Belen Urangaren kronika Ekuadorreko Kitxuaren Biziberritze Estrategietako Ikastaroaren hasierari buruz

Belen Uranga munduko hizkuntza aniztasunaren gaineko espezialista handia da eta urteak daramatza Garabiderekin elkarlanean hizkuntza komunitateen arteko ezagutza trukea bilatzen duten egitasmoetan. Oraingoan Kitxuaren Biziberritze Estrategietako Nazioarteko Lehen Ikastaroan modulo bat gidatzen dihardu Ekuadorreko Ibarra eskualdean. Hona bertatik bidali duen lehen kronika laburra:

Hasi da Ekuadorreko Ibarra hirian Kitxua hizkuntza biziberritzeko estrategiak lantzeko ikastaroa. Etorri aurretik bagenekien 40 bat kidek parte hartuko zutela bertan, eta ez da alde horretatik sorpresa izan, baina bai, sortutako giro berezia.

Irakasleak, komunitateetako arduradunak, erakundeetako ordezkariak, kultura-ekoizleak, kazetariak…, adin eta ibilbide oso desberdinetako lagunek euren arteko esperientziak trukatzeko eta elkar indartzeko aukera baliatu dute. Hori izan da behintzat transmititu duten ideia nagusia. Eta emozioz: kitxueratik kitxueraz.

Lehen bi eguneko sarrera honetarako helburua izan da kitxuaren egoera ezagutzeko eta ulertzeko gakok partekatzea (ahultze-prozesua eta indarberritzeko aukerak). Alfonso Cachimel-ek testuinguru historikoa azaldu du, Imbayak kosmobisioaren garrantziaz aritu da eta Sacha Roserok gaur egungo egoera soziolinguistikoaz.. Hiru irakasle kitxuak hizkuntza eta identitate pertsonal eta kolektiboaren arteko zubien inguruan aritu dira, sutsuki. Ikuspegi identitarioa, antzinako ezagutza lapurtua, espiritualtasunaren garrantzia, baina baita modernitateari egokitu beharraz, edota hiriko kitxuen aktibazioaren beharraz ere. 

Eta garrantzizkoa dena: jendeak hitza hartzen du. Gazte eta heldu, emakume eta gizon, luze eta zabal hitz egiten dute. Modu oso pausatuan aritzen dira, oso barnetik, emoziotik eta, zenbaitetan, akaso, dramatik: Kitxueraz. Guri, airean geratzen den berotasunari heltzea geratzen zaigu.

Testuinguru horretan, errealitate soziolinguistikoaren azalpenerako zenbait gako aztertzen saiatu gara elkarrekin, egoera orokorraren baitan kokatuz: hizkuntzaren galera-prozesuaren nazioarteko kokapena (aniztasuna, galera eta biziberritzea erantzun modura) eta ordezkatze-prozesuen eragile nagusien identifikazioa, bai kitxuaren kasuan, euskararenean, eta baita gainerako beste milaka hizkuntzen kasuan ere. Erantzuteko estrategiak diseinatzeko ere ezagutza eta esperientzia partekatu daitekeela pentsatzen dugunez, bidea zabaltzeko aukerak ere aztertzen joango gara. Eta horretan jarraituko dugu datorren astean.

Izango dugu horren berri emateko aukera.

Belen Uranga

Ibarra (Ekuador), 2020ko urtarrilaren 28an

 

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN