Argitaratu da BAT 112: Euskaltzaleen mugimendu berritua

Euskaltzaleen Topagunearen eta Soziolinguistika Klusterraren arteko lankidetzaren fruitu da BAT Soziolinguistika Aldizkariaren zenbaki hau. Topaguneak euskaltzaleen mugimendurako interesekoak diren gaien inguruan urtero antolatzen ditu Topaldia jardunaldiak. Badira jada, hemezortzi edizio. Azkena, 2019ko urtarrilaren 31n, EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan burutu zen eta “Euskaltzaleen Mugimendu berritu baterantz”goiburua izan zuen. Bertan aurkeztutako hitzaldietako batzuk eta gai berarekin lotura handia duten beste ekarpen batzuk bilduz osatu da aldizkaria.

Euskalgintzak bizi duen abaguneari erantzuten dioten zortzi artikulu biltzen dira, besteren artean, Euskaraldiak Euskaltzaleen Mugimendua berritzeari eta eragileen arteko lankidetzari begira ekarri dituen aukera, erronka eta arriskuak ardatz hartuz.

Azpimarratzekoa da, nolanahi ere, askotariko eremu eta ikuspegietatik jasotako artikuluek osatzen dutela zenbakia, aktibismoan diharduten “arituek”eta baita ikerlari“adituek”ere; izan ere, bi eremuen arteko transferentzia beharrezkoa da hizkuntzaren indarberritze-prozesuan, guztien jakintza eta indar-metaketak ahalbidetuko baitu erronkari behar bezala erantzutea.

BAT soziolinguistika aldizkariaren 112. Zenbakiaren artikuluak:

  • Mikel Ozaita Azpirotz . Hitzaurrea
  • Iñaki Martinez de Luna. Euskalgintzaren nondik norakoak: gogoeta bat
  • Jasone Mendizabal Altuna. Euskaltzaleen mugimendu berritura bidean: Topagunearen irakurketa
  • Manex Agirre Arriolabengoa. Euskara zerbitzuak: “Lankidetza” hitza esanahiz nola bete?
  • Mari Luz Esteban. Herri-mugimenduen arteko elkar hizketak (euskaltzaleen mugimendu berriturako bidean)
  • Eneko Gorri. Erabileraren aroa. Begirada bat Ipar Euskal Herritik
  • Mario Zubiaga. Nola autogobernatu hobeto (herriko hizkuntz) komunitatea
  • Gorka Espiau Idoiaga eta Itxaso Bengoetxea Larrinaga. Euskararen balioak
  • Malores Etxeberria Arrese eta Joanmari Larrarte Telletxea. Euskara ari du! Baietz Hernanik! Ekimenaren nondik norakoa eta emaitzak

BAT soziolinguistika aldizkariaren harpidetza egiteko interesa izanez gero, Soziolinguistika Klusterraren webgunean daude horretarako bideak eta informazio osagarria.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN