Euskara Kirolkide proiektuaren webgunea aurkeztu da kirolaren eremuko eragileekin egindako mintegian

Gazteak-kirola-euskara hirukoteak osatzen duen eremua hobeto ezagutzeko asmoz eta kirol klubetan fokua ezarriz abiatu zen Euskara Kirolkide proiektua. 2021ean, kirol klub bat zer den eta zertan datzan ulertzeko ahalegina egin da; izan ere, ezagutza hori funtsezkoa da alor horretarako euskararen gaineko proposamenak diseinatzeko.

EAEko sei kirol klub hauetako zuzendaritza-taldeko kideekin eta langileen bizipenak eta praktikak jaso dira landa-lanean: Bera Bera RT, Gaztedi Rugby Taldea, Gernika Rugby Taldea, Judizmendi Igeriketa Kluba, SD Amorebieta eta UDA Aretxabaleta. Jasotako informazioaren bidez kluben errealitatea hobeto ezagutzean, klubak (euskararen) babesgune izan daitezkeela ondorioztatu da.

Ikerketa-prozesu osoaren gaineko informazioa eta eskuratutako emaitzak www.euskarakirolkide.eus webgunean jaso dira. Bertan, egindako lana eta klubetan ikusitakoa, jasotakoa eta bizitakoa partekatzen dira, hainbat formatutako edukiekin: testuak, audioak, bideoak, argazkiak eta abar.

Urtarrilaren 19an, lan-saioa egin zen, Donostiako Kirol Etxean, kirol arloan eta euskalgintzan kirol klubekin lanean ari diren teknikariekin. Bertan, orain arteko ikerketa-ibilbidea aurkeztu zen eta klubetako hizkuntza-errealitatean eragiteko gakoak landu ziren. Lan-saio horretako ideiak orain arteko lanketan txertatzea izango da Euskara Kirolkide egitasmoaren hurrengo urratsa.

Proiektu honetan elkar harturik doaz Soziolinguistika Klusterra, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN