Etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzian ekarpena egin du Soziolinguistika Klusterrak

Duela hilabete batzuetatik hona Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Lege berria sortzeko oinarri izan nahi duen ponentzia lantzen ari dira legebiltzarkideak. Saioz saio arlo askotako adituak, espezialistak eta gizarte eragileak gonbidatuak izan dira, euren ikuspegia bertan aurkezteko. Abenduaren 21eko saioan parte hartu du Pablo Suberbiolak Soziolinguistika Klusterraren ordezkari gisa.

Gaur egungo hezkuntza sistemaren egoeraz eta hurrengo 15 urteetarako erronka nagusiez mintzatu da, Soziolinguistika Klusterrak aurrera daramatzan hainbat proiektutan lortutako emaitzak eta ikasitakoak kontuan hartuz: Arrue ikerketa, Gazteak euskararen eszenatokian ikerketa, D ereduko kirola proiektua eta Berba-lapiko proiektua, besteak beste.

Ikuspegi soziolinguistikotik, hezkuntza-sistemak curriculuma eta ikastetxeetako hezkuntza-baliabide formalez gain, testuingurua jorratzeak duen garrantzia nabarmendu du bereziki bere aurkezpenean. D eredua eraginkortzeko eta murgiltze eredua definitzeko zenbait gako nabarmendu ditu. Horrez gain, irakasleen formazioari arreta jarri beharra azpimarratu du. Eta ahozko komunikazioa sistematikoki lantzeko moduak eta baliabideak garatu eta hedatzeko beharra agerian utzi du.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN

Menua