” behar dituela euskarak: “Euskararen erabilera indartuko badugu, ekimen berritzaileak, ausartak, auzolanean oinarrituak, behar ditugu. Horregatik da hain pozgarria ikustea 2016an Lasarte-Orian ereindako hazi hura sustraitzen ari dela. Ikusi besterik ez dago herriz herri ekimena dinamizatzeko sortutako batzordeetan herritarrek erakutsitako inplikazioa eta gogoa. Errealitate hau sendotzen joan dadin berebiziko garrantzia izango dute ikerketa honek utzitako emaitzek”.

Elena Lakak irekitako bidearen garrantzia nabarmendu du: “Euskaraldiaren lehen edizioak balio izan du hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Euskaraldia abiatu genuenean bagenekien, eta halaxe adierazi genuen, hizkuntza ohiturak aldatzea eta gizartean aldaketak egitea epe luzerako lana dela. Ikerketa honek berretsi egin du adierazitakoa: Euskaraldia lehen urrats bat izan da hizkuntza ohituren aldaketan, eta orain aldaketa gauza dadin eragina handitzen jarraitu behar dugu. Ahobizi eta belarriprest jokaerak sakondu behar ditugu, eremu berrietara zabaldu beharra dago, eta gizarte eta era guztietako erakundeen babesa eskaini behar diogu euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona orori. Hori izango da hurrengo Euskaraldien helburua”.

Ikerketaren ezaugarriak

Ikerketa proiektuaren baitan bi iker lerro jorratu dira: kualitatiboa eta kuantitatiboa. Iker lerro kuantitatiboak Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituren aldaketan eraginik izan duen eta eragin hori nolakoa izan den ikustea du xede. Horretarako, azterketa longitudinal bat egin da, ekimeneko hiru une desberdinetan herritarren hizkuntza ohiturak nolakoak diren neurtu dituena. Neurketa horiek hiru galdetegiren bidez burutu dira, guztiak ere e-mail bidez igorri direnak. Ikerketan hiru galdetegiak bete dituzten pertsonen emaitzak hartu dira soilik kontuan:

  1. Lehenengo galdetegia: Euskaraldia hasi aurretik (2018ko azaroaren 23a baino lehen).
  2. Bigarren galdetegia: Euskaraldia amaitu berritan (2018ko abenduaren 3a ondoren).
  3. Hirugarren galdetegia: Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera (2019ko martxoan).

Euskal soziolinguistikan gutxitan egin dira halako lagin handiak dituzten ikerketa longitudinalak, eta horrek balio eta sendotasun handia ematen die aurkeztutako emaitzei. Guztira 18.383 pertsonak bete dituzte hiru galdetegiak eta hori da aztertu den lagina. Galdetegiak betetzeko borondatea izan duten pertsonen erantzunak direla kontuan hartu behar da emaitzak irakurtzerakoan. Lagina Euskaraldian izena emandako populazioarekin alderatuz, antzeman daiteke zertxobait femeninoagoa dela; ahobizi-en presentzia handiagoa dela; eta adinean zein lurraldeen banaketa nahiko paretsua dela.

Azterketa kualitatiboak Euskaraldiaren inguruan sortu diren diskurtso sozialak aztertu ditu, parte-hartzaileen (ahobizi eta belarriprest-en) zein ekimeneko antolatzaileen lekukotzak jasoz. Horretarako, Euskaraldian izena eman duten herrien lagin bat osatu da lau aldagai erabiliz: lurraldea, gune soziolinguistikoa, hiri/herrien dentsitate demografikoa eta, azkenik, batzordeen jarduera edo aktibitate maila.

Pello Jauregi ikerketaren zuzendariak eta Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak azaldu dituzte ikerketaren ezaugarri nagusiak eta ondorioak. Pello Jauregi irakasleak azpimarratu duenez, “Euskaraldiak parte-hartzaileen hizkuntza-erabileran aldaketa handiak eragin ditu ariketaren 11 egunetan; eta hiru hilabete beranduago aldaketa horiei proportzio altuan eutsi egin zaie”. Uxoa Anduaga soziologoak nabarmendu du “euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek egin dutela aldaketa handiena; Euskaraldiaren hasieran euskarazko gaitasun eta erabilera altua zutenek edo zonalde oso euskaldunetan bizi zirenek baino aldaketa handiagoa”.

Jardunaldia Tolosan

Aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia euskaraldiaren azterketari eta aurrera begirako ikasgaiak ateratzeari eskainiko zaio. Hamaikagarren edizioa Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean antolatu dute. “Euskaraldia Aztergai”’ izenburupean egingo da jardunaldia urriaren 9an, Tolosako Topic zentroan.

Gaur aurkeztutako ikerketaren emaitzak eta ondorioak xehetasunean ezagutzeko aukera izango da. Euskaraldiari buruz egin diren beste zenbait ikerlan ere aurkeztuko dira. Parte- hartzaileek elkarrekin landuko dituzte emaitza hauetatik atera daitezkeen ikasgaiak eta zenbait adituk egiten dituzten interpretazioak entzuteko aukera ere izango da.

Egitarau osoa, informazio gehiago eta izen-ematea soziolinguistika.eus/euskaraldiaaztergai atarian daude eskuragarri.

Ondorio nagusiak

  1. Euskaraldia ariketa soziolinguistiko gisa planteatu da eta datuen argitan esan daiteke ariketa egoki gauzatu dela. Parte-hartzaileek neurri handian bete dituzte eskatutako eginkizunak. Hobetzeko tarterik egonda ere, parte-hartzaile gehienak zinez saiatu dira hartutako konpromisoak betetzen. Hala, esaterako, ahobizi-ek betetze maila altua izan dute ulertzen dutenekin euskaraz egiteko jardunean, bai eta ezezagunekin lehen hitza euskaraz egiteko zereginean ere. Belarriprest-entzat nekezago suertatu da euskaldunei euskaraz aritzeko eskaera luzatzea, kasurik gehienetan jokabide arrotzat hartu delako.
  2. Parte-hartzaileen hizkuntza erabilerari dagokionez aldaketa handiak ekarri ditu Euskaraldiak ariketaren 11 egunetan, eta aldaketari proportzio esanguratsuan eutsi zaio Euskaraldiak bukatu eta hiru hilabetera ere. Oro har, parte-hartzaileen hizkuntza jokaerak nabarmen astindu dira Euskaraldiak iraun duen bitartean. Parte-hartzaile askok aipatu du testigantzetan ariketa motza geratu zaiola, hamaika egun ez baitira egun asko. Hala eta guztiz ere, hizkuntza jokaera berriaren arrasto esanguratsuak gelditu dira Euskaraldia bukatu eta hilabeteek aurrera egin ahala.
  3. Hizkuntza bilakaera orokorrak baino aldaketa handiagoak egin dituzte euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek; euskaraz egiteko ohiturarik gutxien dutenek; eta gune soziolinguistikorik erdaldunenetan bizi direnek. Aldiz, ez dute hainbesteko aldaketarik egin Euskaraldiaren hasieran hizkuntza gaitasun altua erakutsi dutenek; jada euskaraz egiteko joera nabarmena dutenek; eta gune soziolinguistikorik euskaldunetan bizi direnek.
  4. Aldaketak orokorrak izan dira ahobizi eta belarriprest-entzat. Denek egin dute aurrera euskararen erabileran. Baina aldaketarik handiena egin dutenak ahobizi euskaldun hartzaileak izan dira. Ondoren datoz belarriprest euskaldun hartzaileak; hirugarrenik, belarriprest euskaldun osoak; eta azkenik, ahobizi euskaldun osoak. Garrantzitsua da azpimarratzea Euskaraldiak sortutako dinamika orokorrak nola bultzatu dituen belarriprest-ak modu naturalean euskara erabiltzera.
  5. Euskaraldian ahobizi euskaldun osoa kategoria kopurutan guztiz nagusitu bada ere, datuek beste aukera batzuen aberastasuna ere utzi dute agerian: a) Euskaraz hitz egiteko muga batzuk izan arren, ahobizi eginkizunari heltzeko aski adorea izan dutenak (ahobizi euskaldun hartzailea); b) Euskaraz hitz egiteko arazorik ez eduki arren belarriprest eginkizunari heldu diotenak (belarriprest euskalduna) eta c) Euskaraz aritzeko zailtasun nabariak eduki eta belarriprest zereginean aritu direnak (belarriprest euskaldun hartzailea). Euskaraldiaren dinamika orokorrak kategoria guztien hizkuntza jokaeran izan duen eragin positiboa ikusita, interesgarria litzateke azpimarratzea belarriprest figura aberatsaren bidez zein aukera onak zabaltzen zaizkion Euskaraldiari populazioaren sektore berriak euskararen dinamikara erakartzeko.
  6. Ikusten da bi mekanismo sakon abiatu dituela Euskaraldiak euskararen erabilera bultzatzeko garaian. Lehena, gizarte hitzarmenaren mekanismoa. Hau da, txapa identifikagarriei esker jende askok (ahobizi-ek bereziki) bultzada handia sentitu du euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko. Bigarrena, hizkuntza simetriaren mekanismoa. Hots, batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra piztu die. Bi mekanismo horiek elkar elikatu dute joan-etorrian euskararen erabileraren gurpila abian jartzeko.
  7. Euskaraldiak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu du. Giro babesle eta irekia sortu du. Hala nola, euskaraz egin nahi zuenak zilegitasun soziala nabaritu du lasaitasunez jokatzeko eta hainbatek zentzua ikusi dio hizkuntza nagikeria gainetik kentzeko. Zailtasunak zituenak euskaraz egiteko adorea eskuratu du, lotsak eta beldurrak zertxobait zokoratuz. Eta, era berean, erdara erabili ahal izatea (euskarazko komunikazioa oztopatu gabe) tresna auto-erregulatzaile indartsua gertatu zaio euskaraz egiteko zailtasunak zituen hainbati.
  8. Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte-hartzaile askori. Norbere hizkuntza jokaera «idealizatu» samarra zuen parte hartzaile asko konturatu da benetan uste baino gutxiago egiten duela euskaraz. Beste hainbatek ikusi du Euskaraldia hasi aurretik hain zailak iruditzen ez zitzaizkion jardunak uste baino korapilatsuagoak direla. Horretaz gai, euskaraz ulertu eta hitz egiten duen uste baino jende gehiago dagoela ikusi dutenak ere badira. Beraz, Euskaraldiak balio izan du jende askok azterketa soziolinguistiko errealista egiteko eta kasu gehienetan errealismo hori hizkuntza erabilerako pizgarria izan da.
  9. Aurrerapen txikiak egon diren arren, zailtasunik handienak hiru alderdi hauetan egon dira: a) Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun mugatua dutenekin euskaraz jarduteko jokabidea ez da asko zabaldu. b) Ele biko elkarrizketari luze eusteko (nahiz eta aurrerapauso interesgarriak ikusi diren). c) Solaskideari euskaraz aritzeko gonbita edo eskaera (asertiboa) egitekorakoan deseroso samar sentitu da parte-hartzaile asko, bereziki belarriprest zereginean ibilitakoak.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN