Euskara Legutioko Moldera ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkeztu dira

Gazteen eta guraso berrien hizkuntz praktika, ideia eta bizipenei buruzko ikerketa-proiektua egin dute lankidetzan Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak.

Hiru helbururi erantzuten die ikerketak:

  • Hizkuntza praktikak, ideologiak eta bizipenak aztertzea.
  • Egun indarrean dauden hizkuntza-sareak ezagutzea.
  • Etorkizuneko esku-hartzeetako gako baliagarriak lortzea.

Finkatutako helburuak kontuan harturik, eta Legutioko ezaugarriei erreparatuta, ikerketa aurrera eramateko ibilbidea eta prozedura diseinatu zen. Bertan lau fase ezberdin aurreikusi ziren. Fase guztietan metodo eta teknika kualitatiboak erabili ziren, ikerketaren helburuak aurrera eramateko egokienak zirelakoan. Izan ere, hiztunen subjektibitatean (iritziak, usteak, irudikapenak, bizipenak, eta abar) arreta jartzea lehenetsi zen.

Lehenengo fasea: herria ezagutzen. Helburu nagusia herriko errealitatera, dinamiketara eta biztanleengana hurbiltzea zen. Horretarako ondorengo teknikak erabili ziren:

  • Behaketak: ikerlariek herria bisitatu zuten tokia eta bertako egunerokotasuna ezagutzeko xedez. Bi eratako behaketak egin ziren: ikerlariek bakarka egindakoa, eta herritar batek gidatutakoa. Behaketa guztien emaitzak jaso egin ziren eguneroko batean bildutako informazioa aurrerago aztertu ahal izateko.
  • Elkarrizketak: ikerketaren fase honetan bi adin-tarte ezberdinekin egin genuen lan. Batetik, 24-31 urte inguruko gazteekin; bestetik 32-40 urte inguruko guraso (gazte) berriekin. Adin-taldeak ez dira modu zorrotzean hartu, irizpide orokor gisa baizik. Dena dela, gazteekin beraiekin baino, gazte horiekin harremana duen pertsona erreferentzialekin egin ziren lehenengo elkarrizketak. Adin-talde bakoitzean elkarrizketa bana egin zen.

Bigarren fasea: herriko hiztunak ezagutzen. Helburua herriko hiztunak eta eurek hizkuntzarekin duten harremana (ideiak, praktikak eta bizipenak) ezagutzea izan zen. Denera bederatzi pertsonak hartu zuten parte fase honetan. Batetik, hiru laguneko bi talde-elkarrizketa osatu ziren: batean hiru guraso gazte euskaldun elkartu ziren; bestean profil erdaldunagoa (euskaldun pasibo gisa kontsideratu daitezkeenak) zuten hiru guraso gazte bildu ziren. Bestalde, hiru gazte elkarrizketatu ziren, kasu honetan banaka. Elkarrizketa hauetan herriko hizkuntza-praktiketan sakondu zen, baita hiztunon (hizkuntz) ideologia zein bizipenetan ere. Gazteekin eta guraso taldeekin, besteak beste, horrelako gai orokorrak landu ziren:

  • Euskara herrian: non, norekin, zertan, nola… erabiltzen da euskara?, hau da, euskararen presentzia eta ausentziaren mapa(k).
  • Euskarari buruzko ideiak, usteak, iritziak, argudioak… Hizkuntza-politikari buruzko ezagutza, euskalgintza, Euskaraldia
  • Euskararekin lotutako bizipenak eta esperientziak: norbanakoak zein kolektiboak (herriarekin lotutakoak).

Hirugarren fasea: hiztunen arteko harremanak saretzen eta aktibatzen. Helburua herriko hiztunak elkarlanean jartzea eta euskara sendotzeko proposamenak zein aurreikuspenak irudikatzea izan zen. Hala, hiztunek euskararekin zer-nolako harremana nahi zuten ezagutu nahi zen. Horretarako bi dinamika aurreikusi ziren. Gazta-tertulia eta “Ollerias-Museo de Alfareria Vasca” egitasmoarekin lankidetzan antolatutako Buztingintza Tailerra.

Laugarren fasea: bukaerako emaitza eta aurkezpena. Fase honetan prozesu osoan jasotako materialak antolatu, aztertu eta landu dira. Ondorio guztiekin txostena osatu da.

Martxoaren 29an, Legutioko Kultur Etxean, ikerketaren emaitzak herritarrei aurkeztu zaizkie. Jone Miren Hernandez, Josu Ozaita eta Olatz Altuna ikerlariek bertatik bertara ezagutarazi dituzte ikerketaren ondorioak.

Ikerketaren emaitzen txostena eta aurkezpen-saioan erabilitako aurkezpen-dokumentua ikusgai daude:

BI ASTEAN BEHIN
ZURE EMAILEAN